Atal bestigialak, eboluzioaren hondarrak

Lakar Iraizoz, Oihane

Elhuyar Zientzia

Gizakioi oilo-ipurdia jartzen zaigu, baina ileek ez gaituzte babesten. C bitamina elikagaietatik hartu behar dugu nahitaez, baina, izatez, badugu bitamina hori sortzeko beharrezko informazio genetikoa. Ostrukek, berriz, hegoak dituzte, baina ezin dute hegan egin. "Funtzionatzen" ez duten hamaika organo, gorputz-atal eta funtzio ditugu bizidunok. Gure arbasoetatik bereiztean, eboluzioan, jatorrian zuten funtzioa galdu dute, eta bestigial bihurtu dira.

atal-bestigialak-eboluzioaren-hondarrak
Arg. © Koch Valerie/123RF

Hotzaren eta emozioen aurrean jartzen zaigu oilo-ipurdia. Ile bakoitzaren oinean, folikuluaren ondoan dauden muskulu txiki batzuk uzkurtzearen ondorio da. Gorputza ilez, lumaz edo dena delakoz erabat estalita duten animalietan, aire beroko geruza bat sortzen laguntzen die horiek tente jartzeak, edo handiagoaren itxura ematen die harrapari posibleen aurrean. Gizakioi, berriz, ez digu inolako abantailarik ematen.

Ezertarako balio ez badigu, zer dela eta dugu, bada, muskulu horiek uzkurtzeko erreflexua? Jerry A. Coyne Chicago Unibertsitateko biologiako irakasleak Why Evolution is True liburuan esaten duen bezala, eboluzioaren ikuspuntutik bakarrik erantzun dakioke galdera horri: "Hautespen naturalak pixkanaka ezabatu egiten ditu erabilgarriak edo baliagarriak ez diren ezaugarri batzuk, eta erabilgarriagoak izateko forma ematen die beste batzuei". Desagertze-bide horretan, ordea, ez dira beti erabat deuseztatzen atalak eta funtzioak, eta bestigial deritzegun ezaugarri bihurtzen dira.

Javier Aznar biologia ebolutiboan adituak eboluzio horren arrazoi posibleak eman ditu: "Bizidun batzuen atal bestigialak askoz erabilgarriagoak izango ziratekeen, segur asko, haien arbasoetan, baina gerta daiteke ondorengoetan ez izatea errentagarria funtzio edo atal hori mantentzea, duen energia-gastuarengatik. Horrelakoetan, hautespen naturalak ezaugarri hori desagertzearen alde egingo du. Beste batzuetan, gerta daiteke funtzio jakin bat erabiltzeari uztea. Orduan, hautespenak ez du indarrik egingo funtzio horren atzean dagoen informazio genetikoari eusteko, eta zoriz gertatzen diren mutazioak metatuz joango dira".

Hautespen naturalaren eraginaren bidez, eta mutazioak pilatzearen ondorioz, "atal horiek sinpleagoak bihurtzen dira, txikiagoak askotan, eta askoz aldakorragoak --adierazi du Aznarrek--. Aldakortasunak, hain zuzen, adierazten du ez dagoela hautespenik itxura edo tamaina jakin baten alde".

Bestigiala, baita hil ala bizikoa ere

Azken haginak bestigialtzat hartzen dira, janaria prozesatzen dugunetik ez baitugu hainbeste lan egin beharrik masailezurrekin. Arg. Guillermo Roa/Elhuyar Fundazioa

Izatez funtzio jakinik edo garrantzitsurik ez badute ere, "badirudi hautespen naturalak ezaugarri jakin batzuk erabat ez galtzearen alde egin duela", dio Aznarrek. Apendizea da horren adibide bat, ugaztunek, hegaztiek eta narrastiek dugun heste itsuaren bukaerako muturra. Animalia herbiboroetan gugan baino askoz handiagoak dira, bai heste itsua, bai apendizea. Izan ere, jandako landareen hartzitzea gertatzen da atal horietan, eta bestela digeritu ezingo zuketen zelulosa digeritzen laguntzen diete han dituzten bakterioek.

Herbiboro hertsiak ez diren animalietan txikiagoak dira atal horiek, eta bakterio batzuen gordailu-lana besterik ez duen ehun txiki bat da gizakiontzat. Neurri oso aldakorra dute banako batetik bestera: oro har, 2 eta 20 zentimetro artekoak izan daitezke. Txikia eta aldakorra da, beraz, apendizea, eta ez du funtzio garrantzitsurik; atal bestigialtzat jotzeko ezaugarri guztiak ditu.

Baina desagertzeko bide horretan gehiago txikitzen bada, errazago buxatzen da, eta horrek infekzioa eta hantura eragiten ditu; alegia, apendizitisa. Eta apendizitisa hilgarria izan daiteke. Gaur egun, kirurgian egon diren aurrerapenei esker, apendizitisa dutenen % 1 baino ez da hiltzen; "baina orain dela nahiko denbora gutxi apendizitisa hilgarria zen --argitu du Aznarrek--. Apendize txikiegiek arrisku handiagoa baldin badute buxatu eta infektatzeko, litekeena da hori eragile nahikoa izatea erabat ez desagertzeko".

Azken haginak, alferrikakoak dagoeneko

Azken haginak ere kirurgiari esker hilgarriak ez diren bestigiotzat jotzen dituzte adituek. "Batzuei agertu ere ez zaizkie egiten; beste batzuei, berriz, arazorik gabe ateratzen zaizkie; eta populazioaren ehuneko jakin bati okertuta ateratzen zaizkio. Gaur egun ez, baina pertsona horiek XVI. mendean biziko balira, septizemiak jota hilko ziratekeen, haginak okertuta ateratzeak eragingo ziekeen infekzioaren ondorioz", dio Aznarrek.

Javier Aznar Biologia ebolutiboan aditua da, eta ikertzailea Biodibertsitatearen eta Biologia Ebolutiboaren Cavanilles Institutuan (Valentziako Unibertsitatea). Arg. © Javier Aznar

Masailezurra gure arbasoek baino motzagoa dugulako izaten dira arazoak azken haginarekin. Aznarrek azaldutakoaren arabera, "gaur egungo gizarteetan, izugarri azkar gertatu da laburtze hori. Hain zuzen, janaria prozesatzen hasi ahala hasi zen laburtzen. Gure arbasoek askoz lan handiagoa egin behar izaten zuten masailezurrekin jakiak prozesatzeko. Pixkanaka, ordea, ikasi zuten jan aurretik prozesatzeak asko arintzen zuela ahoarekin egin beharreko lana (lehenik haragia jipoituz, eta, aurrerago, sua erabiliz)".

Jakiak prozesatzean, beraz, hirugarren hagina dagoeneko ez da beharrezkoa, eta behar ez izateko egoera horretara moldatu da masailezurraren luzera. "Baina gure genomatik inork ez du kendu hagin hori sortzeko informazioa --adierazi du Aznarrek--. Beraz, hainbatetan sortu egiten da, eta, zenbaitetan, arazoak ematen ditu, ez baitu hazteko lekurik".

Aznarren ustez, "gaur egun kirurgiarik eta antibiotikorik ez balego, litekeena da azken hagina izatearen kontrako hautespena egotea. Ezin dugu jakin zenbat denbora beharko zatekeen erabat desagertzeko (ikusi beharko genuke zenbateko eragina duen eraginkortasun biologikoan, hau da, hilkortasunean, eta horren arabera zenbatetsi). Baina nahiko maiz gertatuko balitz azken hagina duten askok azkenean infekzioa izatea, eta infekzio hori hilgarria izatea, azkenean hautespen naturalak "zigortu" egingo zukeen, eta haginak sortzeko aleloak populaziotik desagertuz joango ziratekeen. Noski, gaur egun ez daukagu jakiterik horrelakorik gertatuko zatekeen edo ez, eboluzio kulturalak haginen infekzioaren arazoa konpondu baitu".

Informazio bestigiala, geneetan

Apendizea bestigiala da gizakiengan: bakterio batzuen gordailua besterik ez da, oso txikia da animalia herbiboroen apendizearekiko, eta neurria aldakorra izan ohi da banako batetik bestera. Arg. © Sebastian Kaulitzki/123RF

Ezaugarri edo funtzio bestigialak banako batzuetan agertu eta besteetan desagertzen badira ere, askoz luzeago jotzen du horri buruzko informazio genetikoa genomatik desagertzeak. Izan ere, mutazioen ondorioz, "aktibo edo funtzional izateari uzten diote dagoeneko behar ez diren geneek, baina eboluzioak ez ditu genomatik ezabatzen", dio Coynek Why Evolution is True liburuan. Gene bestigial edo pseudogene deritze gene horiei, ez baitute jarduerarik. Horrelako 2.000 gene ditugula dio Coyne biologoak, hala nola C bitamina sortzeko informazioa.

Ugaztun guztiok dugu gure genoman C bitamina sortzeko bidezidor metabolikoan parte hartzen duten proteina guztiei buruzko informazioa. Eta denek sortzen dute C bitamina, primateek, fruitu-saguzarrek eta akuriek izan ezik. Talde horietako animaliek elikagaietatik lortzen dute, C bitaminatan aberatsak diren jakiak hartzen dituztelako. Hortaz, "ez dute beren C bitamina sortzeko beharrik, eta gene horietan mutazioak agertzea ez da izan hautespen naturalak zigortu beharreko zerbait. Aitzitik, onuragarritzat ere har daiteke geneok funtzional izateari uztea, ekoizten gastatu beharreko energia aurreztu egiten baitute", argitzen du Coynek liburuan.

Bestalde, gorputz-atal batzuekin gertatzen da ezen funtzio jakin bat ez izanagatik ere ezin direla bestigialtzat jo. Esate baterako, gizonezkoen titiburuak. Ezin dira bestigialtzat jo, ez dutelako funtziorik galdu; izan ere, inoiz ez dute funtziorik izan. Honela azaldu du Aznarrek: "Ezin da saihestu gizonezkoetan ere titiburuak agertzea. Garapen ontogenikoan, heldutasun sexualera iritsi baino lehen, haur guztietan itxura bertsua dute titiek eta titiburuek. Gero, jakina, emakumezkoetan bakarrik izango dira erabilgarriak. Baina ezinbestekoa da gizonetan ere agertzea, pertsona guztiek espresatzen duten informazioaren parte baita, eta gizonezkoei ez baitiete inolaz ere kalte egiten titiburuek, ezta energia-gasturik eskatzen ere".

Arian-arian, beraz, eboluzioan aurrera egin ahala eta bizi-kondizioak eta -ohiturak aldatu ahala, gure arbasoetan baliagarriak ziren ezaugarri batzuk dagoeneko ez dira erabilgarriak guretzat. "Horrek berak, ordea, informazio zehatza ematen digu: gure eboluzioa nolakoa izan den jakiten laguntzen digu. Eboluzioaren froga zuzenak dira, eta beste animalia batzuekin lotzen gaituzte", dio Aznarrek.

Bestigioak edonon
Organo bestigialei buruz hitz egitean, gehien aipatzen direnak eta atentzio gehien ematen dutenak gizakiarenak badira ere, edozein animaliatan aurkitu daitezke halakoak. Adibidez, oso ezagunak dira hegan egin ezin duten hegaztien hegoak, hala nola ostrukenak, pinguinoenak, bai eta kanpotik hego-aztarnarik ez duten kiwienak ere. Kiwien kasuan, agerikoa da atal bestigialak direla, hegoen errudimentuak baino ez baitituzte Zeelanda Berriko hegazti berezi horiek. Ostruketan eta pinguinoetan, berriz, ezin da esan ezertarako erabiltzen ez dituztenik, lehenengoek korrika egitean orekatzeko eta bikotekidea gorteiatzeko baliatzen baitituzte, eta bigarrenei igeri egiteko atal paregabe bilakatu zaizkie. Alabaina, hiru kasuetan atal bestigialak dira hegoak, dagoeneko ez dutelako balio hegan egiteko, eta hori delako hegoek, berez, duten funtzioa.
Kiwiek ez dute hegoen aztarnarik kanpotik begiratuta. Harraparien presiorik ez izatearen ondorioz galdu du Zeelanda Berriko hegazti horrek hegan egiteko gaitasuna. Arg. © Magnus Manske
Edozein bizidunetan aurkitu badaitezke ere, oso deigarriak dira kobazuloetan bizi diren artropodoen bestigioak. Izan ere, argitan bizi diren ahaideetan erraz ikusten diren ezaugarriak dira kobazuloetakoentzat bestigialak. "Adibiderik ohikoena begiena da --dio Javier Aznar biologia ebolutiboan adituak--. Armiarma baten kasua ezagutzen dut: argitan bizi diren ahaideek begi polit-politak dituzte, ikusgarriak, eta, kobazuloetakoek, aldiz, despigmentatuta dituzte, edo begirik gabekoak izaten dira".
"Ezaugarri bestigialak nonahi daude, ziur nago horretaz. Ikertzaileoi, ordea, askoz lilura handiagoa eragiten digu gorputz-atalen funtzioa argitzeak, zerbaitek funtziorik ez duela frogatzeak baino. Besterik ez bada, psikologikoki aberasgarriagoa delako lehenengoa". Are gehiago, Evolution en, biologia ebolutiboko puntako aldizkarietako batean, "pare bat artikulu baino ez" zituen aurkitu Aznarrek bestigialitateari buruz informazioa bilatu behar izan zuen batean.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzla. Ezeztatuz gero, ezingo duzu webgune honetan nabigatu. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.