Armand David: ezpeletar bat pandaren erresuma ikertzen

Altonaga, Kepa

EHUko biologia irakaslea

Azaro honetan bete dira ehun urte Armand David naturalista handia hil zela. Tamalez, izen hori nahikoa ezezagun dugu gure artean, nahiz eta, Manex Hiriart-Urrutik aspaldian idatzi zuenez ( Eskualduna astekarian, 1900. urtean), Eskual-herritik behinere jalgi diren jakintsun handienetarik bat izan, eta panda handia aurkitu zuen, urruneko Txina hartan, beste hainbat eta hainbat landare eta animalia berrirekin batera. Frantziako lehenengo eboluzionistetariko bat izateaz gainera, bere ekarpenak oso munta handikoak izan ziren biogeografiaren garapenerako.

Orein bat abiapuntuan

Jean-Pierre-Armand David Halsouet Ezpeletan jaio zen, Lapurdin, 1826ko irailaren zazpian, Bergara etxean. Aita, Fructueux-Dominique-Génie David, bertako medikua zen, eta auzapeza ere sasoi batean. Berorrek sortu zion naturzaletasuna eta, izan ere, hainbat eta hainbat kontu irakatsi zizkion. Ama, Rosalie Halsouet, Baionakoa zen, eta familia onekoa, antza.

Armand David 1850. urtean apaiztu egin zen Parisen (24 urte) lazarista modura. Italiako Savonan egon zen irakasle 1861 arte, eta 1862an ailegatu zen Pekinera (36 urte), misionista gisa. Dena dela, Txinara Pariseko Natur Historiako Museoko irakasle askoren enkarguekin iritsi zen, bertako fauna eta florako aleak bildu eta Frantziara bidal zitzan.

Hasiera batean hizkuntza eta bertako ekanduak ikasten aritu zen, batez ere Pekinen eta inguruetan joan-etorri txikiak eginez. Ibilaldi horietan bilduma zoologiko eta botaniko oso interesgarriak osotu zituen, eta Parisera bidali. Museoko adituak txundituta geratu ziren: batetik Txina ezezaguna zen garai horretan, eta beraz, jasotako guztia ezinago interesgarria begitandu zitzaien. Baina, bestetik, Armand Davidengan biltzaile adoretsu, trebe eta jantzia ikusi zuten. Sekulako pagotxa, beraz.

Urte horietako aurkikunderik garrantzitsuena esamesa bati zor dio Armand Davidek. Pekinen oso zabalduta zegoen txineraz sseu-pou-siang zeritzonaren ospea, baina animalia hori inork ez zuen ezagutzen, enperadorearen parkean bizi baitzen soil-soilik, eta bertara sartzea heriotza-zigorraz punituta zegoen. Nolanahi, parkeko soldadu tartariarrak diruz polito koipatu zituen, eta sseu-pou-siang misteriotsu horren aldra ikusi zuen parke barruan, ehunen bat ale. Orein-espezie ezezagun batekoak zirela konturatu zen, eta parke inperialetik kanpo ez ziren beste inon bizi.

Diru gehiagoz orein biren eskeletoak eta larruak eskuratu zituen. Parisera bidalita, hango Alphonse Milne-Edwards-ek oso espezie interesgarritzat jo zuen: Elaphurus davidianus izen taxonomikoa ezarri zion. Harrezkero, Pekineko enbaxadak hainbat ahalegin egin zituen aita Daviden oreinaren banako biziak lortzeko, eta izan ere, gorabehera batzuren ostean, bikote ugaltzaile bat erdietsi zuen. Eta, geroago, baita Britainia Handiak eta Alemaniak ere, den-denek Armand Daviden laguntzari esker. Horrela, bikote gutxi batzuk Europako zooetara iritsi ziren, eta bai bertan nahikoa erraz ugaldu ere. Areago, bertoko oreinarekin ere hibridatu zuten aita Daviden oreina. Alabaina, ardura faltaz edo, konturatu orduko Europako aita Daviden orein guztiak hil egin ziren.

Dena dela, aita Daviden oreinaren etorkizunari buruzko benetako kezka ez zen etorri harik-eta Pekineko parke inperialeko orein-aldra suntsitu zen arte. Izan ere, 1900. urtean, Armand Daviden heriotzaren urte berean, boxerren matxinada gertatu zen, eta, 55 days at Pekin filmean ikusi genuenez, nazioarteko indar "bakegilea" (zelanbait esateko) bidali zuten mendebaldeko potentziek, Charlton Heston-en agindupean. Filmeak filme, zorioneko indar bakegileak jan egin zituen parke inperialeko aita Daviden orein guzti-guztiak, eta beraz, espezie zientziarako aurkitu berria, beste ask

oren patu triste berberagaz suntsitu berria bilakatu zen, mende-laurden batean.

Filmea ikusi eta gogoratzen duzuenok nahikoa erraz bisualizatuko duzue Armand Davidek Txinan aurkitu zuen kontrako giroa, etsai eta xenofobikoa. Kasurako, ezin dugu ahaztu, urte batzuk lehenago Europako potentzia kolonialek Txina "opioaren gerlan" garaitu zutenik, etab., etab. Kanpotarrekiko gorroto horrek sustrai luzeak zeuzkan, eta, besteak beste, kanpotarrek eurek ereindakoa zen. Ikusi Eusebio Bengoa Akordagoitia misionista bizkaitarrak zelan kontatu zigun 1913an: ...oin irurogei urte inguru, ingelesak eta prantzesak sartu jakeesan emen gure nai gureez, tirotiroka . Elaphurus davidianus , esan dugunez, suntsitu egin zen bai Europako zooetan eta bai Pekineko parke inperialean ere. Nolanahi, hori gertatu aurretik, zorionez Bedford Dukeak dozena luze bat ale batu eta askatu zituen bere soroetan, eta bertan, nahikoa ondo ugaldu ziren, oztopoak oztopo. Egun, espeziea osasuntsu dabilela dirudi, eta Txinan berriro sarrarazi da Xangai inguruetan.

Gorputza zientziari donatu-edo

Esan bezala, Parisera bidali zuen material biologikoaren kalitate apartak liluratuta utzi zituen Natur Historiako Museoko adituak, eta berorien eraginez Armand David liberatu egin zuten hortik aurrera Txinan barrena laginak eta datuak batzeko. Lazaristen fraideburuari aita David lan ebanjelikoetatik askatzea eskatu zioten, lan naturalistikoetan buru-belarri murgil zedin. Eta halaxe, 1866tik aurrera, Armand David bidazti bilakatu zen Zeruko Inperioan barrena, Pariseko Natur Historiako Museoaren kontura. Hiru espedizio nagusi egin zituen, Pekinetik abiatuta: bata Mongoliarantz, bigarrena Tibeterantz, eta azkena Txina zeharkatuz, iparretik hegorantz.

Kilometrotan ez ezik, era askotara neur daiteke ibilaldi horien ahalegina. Manex Hiriart-Urrutiren hitzetan esateko: Nork daki, hiru aldi hoitan zenbat neke, izerdi, gose eta egarri, zenbat barneko goihendura jasan duken han, jendaki arrotz eta askotan etsai heien artean ? Bidelapurrak, matxinoak eta horrelakoak aparte utzita ere, edota erreumatismoa, tifusa, disenteria eta malariaz gaixotu zen aldiez gain, adi!, hiru biderrez pozoitu ei zioten tea: horrelaxe dinosku Armand Davidek berak idatzitako bidaia-egunkarietan. Izan ere, azken bidaiaren atzeneko partean hain larriki gaixotu zen, oleazio santua eman behar izan baitzioten, hilzorian. Denetarik pairatu zuen, beraz.

Pandak ehizatzen

Inolako zalantza barik, Tibeteranzko bidaia da ospe gehien eskuratu ziona, berorretan egin zituen-eta aurkikunderik aipagarrienak, panda famatua, besteak beste. Nolanahi, Armand David ez zen Tibeteraino iritsi: Moupin printzerriraino ailegatu zen, eta izatez, printzerri hori lur promestua izan zen Armand Davidentzat, han aurkitu baitzituen animalia eta landarerik interesgarrienak. Bederatzi hilabete igaro zituen bertan (1869ko martxotik azaro arte), eta eurotariko batzuk nahikoa kili-kolo ibili zen osasunez.

Moupinera ailegatu aurretik, jadanik Sichuan probintziako hiriburuan, Chengdu-n alegia, hartz zuri bat aurkituko zuela esan zioten, besteak beste, bertako gotzainak. Dena dela, Armand David ez zen guztiz komentzituta gelditu, eta delako hartz zuria, benetakoa izatekotan, Ursus thibetanus Himalaiako hartz beltzaren barietate albinoren bat izango zela pentsatu zuen. Alabaina, handik laburrera, Moupineko etxagun baten ezkaratzeko horman eskegita ikusi zuen aldez aurretik aipatu zioten hartz zuri (eta bai beltz) haren larrua.

Hori dela-eta, ale bat eskuratzeko gura bizia sartu zitzaion, eta izan ere, horixe agindu zien bere ehiztariei: hartz zuri-beltza nahi zuen ahalik eta lasterren! Armand Daviden bidaia-egunkariak dinoskunez, 1869ko martxoaren 23an itzuli ziren ehiztariak, hamar egunez aldendu eta gero, eta besteak beste "hartz zuri" gazte bat ekarri zioten. Harrapatu, bizirik harrapatu zuten pataria, baina, tamalez, hil egin zuten errazago garraiatzearren. Oso-oso karu saldu zioten delako hartz zuria.

Izatez zuria zen ia osorik, salbu-eta lau soin-adarrak, belarriak eta begi-inguruak, beltzak zirenak. Armand Davidek espezie berritzat jo zuen ikusi eta atoan, eta areago, urtsidoen taldekotzat jo zuen, hau da, hartzen kidetzat.

Geroago, apirilaren batean beste panda handi heldu bat saldu zioten ehiztariek, eta apirilaren 15ean beste bat. Gainera, Ursus thibetanus hartz beltza baino errazago harrapa zitekeela esan zioten, eta bai askoz urriagoa zela ere, eta harrigarriena begitandu zitzaiona: berak animalia zarrastaria zela uste bazuen ere, banbu-hostoez elikatzen zen, kontatu ziotenaren arabera. Dagoenekoz aipatu dugunez, Armand David atoan jabetu zen egindako aurkikundearen garrantziaz, eta luzaro barik espezie berriaren behin-behineko deskribapena bidali zuen Parisera, albait arinen argitaratzeko. Horrela izanik, berea izan zen panda handiaren lehen aurkezpen zientifikoa, eta hori dela-eta, aita David da espeziearen deskribatzailea, naturan aurkitu zuen lehen mendebaldetarra izateaz gain. Espezie aurkitu berriari Ursus melanoleucus izen binomiala ezarri zion, hartz zuri-beltza zelakoan; gaur egun Ailuropoda melanoleuca erabiltzen da.

Munduko animalien artean panda handia da bakanenetarikoa: mila panda baino gutxiago daude denetara, eta, dirudienez, iraganeko animalia bilakatuko da etorkizun hurbilean. Baina, animaliarik urrienetarikoa izatez gainera, ospetsuenetarikoa ere bada. Horretarako arrazoi nagusiak, beharbada, bi dira, alegia, bere itxura onkote zuri-beltza eta duen etorkizun beltz-beltza. Peluxezko hartz koitadu eta laztanbera dirudiena, animalia karismatikoa da gaur egun: World Wildlife Fund erakunde kontserbazionistak ikur modura hautatu zuen, eta nahikoa famatu bihurtu da. Bestalde, Britainia Handiko jostailu-denden kate batek 30.000 pandatik gora saltzen ditu urtean; jostailuzko panden salmenta osoa 1.640.000 $-etakoa da munduan.

Urre-tximino sudurmotzak argitu ahal diguna

Badirudi pandak gaineratiko guztia eklipsatuko duela Armand Daviden bizitzan, baina ez da horrela. Esate baterako, panda handia aurkitu zuen egun berean ehiztari berberek Pteromys alborufus katagorri hegalaria eroan zioten, besteak beste. Aipatu dugunez, Moupin lur promestua izan zen Armand Davidentzat. Macacus thibetanus tximinoa ere Moupinen topatu zuen. Bidaia-egunkarian dinoskunez, zirraragarria gertatu zitzaion, agure-itxurako tximino hori odolusten eta azken hatsa ematen hurbil-hurbiletik ikustea, elur zurian tiro batez botata.

1869ko maiatzaren 4an ehiztariek sei tximino ekarri zizkioten, espezie ordurarte ezezagun batekoak zirenak. Tximino horiek, urre-tximino sudurmotzak, 3.000 m-ko mendietako zuhaiztietan bizi ziren, artean elurrez zuritutako lekuetan.

Pariseko Museoan Alphonse Milne-Edwards-ek harrituta begiratu zuen animalia: aurpegia berde-urdinxka edota turkesa-kolorekoa zeukan, eta sudurra motz-motza; buru-aldea laranja-kolore bizikoa. Bizkarra zetazko ilaje urrekaraz estalia. Elurretako tximino horren koloreak ikustean, Milne-Edwards-ek XVI. mendeko koadro bat gogoratu zuen, kortesana ospetsu bat irudikatuta zeukana. Delako kortesana hark, hots, Roxellana gazte errusiarrak, adats gorri eta orkatiletarainokoa zeukan, eta sudurra motz eta erakargarria. Roxellana bahitu egin zuten pirata turkoek Europako ekialdeko Galitzian, eta geroago saldu, esklabo modura Suleiman Handia sultanaren harenerako. Roxellanaren begitartea harro eta bizia ei zen, kolore urdin argiko begi handiduna, eta aho txiki eta ezpain gurikoa. Milne-Edwards-i urre-tximinoaren eta sultanaren begikoaren sudur motzak antz-antzekoak begitandu zitzaizkion, eta kilikagarria iritzi zion antz horri. Eta horrela, zientziarako Rhinopithecus roxellana izendatu zuen.

Urre-tximinoaren beste kontu batzuk bazterrera utzita, nahikoa deigarria den datu bat ekarriko dugu hona. Eta zein da, ba, datu hori? Ba, inoiz Rhinopithecus roxellana urre-tximinoa yetiaren mitoaren azalpen modura erabili izan dela. Izan ere, yetiaren mitoarentzat azalpen arrazionalen bat aurkitu guran, izandako begi-ukaldiak eta elurretan topatutako oinatzak tximino-espezieren batenak izan zitezkeela plazaratu zen 1937an, eta ideia horrek eztabaida zientifiko luzea sortarazi zuen. Hari horretan, British Museum-eko Guy Dollman-ek Himalaia inguruan tximino-espezie bi daudela ohartarazi zuen, eta biak oinatz-egile posibleak izan zitezkeenak, bata Semnopithecus entellus langure sakratua, eta bestea aita Daviden Rhinopithecus roxellana urre-tximinoa.

Sinesgogortasun osoz izan arren, eta zeharka izanda ere, Armand Davidek yetiaren aipamena-edo egin zuen bere egunkarian, txinatarren izakera zientziaz-apartekoa erakusteko. Zera dinosku: Denek esango dizute orangutana hemen bizi dela, mendietan; jen-sioung , giza hartza, deitzen dute. Esan gabe doa, jen-sioung gizon bilotsu hori yetia bide da, eta ez orangutana.

Eboluzionista faisaiei esker

Orain arteko joan-etorrikoaz 1870. urtera iritsi gara. Moupinetik itzultzean, osasunez oso eskas dagoela-eta, eta Tientsin-eko misio lazarista erabat masakratuta aurkitzearen ondorioz, Armand Davidek Europara itzuli behar du sendatzera. Eta hori hain justu, gerla frankoprusiarraren egunetan. Hori dela-eta, Italian gelditu zen, aspaldiko ikasle baten etxean, hots, Giacomo Doria markesarenean. Eta bertan, Charles Darwin-en Espezieen jatorriaz irakurri zuen,1859ko liburua.

1872an berriro Txinan dago hirugarren esplorazio-bidaiari ekiteko prest. Txinan barrena zebilela liluratuta gelditu zen hango faisaiekin. Egiatan ikusgarriak begitandu zitzaizkion hasieratik bertatik. Hirugarren bidaiaren egunkarian dinoskunez, ia 40 espezie dira denetara, batez ere Tibet inguruan banatuta; endemikoak dira, hau da, soilik han bizi dira eta beste inon ez.

Gertaera horretan oinarrituta, Armand Davidek dinoskunez, elkarren ondoko, aldameneko, espezie horiek, banan bana kreatu eta bertan kokatuak izan direla pentsa daiteke. Alabaina, honela segitzen du, ez litzateke arrazionalagoa izango pentsatzea, behin-eta Jaungoikoak oinarrizko faisaia lur gainean kokatu eta gero, oinarrizko faisai horrek hainbat eraldaketa jasan dituela, eta, ondorioz, arrazatan eta barietatetan bereiztu dela, hau da, espezie berriak eta genero berriak sortu direla, eta jatorrizko gunearen inguruan banatu direla?

Parraplada luzea daroat honezkero, eta ez dakit noraino nekatu zaitudan, baina, konturatu al zara arestian aipatu dudanaren transzendentziaz? Armand David, 1875ean argitaratutako liburuan eboluzionista gisa agertzen da, eboluzionismo indargetu batez nahi badugu, baina, Darwin-en ildoan edonola ere. Harrigarria deritzot horri arrazoi birengatik. Batetik, ez dezagun ahaztu, Armand David XIX. mendeko abadea da. Bigarrenik, arrazoi historiko korapilotsuak direla-eta, zientzialari frantsesek berandu samar onetsi zuten eboluzionismoa. Armand David aitzindaria izan zen.

Hauxe da, nolabait, Eskual-herritik behinere jalgi diren jakintsun handienetarik bat, Armand David, pandaren aita, 1900. urteko azaroaren 10ean Parisen hil zen naturalista ezpeletar handia.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila