Asiako hegoekialdeko jokoak

Europako iparraldetik Asiako hegoekialdera, elurretatik montzoien lurraldeetara, vikingo eta laponiarren eskualdeetatik tigreen eremuetara. Joko guztietako piezak animaliak dira, eta eskualde horietako animalien artean tigrea nagusi denez, joko hauetan ere bai.

Europako iparraldetik Asiako hegoekialdera, elurretatik montzoien lurraldeetara, vikingo eta laponiarren eskualdeetatik tigreen eremuetara. Artikulu honetako jokoak Indian, Sri Lankan, Nepalen, Thailandian, Indonesian, Sumatran, Birmanian, Malaysian, ... daude zabaldurik.

Joko guztietako piezak animaliak dira, eta eskualde horietako animalien artean tigrea nagusi denez, joko hauetan ere bai. Tigreaz gain leopardoak, ahuntzak, txakurrak, ardiak, gizakiak, arkumeak eta abar agertzen dira. Taulak irudi geometrikoez daude osaturik (triangeluz, laukiz). Piezak erpinetan kokatzen dira eta lerroen gainetik bakarrik mugi daitezke. Bi jokalarik hartzen dute parte. Jokalari batek (tigreak, leopardoak), erasotzaileak, bestearen piezak (leopardoak, ardiak, ...) inguratzailearenak, jan behar ditu. Inguratzaileak, aldiz, lehenengoaren piezen mugimendua oztopatu behar du, bere piezak inguratuz. Erasotzaileak inguratzaileak baino askoz pieza gutxiago dauka (ikus taula). Hauek dira aipatutako jokoen ezaugarri amankomunak.

1. irudia. Leopardo-jokoen taulak.

Leopardoen jokoak

Joko-talde honek taula triangeluarrak behar ditu. Talde honetakoak Thailandiako Len Choa , Sri Lankako Hot Diriyan Keliya eta Demala Diriyan Keliya, Indiako Pulijudam eta Refaya eta Sumatrako Meurimûeng-do´ izenekoak

Arauak:

  1. Tigreen hasierako posizioa puntu beltzek adierazten dute. Inguratzaileak banan-banan ezarriko ditu bere piezak, tigreen mugimenduekin txandakatuz.
  2. Pieza guztiak modu berean mugitzen dira, aldameneko erpin batera lerro baten gainean. Inguratzaileak ezin ditu bere piezak mugitu guztiak taularen gainean egon arte.
  3. Tigreek bakarrik jan dezakete, piezen gainetik jauzi eginez. Inguratzailea tigreak blokeatzen saiatuko da eta hauek ahalik eta pieza gehien jaten saiatzen dira, blokea ez ditzaten.

Tigreen jokoak

Alkerke-taula handiak erabiltzeaz gain, ez dira leopardoen jokoekiko oso desberdinak. Alkerke-taula erabiltzen duten joko txinatar eta europarren antzekoak badira ere, badirudi jatorri berezia daukatela. Joko hauek zabaldurik daude Indian, Birmanian, Thailandian, Malaysian, Indonesian eta Nepalen.

Bertsio ugari dago, tigre edota kontrako piezen (peoi, ahuntz, ardi eta abarren) kopuruak desberdinak izanik. Hasierako posizioa, metodoak eta arauak aldatzen dira herri batetik bestera. Hala ere, tigreen helburua kontrakoaren ahalik eta pieza gehien jatea da, berauek ingura ez ditzaten.

2. irudia. Rimau-Rimau jokoaren taula.
Rimau-Rimau (= tigreak) (Malaysia)
  1. Jokalari batek triangeluen erpinetan kokatzen ditu bi tigreak (malaysieraz qununq, mendiak); irudiko puntu beltzetan. Besteak 24 orang-orang (orang-orang = gizakiak) ditu eta erdi aldeko erpinetan 9 kokatzen du.
  2. Pieza guztiak mugitzen dira aldameneko erpin libre batera lerroen gainetik.
  3. Tigreek bakarrik jaten dute. Bere aldamenean peoi bat edo peoi-serie bakoitia badago, tigreak horren edo horien gainetik jauzi egin dezake eta jokotik atera. Jatea ez da beharrezkoa.
  4. Partidaren hasieran tigreak nahi dituen hiru peoiak ken ditzake eta erpin libre batean koka daiteke. Hurrengo 15 jokaldietan, txandaka, kontrakoak bere peoiak jar ditzake eta tigrea mugitu edo ahal dituenak jan egin ditzake. Fase honetan peoiak ezin dira mugitu guztiak taulan egon arte.
  5. Tigreak galduko du, inguraturik dagoelako mugitu edo jan ezin badu. Kontrakoak 10 edo 11 peoi bakarrik izanez gero, amore eman beharko du; ezingo bait ditu tigreak inguratu.

Beste bertsio batean, bi tigre eta 22 peoi daude. Tigreak erdiko erpinetan kokatzen dira eta kontrakoak inguruko zortzi erpinetan zortzi peoi ipintzen ditu. Tigre batek horietako peoi bat janez hasten da partida. Tigreek peoiak banan-banan jaten dituzte.

3. irudia. Bagha Chal jokoaren taula.

Bagha Chal (= tigrearen maltzurkeria) (Nepal)

Oso joko herrikoia da. Joko tipiko honetan nepaldarrak aspalditik ibili izan dira. Seguruenik joko erakargarri hau neguko goiz hotzetan jokatzen zen. Nepaleko joko nazionala da. Tigre eta ahuntzekin jokatzen da, Nepaleko animaliarik adierazgarrienak direlako. Jatorrizko taula eta piezak brontzezkoak ziren.

Jokalari batek lau tigre (bagha) ditu eta besteak 20 ahuntz. Tigreen lana erasotzea da eta ahuntzena tigreak inguratzea, mugi ez daitezen.

Arauak:

  1. Tigreak laukiaren lau izkinetan kokatu behar dira.
  2. Tigre eta ahuntzen mugimenduak txandaka egiten dira.
  3. Hasieran ahuntzak taulan banan-banan jarri behar dira eta tigreek mugimendu bat egin dezakete aldi bakoitzean. Ahuntzak ezin dira mugitu harik eta guztiak taula gainean egon arte.
  4. Mugimendu bakoitzean tigre bat mugi liteke puntu batetik aldameneko batera lerroari jarraituz, edo ahuntz baten gainetik jauzi egin eta harrapatuz, taulatik kendu egin beharko delarik.
  5. Ahuntzek elkar defendatzeko ez diete tigreei jauzi egiteko tokirik utzi behar.
  6. Tigreek bost ahuntz harrapatzen badituzte, ahuntzek galtzen dute jokoa. Aditu batzuek ez lukete galduko zazpi ahuntz galduta ere.
  7. Ahuntzek tigreak inguratzen badituzte, hots, tigreak mugitu ezinik uzten badituzte, ahuntzek irabazten dute.
  8. Jokalari batek ezin du ahuntz berbera toki berera eraman askotan, jokoaren egoera errepikatuz. Hortaz, beste lekuren batera mugitu beharko du.

(Mila esker Jose eta Bittoriri).

Jarrai iezaguzu

Zu idazle

Zientzia aldizkaria

azken alea
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.