Anfibioez aritzean, beti animalia hauen urarekiko menpekotasuna, eta medio urtar eta lehortarraren artean bizitzeko duten beharra aipatzen dira. Ideia hauek topiko diren arren ordea, sarritan ez dira oso zehatzak eta gaurkoan aipatuko den espeziea horren adibide garbia dugu.
Arrabio arrunta (Salamandra salamandra) Europako anfibiorik lehortarrenetarikoa da, zalantzarik gabe, bere biologia orokorrari dagokionean. Gainerako anfibioek bezala, arrabioak ere larruazal iragazkorra du noski, eta ondorioz, deshidratazio-arriskua muga du ingurune idorregietan bizitzeko. Baina arazo honetaz gain, animaliaren urarekiko menpekotasuna minimoa dela esan genezake, bere bizi-iharduerari dagozkion gainerako alderdietan.
Arrabioa 15-16 cm-rainoko luzera totala lortzen duen animalia ederra dugu, Euskal Herriko urodelorik handiena delarik. Burua zabala baino luzeagoa du, dortsobentralki zapaldua, eta beronen atze aldean, dortsolateralki kokaturik, guruin parotoideo nabariak ageri ditu. Begi arre-ilunak ere oso nabarmenak ditu alde dortsalean, berauen orbiten tamaina bikaina dela eta. Soin-enborra zilindrikoa izaten du, eta beso eta hanka laburrek lurretik nekez altxa dezakete oinez doanean.
Bizkar aldean, eta guruin parotoideoen jarraipen balira bezala, bederatzina bikorrez osaturiko bi lerro paralelo hedatzen zaizkio lepo aldetik hasi eta isatserantz. Isatsa laburragoa izaten du soina baino, eta bere zeharkako ebakidurak sekzio borobiltsua ageri du, hau animaliaren izaera lehortarraren eta agerirako moldagarritasun ezaren adierazle delarik.
Baina arrabioaren ezaugarri deskribatzailerik adierazgarriena bere janzkera eder deigarria dugu ezbairik gabe. Izan ere, arrabioaren larruazal hezea luzetarako orbain edo arrasto hori eta beltz distiratsuz apaindua ageri bait zaigu, honi esker animalia mendian ibilia den edonorentzat ikaragarri ezaguna gertatzen delarik. Kolorazio bitxi hau dela eta, arrabioaren irudia betidanik hainbat leienda eta sineskeriaz inguratuta egon da, sarri askotan sorgin eta deabruen sukaldeko piztatzat jo izan delarik. Adibidez, arrabioa sutatik sortzen zela, edota bertan ez zela erretzen dioten kondairak ugari dira Europa osoko kulturetan. Dena dela, eta errealitatera itzuliz, arrabioaren kolore bizi deigarriek badute, noski, izateko arrazoirik.
Animalia hau, gainerako anfibio gehienak bezala, azal pozoitsuz hornituta dago. Arrabio arruntaren kasuan, pozoia bizkarreko bikor dortsolateraletan, eta buruko guruin parotoideoetan ekoizten da, baina gainera, epidermi osoan zehar tartekatuta garatzen diren zelula guruintsuetan ere sortzen da, azala oro har sumingarria gertatzen delarik. Pozoi hau salamandarina izeneko alkaloideen taldeko substantziez osatuta dago, eta zuzenean etsaien odolera sartzeko biderik balu, sekulako eragina izango luke beraiengan.
Hala ere, arrabioaren pozoiak defentsa-funtzioa besterik ez du, eta ondorioz, aski du jateko asmoz datorkion etsaiaren ahoa sumintzearekin (honek berehala askatuko du). Horregatik, arrabioak arriskua somatzen duenean, azaleko zelula guruintsuek pozoia jariatzen dute, berehala soin osoa zuku sumingarriz bustiz. Gainera, bikor dortsalek eta guruin parotoideoek pozoia esprai baten gisara jaurtitzeko ahalmena dute.
Dena dela, defentsazko mekanismo berezi hau azaleko kolore biziak osatzen dutela esan beharra dago. Izan ere, pozoiak etsaiak arrabioa askatzea eragiten duen arren, lehenbiziko hozkadak kalte handia egin bait diezaioke animaliari, eta ondorioz derrigorrezkoa gertatzen da lehen eraso hori ere ekiditea.
Horregatik, arrabioak, tropiko-aldeko makina bat anfibiok bezalaxe, janzkera bizi eta deigarriaren bitartez bere izaera pozoitsua aldarrikatzen du, etsai izan daitezkeen guztiei izaera honen berri emanez –kolorazio "aposematikoa" deritzo honi–. Edonola ere, eta defentsa-mekanismo konplexu hau izan arren, arrabioak badu etsairen bat edo beste, zeintzuei dirudienez pozoiak ez bait die eragiten. Hauen artean aipagarrienak urubia (Strix aluco), eta basurdea (Sus scrofa) lirateke.
Aipatu den legez, arrabioa bereziki espezie lehortarra dugu, eta larbak errutera baino ez da uretara hurbiltzen. Bizimodu ilunabartar eta gautarra duen arren, eguraldia euritsua denetan egunez ere ikus daiteke bere dietaren osagai diren intsektu, araknido, miriapodo, bare eta zizareen bila ari dela. Oro har bakarzalea den arren, batzuetan talde handiak ere ikusi izan dira, baina gertaera horren arrazoia zein den ez dakigu oraindik.
Euskal Herriko gainerako urodeloek ez bezala, arrabioak lehorrean ernaltzen dira. Arrak eme bat topatzen duenean, lehenik gainera igotzen zaio, horrela geldi eraziz. Ondoren, eta bere besoez emearenak trabatuz, beronen azpira sartzen da, eta berehala muturraz emearen lepapea igurtzitzeari ekiten dio, berau kilikatzeko asmoz edo. Minutu batzuen buruan arrak espermatoforo bat askatzen du lurrera, eta segidan, soin-enborra 90° okertuz, espermatoforoaren gainera erortzen uzten dio emeari, beronek ezpain kloakalez jaso dezan. Sistema honen bitartez, arrabioek barne-ernalketa lehorrean burutzeko bidea asmatu dute.
Baina seguru asko arrabioaren izaera lehortarra hobekien azaltzen duen ezaugarria, animalia honen obobibiparitatea dugu. Ugalketa-mota hau salbuespen nabaria da urodeloen artean. Izan ere, arrabioak bi ingurune desberdinetan banandutako bizi-ziklo anfibiontea gainditzeko bidean daudela adierazten bait digu. Ernaldutako arrautzak uretara errun beharrean, emearen obiduktuetan mantentzen dira garapen enbrionarioa osatu artean, eta baita eklosioa gertatu eta gero ere.
Azkenik, eta larbek 25 mm inguruko luzera dutenean, emeak putzu edo errekaren batean erditzen ditu. Larba hauek uretan bizi diren ornogabe txikiez elikatzen diren ehiztari asekaitzak eta igerilari bikainak izaten dira; bi edo hiru hilabeteren buruan, 5-6 cm inguruko luzera dutenean. metamorfosia burutu eta jadanik helduen itxura lorturik, betirako lehorreratzen dira, inguruko orbel eta goroldiotan ezkutatuz.
Izaera lehortarra hain nabarmena izan arren ordea, arrabioak ingurune heze eta freskoak behar ditu bizi ahal izateko, eta ondorioz, Euskal Herrian batipat baso hosto galkorretan aurkitzen da, bere habitat nagusienak pagadia, hariztia eta oihan misto hezea izanik. Altitudeari dagokionean berriz, Euskal Herrian itsas mailatik hasi eta 1 600 m-ko altitudetaraino ikusi da, baina Pirinioetan 1800-1900 m-raino ere hel daiteke. Edonola ere, gehienak eskualde eurosiberiarreko estaia menditarrean daude.
Banaketa geografikoari dagokionean berriz, arrabio arrunta eskualde paleoarktikoko espeziea dugu, Europan erdialde eta hegoaldean, Asiako mendebaldean, eta Afrikako ipar-mendebaldean aurkitu delarik. Iberiar penintsulan, iparralde osoan ageri dela esan daiteke, barne-aldean berriz mendietan bakarrik ageri delarik.
Euskal Herriari dagokionean, ohizkoa da eskualde eurosiberiarreko ingurune gehienetan eta trantsiziozko mendi gehienetan. Aldiz, hegoaldeko lautada eta ingurune idorretan falta da, baldintza klimatikoak direla eta.