Herri honen hiririk garrantzitsuena, 1320. urtean eraiki zuten: Tenotxtitlan, egungo Mexiko sakaneko garrantzitsuena zelarik. Tenotxtitlan hirira iristeko, Aztekarrak 300 bat urteren buruan Kolorado ibaia dagoen lurraldeetatik, poliki poliki hegoalderantz mugitu omen ziren, gaur egungo Mexiko hiriburualdean dagoen aintziraraino iritsi arte. Bidaia honetan aztekar Herriaren arbasoek (toltekar, olmekar, zapotekarrek) beste herri batzuk eraiki zituzten funtzio ezberdinekin, hots: TULA (herri administratiboa) eta MITLA (heriotzaren herria). Azteka hitzak zera esan nahi du: “Aurpegi ezezaguneko jendea”.
Nomada eta mertzenari bezala bizi ziren, Mexiko sakaneko beste herri “zibilizatuek” barbarotzat kontsideratzen zituztelarik. 1500. urterako, inguruko boteretsuenak ziren eta beste herrien kultura, sinesmen eta egitura sozialak menperatuak eta bereganatuak zituzten. Moktezumarekin, errege filosofoarekin, lortu zuten beren kulturaren gailurra eta espainiarrak iristean etorriko zen hondamena. Zer dela eta aztekarren arbasoek utzi behar zituzten Kolorado ibaiaren inguruko lurralde aberats eta emankorrak, basamortu batean zehar hainbeste urtetan ibiliz? Beraien mitologiak ematen dizkigu argibide batzuk.
Herri honen historia, seguraski ezagunagoa dugu eta dirudienez, Jakob-en semeen garaian, hau da, K.a. 1700. urtean, HIKSOS herriak bere migrazioan bereganatu zuen garai hartako Egypto, hauekin batera, Judu-Herria ere laguntzaile gisa finkatzen delarik. 600 urte bizi izan ziren han, eta Egyptoko herriak hiksostarrak bidaltzea lortu zuenean, juduak ez ziren joan haiekin. Baina egyptiarrek begikoa zieten eta horregatik lan eskerga eta astunak egin behar izan zituzten Ramses-en eraikuntza erraldoietan.
Moise-rekin batera etorri zen Herri honen askatasuna eta Itsas Gorria zeharkatuz, Transjordania-raino iritsi ziren, beraien Jainko Yahve-k eskainitako Kanaa-ko lurraldera. Teoria batzuek diotenez, Neolitos Garaia hasterakoan han bizi izan ziren juduak, arraza semitarraren adar bat zirelarik, eta Aro berri honetan izan ziren lehorte izugarriak medio, beste Herri batzuekin batera migrazioari ekin zioten. Hegoalderantz, hau da: Egyptora. Beraz, 1000 urteren buruan, joan-etorriko bidaia egin zuten.
Juduak nomadak ziren, aztekarrak bezala, baina ez mertzenariak. Historian beti aurkitzen ditugu beste Herri nagusiago baten bizitzari lotuta. Nazio bezala, Kanaa-n finkatu ondoren loraldi bat ezagutu zuten Salomon erregearen agindupean, baina, beste arazo batzuen artean erromatarrak etorri zirelako maldan behera eroriko zen. Herri hau, beti egon zen, eta dago, etengabeko burrukan bere inguruko leinukoekin (kananeo, filisteo, etab.ekin).
Nahiz eta aztekar Herriaren erlijioak jainko ezberdinak izan (Keatzalkoatl, Heriotz-ispilua, Sumendietakoa, etab.), garrantzitsuena, eta bidaia hau adierazteko erabiliko duten jainko bakarra, Eguzkiarena eta Gerrarena da: HUITZILOPTXTLI.
Jainko hau txori baten bidez mintzatu zitzaien aztekarren arbasoei Kolorado-ko lurraldeetatik alde egiteko esanez. Arrazoia dirudienez zera zen: etsaiak gero eta gertuago zituztela; beste leinu migratzaile boteretsuagoren bat seguraski. Nora joan behar zuten? Aintzira baten urek bainatzen zuten haitz batera, zeinean kaktus eta arrano handi bat egongo zen hegoak zabalik eta suge bat ere bai bere hanketan. Hau da egungo Mexikoren armarria. Horretarako, 2.100 km egin zituzten 300 bat urteren buruan.
Biblia Santuak arrazoi erlijioso bat agertzen du Bidaia honi hasiera emateko. Yahve jainkoak, Herri honek Egyptoren azpian zuen sufrimendua ikusiz, herri Santutzat AUKERATU zuen eta lurralde oparo bat eskaini zion, bitartean froga-piloa pasarazi ziolarik.
Egyptiarren historian badira, hala ere, beste datu batzuk. Adibidez, Juduek seme-alaba asko zituztela aipatzen dute eta emagin egyptiarrei jaiotako seme judu guztiak hiltzea “gomendatzen” zieten; alabak aldiz, ez. Dirudienez, bazegoen halako alarma bat demografiaren aldetik. Juduen hazkuntza nabaria zelako eta hura izan zitekeen nolabaiteko arriskua Egyptoko herriarentzat egunen batean. (Gaur egun beraiek arazo berbera dute palestinoekin). Biblia Santuan, NUMEROS 26,2, atalean 12 leinuak zenbatzerakoan, 601.730 direla diote hogei urtetik gorakoak eta gerrarako balio dutenak.
Zenbaki hauek nahikoa adierazgarriak dira. Hala ere, datu hauek guztiz benetakoak direla ezin da onartu, zeren bestela edozein zibilizazioko armadarik nagusienetarikoa zela onartu beharko bait litzateke. (Konparazioa eginez, Alexandro Haundiaren armadak 40.000 oinezko eta 7.000 zaldun zituen).
Egypton bizi zen bitartean, badirudi herri geldikor eta baketsua zela, baina Exodoa aurrera zihoan heinean, Moisek bere Herria “militarki” antolatu zuen “zenturia eta milizia”ren sistema erabiliz. Horregatik, nahiz eta israeldarren garaipenak Inperioen artekoak bezain entzutetsuak izan ez, bere indar eta trebezia militarrak kontutan hartzekoak ziren. Biblian aipatzen denez, 60ren bat herri edo hiri irabazi edo menperatu zituzten. Yahve-k israeldarrei, aurkitzen zituzten herri idolatra guztiak birrin zitzatela ANATEMA erabiliz esaten zien, hau da: hil egin behar zituzten ume, emakume eta gizon, eta halaber abere guztiak. Ez zegoen barkaziorik. Beraz, Yahve, esan dugun bezala, gehienetan Jainko gudazale eta anker agertzen zaigu eta bere Herria aukeratu eta Santu bezala.
Huitziloptxtli: Eguzkiaren Jainkoa zen, hau da, Jainko sortzaile eta emankorra, baina baita gudaria ere. Aztekar herriak hasieran mertzenari ziren eta toltekarrek, beren aurrekoek, gudari menderagaitz eta ankerren ospea zuten.
9. Herri guztiek eskaintzen diete beren Jainkoei zerbait. Aztekar herriak konkistatzaile espainolak iristerakoan pertsonen bihotza eta odola eskaintzen zioten beren Jainko nagusiari, hark bizirik segi zezan. Hau izan da beti leporatu zaien “bekatua”.
Bekatuak alde batera utziz, kontutan hartu behar da ohitura hau herri honen historian nahikoa berria zela: Seigarren errege aztekarraren garaian hasi zen, eta bere arbaso zen toltekar herriak, Jainko berberari ez zion giza bizitza eskaintzen; loreak, tximeletak eta sugeak baizik.
Juduek aldarean abereak hiltzen zituzten eskaintza gisa eta haien odolez baretu nahi zuten Yahve Jainkoa.
10. Esan daiteke bestetik, ezinezkoa dela Biblia Santuak eskaintzen dituen datu zehatz eta oparoak eta ahoz-aho jasotako nolahalako istorio mitologikoa konparatzea.
Bibliak idatziz halako antolakuntza sozial eta morala ematen baditu eta aztekar herriaren mitologiak ez, horrek ez du esan nahi azken hauek ez zutenik, zeren ongi frogatua bait dago espainolak Mundu Berrira (eta Tetxnotikan-era bereziki, aztekarren bihotzera) iritsitakoan harrituta gelditu zirela haien antolakuntza eta jakinduriaz.
Idazkera, marrazkien bidez adierazten zuten, kode matematikoak, egunak eta hilabeteak finkatzeko ere erabiliz.
Gizartea mailakaturik zegoen lanbideen arabera. Eraikuntza arkitektonikoek, ur kanaliztapenek, aintzira baten erdian zegoen herri nagusia komunikatzeko erabiltzen zituzten zubiek eta galtzadek, Herri aurreratuak zirela erakusten zien.
Beraz, ikur hauen azalean gelditzen bagara, ez dugu ezer baliokorik kausituko, baina funtsean hain urruti dauden bi Herri hauek (beste askorekin gertatzen den bezala) beren Jainko, errito eta sinesmenekin, funtzio berberak edo antzerakoak betetzen dituztela erakusten digute eta azken batean edozein gizakiren beldur eta nahiak, bizilekuak eskaintzen dion inguruaz baldintzaturik daude.
ISRAEL-ek, Yahve-k aukeratutako herri Santuak, egindako EXODO-aren mugak.