Brain, body & self (Garuna, gorputza eta norbera) izeneko laborategiko buru da Henrik Ehrsson. Laborategiaren izenak kutsu esoterikoa izan badezake ere, Karolinska Institutuaren Neurozientzia Sailaren barruan dagoela jakiteak susmo guztiak uxatzen ditu. Gainera, egia da Ehrssonen ikerketak deigarriak direla eta, ilusionistek bezala, irudikapenekin jokatzen duela, baina erabiltzen duen metodologia erabat zientifikoa da, eta lortzen dituen emaitzak, oso baliagarriak garunaren, gorputzaren eta inguruaren arteko elkarrekintza nola gertatzen den ulertzeko eta pertzepzioaren ahalmena eta mugak ezagutzeko.
Ehrssonek azaltzen duenez, haren laborategian egiten dituzten ikerketen xedea da jakitea nola eta zergatik sentitzen dugun "gure gorputza geurea" dela. Gutxitan sortzen zaigu kezka hori, normalean ez baitugu zalantzarik izaten mugitu nahi dugun gorputz-atala mugitzeko, edo, besterik gabe, gure burua gure gorputzaren jabe dela sentitzeko. Baina zenbait gaixotasun edo nahastetan, gorputzaren eta buruaren arteko etenak gertatzen dira. Adibidez, hilzorian izan eta bizitzara itzuli diren batzuek kontatzen dute beren burua beren gorputzaren gainean flotatzen ikusi dutela; eta antzeko bizipenak izan dituzte gaixo neurologiko batzuek. Beste adibide bat gorputz-adar mamua da: pazienteak mina sentitzen du galdu duen gorputz-adarren batean. Adibide horiek erakusten dute norberaren gorputzarekiko kontzientzia zuzena izatea ez dela berezkoa, baizik eta eraikia.
Hala, kontzientzia hori nola eraikitzen den ezagutzea dute xede Ehrssonek eta haren lankideek. Zehazki, nahi dute jakin nola bereizten eta batzen dituen nerbio-sistema zentralak gorputzaren seinaleak eta ingurutik iristen zaizkion seinaleak. Horrez gain, horretarako baliatzen dituen mekanismo multisentsorialak identifikatu nahi dituzte.
Helburu horrekin, neuro-irudigintza, elektrofisiologia eta portaera-teknikak erabiltzen dituzte boluntarioekin. Epe luzera, "norberaren buruaren irudikapenaren eredua" sortzea da haien asmoa. Baina ez dituzte baztertzen aplikazio kliniko eta industrialak. Ehrssonen esanean, norberaren burua kanpoko objektuetan proiektatzeak bide berri bat irekitzen du, besteak beste, gizakiaren eta makinaren arteko elkarrekintzan, robotikan eta informatikan.
Ehrssonen ikerketa-ildoa 2007an egin zen ezagun, Science zientzia-aldizkari entzutetsuan argitaratutako artikulu bati esker: The experimental induction of out-of-body experiences (Gorputzetik kanpo sentitzeko esperientzia eragitea esperimentu bidez , gutxi gorabehera).
Artikulu hartan, Ehrssonek erakutsi zuen posible zela nork bere burua gorputzetik kanpo sentitzeko ilusioa sortzea boluntario osasuntsuetan. Horren bitartez, gorputzean kokatuta egotearen sentsazioan pertzepzioek zuten eragina frogatu nahi zuen; bereziki, ikusizko perspektibak eta gorputzaren kitzikapen multisentsorialak.
Artikuluan azaldutako esperimentuak bi zati zituen. Lehenengoan, bi kamera, irudiak erakusten zituzten betaurreko batzuk eta bi makilatxo erabili zituen. Boluntarioak aulki batean eserarazten zituen, eta kamera bikoitza haien atzean zegoen; bi metro atzerago, hain zuzen. Kamerek boluntarioaren irudiak jasotzen zituzten, atzealdetik, eta irudi horiek betaurrekoetan proiektatzen zituzten. Hala, boluntarioek beren burua beren gorputzaren atzean egongo balitz bezala ikusten zuten.
Horrekin batera, ukimenezko estimuluak ere erabili zituen Ehrssonek garunaren eta gorputzaren arteko harremana kolokan jartzeko: makilatxo batekin boluntarioaren bularra ukitzearekin bat, beste makilatxoarekin boluntarioaren gorputz birtuala --bi metro atzerago zegoen hura-- ukitzeko itxura egiten zuen. Hartara, boluntarioak makila bere buruaren atzean zegoen gorputza ukitzen ikusten zuen, eta, une berean, bularrean ukitzen zutela sentitzen zuen.
Egoera horretan, boluntarioek adierazi zuten beren burua gorputzetik kanpo sentitu zutela, eta ilusioa guztiz erreala zela iruditu zitzaiela. Sentipenaren indarra eta benetakotasuna erakusteko, esperimentuaren bigarren zatia baliatu zuen Ehrssonek: boluntarioaren gorputz birtuala mailu batekin jotzeko itxura egin zuen. Emaitza: boluntarioa zeharo beldurtu zen, eta horixe erakutsi zuten larruazalaren eroankortasuna neurtzeko jarri zizkioten sentsoreek.
Ehrssonen arabera, norberaren gorputzaren barnean sentitzeko prozesuaren "oinarrrizko informazioa" ematen du esperimentu horrek. Batetik, frogatzen du ikusizko informazioa funtsezkoa dela gure gorputza inguruarekiko non dagoen jakiteko, eta halaber informazio hori gakoa dela sistema propiozeptibotik jasotzen den pertzepzioa egokitzeko (gorputzaren kokapen erlatiboa zein den jakiteko larruazalak, muskuluek eta giltzadurek bidaltzen dituzten seinaleak dira sistema propiozeptiboa). Bestetik, erakusten du nahikoa dela seinale multisentsorialak eta ikusizkoak sinkronizatzea, norberaren gorputzetik kanpo egotearen irudipena eragiteko.
Handik aurrera, Ehrssonek arlo horretan sakontzeko esperimentuak diseinatzen eta egiten jarraitu du. Esaterako, "gomazko eskuaren ilusioa" sortu du, eta baita hiru eskuren jabe izatearena ere.
Bietan, beso protesikoak erabili ditu, egiazkoen antzekoak. Lehenengoan, boluntarioaren beso eskuina ezkutatzen zuen pantaila baten atzean, eta, haren ordez, agerian jartzen zuen gomazko besoa. Gero, bi besoak, gomazkoa eta egiazkoa, eskuila batekin igurzten zituen aldi berean. Hala, boluntarioak gomazko besoa igurzten ziotela ikusten zuen une berean sentitzen zuen ukimenezko sentsazioa. Horren ondorioz, gomazko besoa berea zuela iruditzen zitzaion.
Gainera, frogatu zuen beharrezkoa zela ukituak sinkronikoak izatea irudipena sendoa izateko; bestela, boluntarioa trikimailuaz ohartzen da, eta ez du sinesten gomazko besoa berea duenik. Gauza bera gertatzen da besoa zuzen egon beharrean 90-180° biratuta badago.
Hiru eskuren jabe izatearen irudipena antzekoa da; kasu horretan, baina, ez zuen ezkutatzen boluntarioaren esku eskuina; hirurak uzten zituen begien bistan. Jarraian, bi esku eskuinak batera ukitzen zituen eskuilarekin. Pentsatzekoa da garunak bereiziko dituela norberaren besoan jasotako estimuluak eta gomazko besoari egindakoak; ez da hala gertatzen, ordea, eta hiru beso dituela onartzen du.
Esperimentu horretan, 154 boluntario osasuntsuk parte hartu zuten, eta, frogatzeko beso protesikoa berena zela sentitzen zutela, ikertzaile batek beso protesikoa mehatxatu zuen sukaldeko aizto batekin. Boluntarioen erantzun fisiologikoa egiazko besoa mehatxatzean emandakoaren parekoa izan zen: beldurra eta estresa sentitu zuten.
Ehrssonen taldeak beste pauso bat ere eman zuen, eta, boluntarioak irudipenaren pean zeuden bitartean, haien garunaren jarduera aztertu zuten, erresonantzia magnetiko bidez. Hala, ikusi zuten garuneko eremu multisentsorialen jarduera areagotu egiten zela hiru esku edukitzearen irudipena izatean; adibidez, kortex premotorrean eta parietalean, eta jarduera zuzenean erlazionatuta zegoela irudipenaren sendotasunarekin.
Ikertzaileek adierazi zutenez, ikerketaren emaitzak baliagarriak izan daitezke protesiak erabili behar dituzten pazienteen sentsazioak hobetzeko, eta gorputz-adar mamuaren sindromea tratatzeko.
Esperimentu horien ondoren, Ehrssonek harago jo zuen: garunak bere gorputzetik kanpo egotea eta hiru besoren jabe izatea onartzen bazuen, onartuko al zuen beste gorputz baten barruan egotea? Hori probatzeko, maniki bat erabili zuen.
Manikiaren buruan bi kamera jarri zituen. Manikien begiak balira bezala, kamerek manikiaren inguruko irudiak jasotzen zituzten. Boluntarioei, berriz, pantailadun betaurreko batzuk jantzi zizkien; hain zuzen, pantaila horietan proiektatzen zen manikiaren begiek ikusitakoa (kamerek jasotakoa, alegia).
Trikimailu horri esker, boluntarioek berena balitz bezala ikusten zuten manikiaren gorputza. Hala ere, irudipen hori askoz sendoagoa zen ukimenezko estimuluak jasotakoan: eskuaren ilusioan bezalaxe, Ehrssonek manikia eta boluntarioaren gorputza ukitu zituen aldi berean; eta orduan, bai: boluntarioek manikiaren gorputzaren barruan harrapatuta ikusi zuten beren burua.
Dena dela, boluntario guztiek ez dute iruzurra sinesten. Ehrssonen ustez, gorputz-adarren gaineko kontrol handia duten pertsonak, hala nola dantzariak edo musikariak, sinesgogorragoak dira beraren esperimentuetan parte hartzen duten ikasleak baino. Hala ere, garunak ziria sartzen die bostetik lauri.
Azkenaldian egin dituen ikerketetan, inguruaren pertzepzioan gorputzaren neurriak zer eragin duen aztertu du Ehrssonek, eta Being Barbie: the size of one´s own body determines the perceived size of the world izeneko artikuluan plazaratu ditu emaitzak ( Barbie izaten: norberaren gorputzaren neurriak baldintzatzen du munduaren neurria , gutxi gorabehera).
Ikuspuntu tradizionalaren arabera, ikusmenak eta begiaren egiturak eta funtzionamenduak baldintzatzen dute inguruarekiko dugun pertzepzioa. Ikertzaile batzuek, baina, ikuspuntu ekologikoa proposatu dute. Haien ustez, batek inguruarekin duen elkarrekintzak ere eragiten du inguruaren pertzepzioan, neurri batean bada ere.
Bigarren hipotesi horren barruan gorputzaren neurriak duen garrantzia frogatu nahian, Ehrssonek esperimentu-sorta bat egin du, manikiarekin egindako esperimentuan oinarrituta. Horretarako, hainbat neurritako panpinak erabili ditu: Barbie bat, 80 cm-ko panpin bat, 180 cm-ko bat eta 400 cm-ko bat.
Barbie panpina bezain txikia den gorputz baten jabe izatearen sentsazioa sorraraztea posible ote den ikusteko erabili du. Eta bai; manikiaren esperimentuan bezala, ikusizko eta ukimenezko estimuluak jaso ondoren, boluntarioek Barbie baten neurrikoak direla sinetsi dute. Haien esanean, irudipena ez zen haiek txikiak zirela, baizik eta inguratzen zituen mundua handia zela.
Beste hiru neurrietako panpinekin, irudipen hori erreala dela frogatu du. Panpina zein neurritakoa den --norberaren gorputza zein neurritakoa sentitzen den--, ingurua handiagoa edo txikiagoa dela iruditzen zaie boluntarioei: ingurua erraldoia da norbera 80 cm luze bada, eta oso txikia, 4 metrokoa bada.
Artikuluan, ikerketak izan ditzakeen aplikazioak ere aipatzen ditu Ehrssonek. Haren ustez, bide interesgarria irekitzen du robot humanoideen eta simulatutako gorputzen jabe sentiarazteko. Adibidez, zirujau batek bere burua mikrorobot baten lekuan ikus dezake, eta pazientearen gorputzaren barruan balego bezala egin ebakuntza. Edo ingeniari batek robot humanoide erraldoi bat dela senti dezake, eta irudipen horrekin konpondu itsas hondoko petrolio-plataforma.
Aplikazioek zientzia-fikziozkoak dirudite, bai, baina inori hiru beso dituela sinetsarazteak ere ez zuen erraza ematen. Bitartean, Ehrssonek bere esperimentuekin jarraitzen du.