Gure artean ohikoena azalore zuria dugun arren, bada erromanesko izeneko barietate bat, berde kolorekoa. Azalore zuria biribila izan ohi den bezala, erromaneskoak piramide itxura du. Merkatuan neguan eta udaberrian aurki dezakegu azalorea.
Ikuspuntu nutritibotik aztertuz gero, gainontzeko barazki guztien antzera, ur asko du, karbohidratoak % 3, zuntza % 2, proteina apur bat eta koiperik ez. Proteina gutxi duen arren, purina motakoa denez, azido uriko hondakinak sorrarazten ditu. Beraz, ez da gomendagarria substantzia horrekin arazoak izaten dituzten pertsonentzat. Nutriente erregulatzailetan oso aberatsa da: C bitamina, azido folikoa eta B1, B2 eta B6 bitaminak ditu. Gatz mineraletan aipatzekoak dira: potasioa eta fosforoa eta, neurri txikiagoan bada ere, kaltzioa, burdina eta magnesioa. Barazki gehienek bezala, kruziferoek, eta bereziki azaloreak, minbiziaren aurkako substantzia fitokimikoak dituzte; glukosido sulfuratuak besteak beste.
Azaren familiakoen artean digeritzen errazena dugunez, bereziki gomendagarria da zenbait egoeratan: urdaileko, giltzurruneko eta bihotzeko gaixotasunetan batez ere. Zelulosa ugari duenez, hesteetan haize asko izan ohi duten pertsonei ez zaie komeni azalorea, ezta behazunean harriak dituztenei ere, azaloreak pisutasuna sor baitezake.
Azaren familiako barazki guztiek bezala, sufre-kopurua dela eta, usain berezia du egosterakoan. Sukaldean, bada usain hori gutxitzeko modu bat: egosterakoan patata gehitzea, hain zuzen ere. Azalorea prestatzeko modurik egokiena lurrunetan edo labean egitea da. Hala ere, azalorearen propietate guztiak aprobetxatzeko modurik egokiena gordinik hartzea da. Horrela jatea oso zaila denez, hona hemen ausartenentzat azalorearekin prestaturiko zuku bat; osagaiak hauek lirateke:
Lau osagai horietatik azalorea eta perrexila dira C eta B taldeko bitaminetan aberatsenak. Azenarioak eta sagarrak ere mantenugai ugari dituzte, baina batez ere zukuari zapore gozoagoa emateko erabiltzen dira. Azaloreak dituen propietate guztiak aprobetxatzeaz gain, estres-egoera nekagarrietan lagungarri izango zaigu zuku hori.