Arriskuei aurre egiteko eta gainerako apoekiko lehia saihesteko, ezaugarri atletiko bereizgarriak garatu zituen apo lasterkariak: hanka ohi baino motzagoak eta ezohiko bizitasuna. Ezaugarri horiek distantzia txikietako abiadura handiko korrikalari bihurtu zuten. Horrek lehen hozkada eragozteko gaitasuna ematen dio apoari; beharbada, baita bigarrena saihesteko eta ondoren inguruko azaleko putzu batera jauzi egiteko ere. Zorte pixka batekin, harrapariak muzin egingo dio uretan sartzeari.
Ihes egiteko ez ezik, beste egoera batzuetan ere egiten du korrika. Adibidez, itzal bila harriz harri --plastikotik adreilura gaur egun-- ibiltzeko. Izan ere, eremu ireki eta eguzkitsuetan bizi da. Nolanahi ere, korrika egitea espeziearen ezaugarri bilakatu da.
Lasterka etorriko zen, seguru asko, Europara ere. Asiakoa da jatorriz, baina egun Europako mendebaldean bizi da, eta iberiar penintsulako klima mediterraneoa du gustukoen. Hala ere, klima heze eta freskoagoak dituzten aldeetan ere aurki daiteke, bai eta latitude garaiagoetan ere. Iparraldetik sartu zelako da hori, eta penintsulako klima aldakorra delako. Populazio horiek, hain zuzen ere, balio handikoak dira iberiar penintsulan.
Euskal Herrian bi eremutan bizi da apo lasterkaria; oso egoera desberdinetan bizi ere, bizidun-kopuruari eta hartutako azalerari dagokienez. Ebroko erroan populazio arrunta --mediterraneoa-- bizi da, osasuntsu itxuraz. Kostaldean, berriz, Kantauriko populazioa bizi da, egoera kaskarrean. Horregatik, kostaldeko apo lasterkariak gure arreta guztia eskatzen du --kudeaketa-neurri egokiak, adibidez--, bizirik irautea nahi badugu.
Garai batean azalera handiagoa estaliko zuen, seguru asko, baina gaur egun bi gune txiki eta isolatutan soilik bizi da: Getxoko Gorrondatxeko hondartzan eta Txingudin, zehazki Plaiaundiko Parke Ekologikoko eta Jaitzubiako padura txikietan (Irunen eta Hondarribian). Horiez gain, Kantauriko antzinako populazio hark Iparraldean hartzen zuen eremuaren lekukoa Akitanian dago, Landak inguruan. Aitzitik, Bizkaikoak eta Gipuzkoakoak haien artean bezain isolatuta daude elkarrengandik Landetako populazio-guneak ere.
Apo lasterkaria desagertzetik salbatzeko, lehen eginbeharra egungo egoeraren analisia egitea zen. Horixe da, hain justu, Aranzadi Zientzi Elkartean bi urtez egin duguna: Txingudiko badian dagoen populazioa ikertu.
Kostaldeko apoen bereizgarriren bat aipatu behar bada, habitata da: alde batetik, hondartzetako zoru hareatsua, askea eta hain aproposa higitzeko nahiz babesa bilatzeko; eta, bestetik, ibaiek garraiatutako eta haien bukaeretan pilatutako lohi fina.
Baina lehenengoa iragazkorra da oso, eta, ondorioz, nekez gertatzen dira ur-pilaketak. Apoak, baina, anfibioa izaki, ura behar du ugaltzeko. Arazo horren aurrean, espezieak bizirik irauteko duen gaitasuna erakutsi digu: apo lasterkaria ugaltzeko gai da urez gainezka dauden inguruko soroetan, pista eta bideetako potxingo zein bazterretan, baita autoen gurpilek utzitako aztarnetan ere. Ia edozein lekuk balio dio baldin eta azalekoa eta eguzkitsua bada. Ugaltze-leku ugari izate horrek, gainera, aukera ematen dio harraparietatik urrun egoteko eta beste anfibioen larben lehia saihesteko.
Putzu horiek azkar lehortzen dira, ordea, eta, ondorioz, ugalketak arrakasta izateko, larbek ere azkar garatu behar dute. Martxotik hasi eta ekaina arte, eurialdietan eta tenperatura goxoak direnean ugaltzen da apo lasterkaria, orduan sortzen baitira putzuak hareatzan.
Emeak geroago gerturatzen dira, eta, hautagairik onena aukeratu ondoren, arrak emeari, besapeetatik helduta, besarkada ematen dio --anplexo deritzon akoplamendua gertatzen da--. Arrautza-sortak 2.800 eta 4.000 ale arteko lokarri luzeak eta lingirdatsuak izaten dira, eta putzuen hondoan dauden adar eta landareetan, edo, besterik gabe, hondoan uzten dituzte. Eta handik aste betera edo, zapaburu beltz-arrexkak jaiotzen dira. Zapaburuak detritusez eta alga mikroskopikoz elikatzen dira.
Ur-fasea burutzeko, batzuek 25 egun baino ez dutela behar ikusi dugu Txingudin. Kontuan izan behar da klimak, garaierak eta bizi direneko latitudeak apo lasterkariaren larba-zikloa baldintzatzen dutela.
Garatzeko behar duten denboran tokian tokiko eguraldiak eta hezegune bakoitzaren ezaugarriek eragiten dute. Eguraldiari dagokionez, batez besteko tenperatura eta euri-maila dira garrantzitsuak, eta leku jakin batean aldagai horiek zenbatekoak izango diren iragartzea oso zaila da. Hezeguneen ezaugarriei dagokionez, berriz, lurzoruaren izaera eta sakonera hartu behar dira kontuan. Eta denbora horrek finkatzen du, ezbairik gabe, lehorrerako bidea hartzen duten apotxoen tamaina: 6 eta 12 mm bitartekoa, Txingudin neurtu dugunaren arabera.
Ikerketan ikusi dugu, bestalde, apoak oso trebeak direla zuloak egiten eta lurra hondeatzen. Hain justu, bizileku dituzten zoru arin eta hareatsuak arras egokiak dira babeslekuak sortzeko, nahiz eta lurrean dauden zartadurak eta beste animalien gordelekuak eta habiak ere erabiltzen dituzten. Babesleku horiek behar-beharrezko dituzte negu gorria datorrenean. Izan ere, azarotik martxora, gaueko tenperaturek nabarmen egiten dutenean behera, kostaldeko populazioak loaldia hautatzen du, hau da, hibernazioa. Baina udan ere arazoak izan daitezke beroegiak eta lehorrak direnean, joan den urtekoa bezalakoa. Orduan, apoek, bizirik irauteko, ezkutalekuetan eman behar izan zuten udaldia.
Beste anfibio-populazioekin gertatzen den moduan, hiri-eremuaren zabalkuntzak zatikatu eta ikaragarri murriztu du apoaren habitata. Horren kausaz, giza jatorriko bigarren mailako habitatetan topatzen ditugu orain apoak, hala nola baratzeetan, parkeetan, obra-eremuetan eta betelanetan. Ondorioz, premiazkoa da apo lasterkariaren kostaldeko populazioen kudeaketa-plana abian jartzea, Txingudiko badian aplikatzeko. Beste hainbeste gertatzen da euskal kostaldeko beste toki batzuetan, Gorrondatxen adibidez.
Aipatutako planaren ardatz nagusiak egun Euskal Herrian arriskuan dauden beste anfibio-populazioak kontserbatzeko martxan dauden ekimenen antzekoak dira. Laburbilduz, habitata hobetzea eta berreskuratzea; esate baterako, espezieak ugaltzeko bereziki diseinatutako putzuak eratzea, populazioen gorabeheren jarraipena urtero egitea eta haien ekologiaren landa-ikerketa egitea. Halaber, ezinbestekoa da espeziearen azterketa genetikoak egitea, horrek aukera emango baitigu apoaren jatorria, barne-egitura eta gainerako populazioekiko duen berdintasun-maila ezagutzeko.