Esan bezala, landare bakoitzean zati ezberdina aprobetxatzen dugun arren, denak ere oso antzekoak dira osagaietan. Guztietan zati handiena (% 90 inguru) ura da, eta oso energia gutxi (20-40 kcal soilik 100 g-ko) badute ere, gatz mineral eta bitamina-dentsitatea izugarria da. Horregatik kontsideratzen dira barazkiak janari erregulatzailetzat, eta ez plastiko edo energetikotzat.
Beren karbohidrato-kopurua % 12 baino gutxiagokoa da eta gehienak glukosa, fruktosa eta sakarosa moduan daude. Aipatzekoak dira duten zuntz-kopuru eta -motak. Denboraldiko lehenengo landareen zuntza biguna izaten da eta horiek bere horretan gordinik ere jan daitezke. Amaierakoena berriz, askoz gogorragoa denez, erraz digeritzeko beharrezkoa izango da egosi edota birrinduta hartzea.
Ez dute ia koiperik eta proteina-kopurua ere oso urria da, proteina gehienak propietate bereziko entzimak direlarik. Adibidez, alkotxofak duen zinarina, bilisa jariatzea eragiteaz gain, gibel, behazun eta giltzurruneko arazoetako sendagarritzat hartzen da. Beraien gatz mineral eta bitamina-kopuru horiek behar bezala mantentzeko, ezinbestekoa da aholku batzuk betetzea. Barazkiak erosi eta ahal den azkarrena kontsumitu behar dira. Baporean eginez ia ez dago galerarik, baina egosten baditugu, ur gutxi erabili eta ura irakiten ari denean bota eltzera. Presioan zenbat eta denbora gutxiagoan egon (2-3 minutu orriak diren barazkiak eta 5-8 minutu gainerakoak), galerak hainbat eta urriagoak izango dira. Bitaminak mantentzeko ingurune egokia azidoa da. Horregatik kontu izan barazkien kolorea bizitzeko bikarbonatoa gehitzeko ohitura horrekin; honek sortzen duen ingurunea basikoa baita, bitaminentzat kaltegarria. Azkenik, entsalada prestatu bezain azkar jan, eta mahaian denbora igaro behar badu, ozpina edo limoi-tanta batzuk bota, bitaminak manten daitezen.
Azkenik, kontuan izan gure bitamina, gatz mineral eta zuntzez ditugun premiak asetzeko ezinbestekoa dela modu batera edo bestera, (baina beti ere bitaminak gordetzeko aholkuei jarraituz), gure dietan barazkiak egunero sartzea.