1999ko urrian, 6.000 milioigarren bizilaguna jaio da munduan nonbait. Baliteke Londreseko ospitale batean gertatu izana, baina ziurrenik Sao Paulo-ko favelaren batean edo Kalkutako auzoren batean gertatuko zen. Nazio Batuek bere jaiotza-datatzat ofizialki urriaren 12a izan dela onartuko dute.
12 urte baino ez dira 5.000 milioi bizilagunen muga gainditu genuela. Horregatik, gertakizun horri "populazioaren eztanda" edo "hondamen demografikoa" eta antzeko oharrak gehitu zaizkio. Baina mota horretako iragarkiak baztertu, diote demografoek, eta ikusiko duzu luze baino lehen munduko populazioa nola murriztuko den.
Ikuspuntu honen arabera, populazioaren maximoa XXI. mendean gertatuko da, eta gero jaisten hasiko da. Beraz, oraingo gazteei ume gutxiago edukitzeko aholkua ematen zaien arren, beren bilobek aurrera jarraitzeko eta ugaritzeko bultzada izan dezakete.
"Azken bost urteotan emankortasunak munduko leku gehienetan galdu du balioa" dio heretikoetako batek, Wolfgang Lutz populazioari buruzko ikerketaren buruak, (Austria) Laxenburg-eko Sistema Aplikatuen Analisirako Nazioarteko Institutuan. "Aldaketa guztiek populazioaren joera murriztailetara jotzen dute". Azken joera guztietan populazioaren hazkuntza eten egin da eta beste aldera joko du, gutxi gorabehera, hemendik 70 urteko epean. Joera hori goranzkoa izan da Europako populazioaren herena garbitu zuen XIV. mendeko izurritetik aurrera.
Giza populazioaren murrizketaren aztarnak eraikitzen ari ziren azken urteetan. Berrogeita hamargarreneko hamarkadan, munduan emakumeek batez beste bost ume izaten zituzten. Orain, ordea, emakume bakoitzak 2,7 ume ditu. Azken hamarkadan urte bakoitzeko gehikuntza 90 milioitik 78 milioira erori da. Eta populazioaren alderdi batean, zenbaki absolutuak txikiagotzen ari dira. 1990. urtean, bost urte baino gutxiagoko 623 milioi lagun zeuden. 1995. urtearen inguruan, 614 milioi besterik ez. Adin-espektroan zehar heda daitekeen joeraren hasiera izan liteke.
Demografoek beherakada iragarri zuten. Baina iragarri zutena baino azkarrago eta orokorrago gertatzen ari da. Azken hiru urteetan, Nazio Batuen estatistikariek etorkizuneko populazioen proiekzioak bitan txikiagotu dituzte. Azkeneko aldian, joan den urtearen bukaera aldera, "6.000 milioien eguna" bi aldiz bota dute lau hilabete atzera eta 2050. urteko populazioaren egiten den iragarpena 500 milioi lagun gutxiagokoa da, 9.400 milioitik 8.900 milioira jaitsiko delarik.
Aldaketa horien arrazoi nagusia emankortasun-tasa jaistea da, garatzen ari diren lurraldeetan, batez ere. Afrika eta Asian ehunka milioi pertsonek, familiako lagun-kopurua urrituta, iragarpenen aurka jo dute. Jaiotza-kontrol zorrotzarik gabe, "demografi trantsizioa" oparotasun eta alfabetatze-maila handiko lurraldeek soilik gurutza zezaketela esan ohi zen. Kontzeptu hori demografoek erabiltzen dute familia txikiagoak eta populazio egonkorrak aipatzeko.
1990eko hamarkadan hainbat lurraldek ideia hori gezurtatu egin du. Bangladesh egoera latzean egon zen garai batean. Baina han hamarkada batean jaiotza-tasa 6,2 ume emakumeko baliotik 3,4 balioraino jaitsi da. Nahiz eta lurralde pobrea eta alfabetatu gabekoa izan, jaitsiera hori antisorgailuei esker lortu du. Afrikako zenbait lurraldetan ere, jaiotza-tasak oraindik oso altuak badira ere, azkar jaisten ari dira antisorgailuak maizago erabiltzen diren heinean.
Lester Brown Washington DCko Worldwatch Institutuko zuzendaria Beyond Malthus izeneko populazio-azterketa berri baten egilea da. Brown gainpopulatutako etorkizunari buruzko ikuspegi apokaliptikoagatik da ezaguna. Hark ere onartzen du: "Demografoak askotan harrituta gelditu dira gaur egungo munduko bikoteek aukeratutako ume-kopuruaren murrizketa ikusita".
Populazioaren hazkuntzak bere alderdi iluna badu. Afrikan Saharaz hegoaldeko herrietako heriotza-tasak handiagotzen ari dira GIB birusaren eraginez. Lurralde batzuetan populazio helduaren laurdena kutsatuta dago. Joan den urtean, AEBetako Errolda Bulegoak kalkulatu zuen bizi-itxaropena Bostwanan 62 urtetik 40 urteraino eta Zimbabwen 61etik 39raino erori zela. Afrikako hiesaren eraginaren adierazgarri handienetako bat da Nazio Batuek Zimbabwen duten populazio-agentziakoei lanorduetan hileta-kopurua mugatu zaiela. Orain asteko bakarrera joan daitezke.
Brown-ek honakoa dio: "Mundua bi zatitan banaturik dago: bata, populazioaren hazkuntza emankortasuna jaistearekin batera murrizten doana eta, bestea, hazkuntza heriotza-tasa handitzearekin batera gelditzen ari dena".
Hiesaren pandemiaren pronostikoa zein den ez dago garbi: hurrengo hogei urteetan garatzen ari diren lurraldeetarako txerto egokiak, zientziak zein abiaduratan horni dezakeenaren menpe dago. Hala ere, emankortasun-tasak iragartzen errazagoak dira. New Yorkeko Nazio Batuen populazio-dibisioaren arabera, emankortasun-tasak 2,1eko epe luzeko ordezkatze-mailatik behera 61 herrialde daude. Besteak beste, Europa osoa, Karibea eta Ekialdeko Asia, Txina barne. Amerikako emakumeek batez beste 2 ume dituzte, britainiarrek 1,7 eta herrialde katolikoetan, adibidez, Italian eta Espainian, maila 1,2ko balioan dago.
Nazio Batuetako prestigio handiko zenbait demografok esan du ildo horrek ezin duela jarraitu eta emankortasun-tasek berriro goraka joko dutela. Ez da azalpen xeherik ematen horrelako pentsamoldeak defendatzeko; batzuek, dena den, gaurko emakume asko umeak izatea atzeratzen ari den argudioa plazaratzen dute. Burutazio horietan oinarriturik, Nazio Batuek XXI. mendearen bukaera aldera populazioa 10.000 eta 11.000 milioi bitartean finkatuko dela iragartzen dute.
Pennsylvania State Unibertsitateko Warren Robinson-ek, ordea, honakoa dio: "Hurrengo belaunaldietako bikote guztien batezbesteko asmoa ordezkatze-maila betetzea izango dela pentsatzeak fede handia eskatzen du."
Eta Nazio Batuen epe laburreko iragarpenetan ere 10.000-11.000 bitarteko ideiaren zalantzaren kutsua igartzen da. World Population Prospects-eko 1998. urteko azterketan hemezortzi herrialdek, Errusia eta Japonia barne, 2050erako populazioaren % 15a galduko duten susmoa agertzen da. Horrelako azterketek populazioaren urritzearen ideia sustatzen dute. Bi urteko epean, 2050erako Bulgarian espero den populazioa 7,8 milioitik 6,7 milioira jaitsi da. Gaur egun 8,3 milioiko populazioa du.
Nafis Sadik, Nazio Batuko Populazio fundazioaren zuzendari exekutiboak irailean hauxe onartu zuen: "Behin urritzen hasiz gero, historia osoan jaiotza-tasa gorakorra epe luzean izan duen lurralderik ez da egon." Lutz-ek 2070. urtearen inguruan populazioa urritzen hasiko dela iragartzen du. Nazio Batuetako demografo asko ados dago. Eta oihartzun txikiagoa du Nazio Batuen beherako proiekzioak; azkenekoan irakurketa neurritsua egin dute. 2040. urtean populazioak maximoa izango du, 7.700 milioi lagunen ingurukoa, eta handik aurrera epe luzeko urritzean murgilduko dela. 2100. urtearen inguruan oraingo 6.000 milioi laguneko egoerara itzul liteke eta 2150. urterako proiekzioa 3.600 milioikoa da.
Hogeigarren mendeak demografi eztanda eman digu. Hogeita batgarrenak kontrako prozesuaren hasiera ikus lezakeela ematen du. Aldaketa demografiko horien epe laburreko ondorioa populazio adinduna ugaltzea izango da. Txina, 1980. urtean hartu zuen ume bakarreko familia-politikarekin, lehenengoa da populazioaren adintze-prozesuan. Oraingo joeren arabera, 2030. urtearen inguruan munduaren historiako populaziorik zaharrena izango du. 2050aren inguruan, herrialdeak 75 urtetik gorako 150 milioi lagun izango ditu.
Jadanik Europan bost lagunetik bat 60 urtetik gorakoa da. Baina populazioa oraindik gehiago zaharkituko da. Hurrengo mendearen bukaeran Europako biztanlegoaren erdia 60 urtetik gorakoa izan daitekeela dio Lutz-ek. Ondorio ekonomikoak handiagoak izango dira.
Futurologo batzuek osasunerako teknologia berriek eta aisiarako hurbilketa kreatzaileek hori konpentsatu baino gehiago egingo dutela uste dute. Baina askoren ikara hau da: adintze-prozesuak, populazio orokorra urritzearekin batera, herrien energia eta gizarte-zerbitzuak agortu egingo dituztela, ideia berritzaileak eta dinamismoa desagertaraziz eta gizarte gris eta konformista sortuz. Bestela esanda, giza inperioaren erorialdia.