Egia esan, txiki-txikitatik harritu eta liluratu ninduen gauean argitxo hura pizten zuen animaliak. Sentimendu hau ordea, duela bost bat urte Iratin bizitutako gertakizunaren ondorioz nabarmenki areagotu zitzaidan. Eguna mendian pasa ondoren, iluntze epel hartan basoko irekigune batean afaria prestatzeari ekin genion. Zakur gosetuen gisa irakiten ari zen makarroi-eltzekadari begira geundelarik, zomorro batzuk gure kopetargien inguruan bueltaka hasi ziren. Intsektuak buruan eta bereziki kopetargiaren erdian gelditzen zitzaizkigun eta tarteka, bakarren bat makarroietara erori, edota butanozko sukaldetxoaren galdetan kixkaltzen zen. Harrituta geunden gu eta argi guztiak itzali genituen arte ez gintuzten bakean utzi. Zeintzuk izan zitezkeen inork gonbidatu gabe etorritako zomorro haiek? Bai horixe irakurle, ipurtargiak ziren!
Ugalkidea erakartzeko animaliek dituzten sistema ezberdinen artean ipurtargiena bitxienetakoa dugu, izan ere, koleoptero hauek argia erabiltzen dute zeregin honetarako. Honela uler daiteke noski, Iratiko gau hartako ipurtargien eromena: arrak ugalkidearen bila jo eta ke zebiltzan eta, basoaren erdian guk egindako argiek emeek egin ohi duten argiarekin nahasten zituzten nonbait eta “sutan” etortzen ziren guregana. Nahaste hauek alde batera utzita ordea, argia, komunikatzeko tresna ona izan daiteke, distantzia luzetara, abiadura izugarrian, eta muskuluek inolako lanik egin gabe egin daitekeelako.
Has gaitezen baina ornogabe hauen kokapen taxonomikoarekin. Ipurtargiak, hexapodoak edo intsektuak ditugu. Hauen barruan, koleopteroen ordenean sailkaturik daude, eta zehazki, lanpiridoen familian. Familia honek, 1.700 espezie inguru ditu munduan zehar, eta Euskal Herrian, espezie bakarra dugu, ipurtargi arrunta ( Lampyris noctiluca ), alegia. Arrak eta emeak itxura desberdina dute oso. Arrak, kakalardo itxurakoak dira, nolabait esatearren, eta hegodunak. 10-12 mm-ko luzera dute eta koleoptero tipikoek bezala, aurreko hegoak (elitroak), esklerifikatuta edo gogortuta dituzte, eta hauen azpian, hego mintzakara finak. Kolorez arreak dira. Emeak berriz, hegorik gabekoak dira, eta larben antza handia dute. 15-20 mm-ko luzera dute, eta kolore arre ilunekoak eta zapal xamarrak dira.
Intsektu bitxi hauek, belar-soro, bide-bazter, hesi, baso inguru eta sastrakadietan bizi dira eta helduak, ekaina eta iraila bitartean aurki daitezke. Gautarrak, normalki ilundu ondoren eta gehienetan, emeek egindako argia ikusita aurkituko ditugu.
Elikadurari dagokionez, larbak molusku-ehiztari amorratuak ditugu, eta marraskilo eta bareetaz elikatu ohi dira. Ehizarako eta jateko, igitai-itxurako masaila zorrotzak erabiltzen dituzte eta, ehizakia hozkatzen dutenean, jariakin ilun bat barneratzen diote. Substantzia hau ez da listu-guruinek jariatutakoa, izan ere, halako guruinik ez baitute. Aitzitik, jariakina heste inguruetan dauden guruin azidodunetan sortzen dela dirudi eta honen eraginez, moluskuaren ehunak puskatu eta disolbatzea lortzen dute. Ipurtargiaren larbek beraz, neurri handi batean kanpo-liseriketa egiten dute, eta gero, jariakinari esker prestaturiko bazkaria zurrupatu. Helduek bestalde, ez dute batere edo ia ezer ere jaten eta hauen eginkizun bakarra ugalketa burutzea da.
Zalantzarik gabe, ipurtargien ezaugarri bereziena argia “piztearena” da. Ipurtargi emeak, abdomenaren azken hiru segmentuetan milaka fotozito ditu eta hauei esker, bioluminiszentzia edo bestela esanda, berorik gabeko argia egin dezake. Argi famatua erreakzio kimikoen ondorioz sortzen da eta zehazki, erreakzio honen bidez: luziferina izeneko substantzia erreduzitua, luziferasa entzima katalizatzailearen bidez aktibatzen da eta oxigenoarekin erreakzionatuz, argia sortzen da. Aipatu beharrekoa da, ipurtargi-espezie asko daudela eskualde beroetan eta argia piztea ez dela nahikoa ugalkidea topatzeko. Eskualdeotan, espezie bakoitzak bere argi-seinale berezia du, espezie ezberdinak nahasi ez daitezen.
Emeak beraz, lurretik, belar-tarte edo landareren batetik, abdomenean kolore berdeskako fosforeszentzia egiten du zerurantz, ar hegalariak erakarri nahiean. Arrak emea aurkitzen duenean parekatu egiten dira eta ondoren erruketa gertatzen da. Arrautzetatik, emearen antza duten larbak jaiotzen dira, eta metamorfosia burututakoan helduen itxura hartuko dute.
Animalia bitxi hau Europako hegoaldean bizi da, eta arrunta zen Euskal Herriko bazter gehienetan. Nola... zen? Ez al da bada arrunta gaur egun? Antza denez, animalia hau ez da gaur egun garai batean bezain ugaria. Hainbat adituen ustetan atzerakada handi xamarra pairatzen ari da azken urteotan, eta egia esan, hauen hipotesiak zentzuzkoa dirudi. Guri Iratiko basoan gertatu zitzaigun bezala, badirudi beste leku askotan ere ipurtargi arrak gaueko argien atzetik abiatzen direla emeen esperantzan. Baina hara non ipurtargiek, euren eme kuttunen ordez, kaleak, etxeak, kotxeak, kopetargiak... eta abarreko argiekin egiten dutela topo. Jakina, era honetan ugalketa burutu ahal izateko bikotea aurkitzea zaila gertatzen zaie oso eta Irati bezalako ingurune basati xamarretan baino ez dira ipurtargiak behar bezala ugalduko.
Zalantzarik gabe, irtenbide zaileko arazoa da hau. Azken 100 urtetan Euskal Herria zein mundu osoko beste lurralde gehienen itxura guztiz aldatu da. Gauari dagokionean, duela hamarkada gutxi batzuk, kinke, beheko su, edo kandelaren bat ezik inongo argi artifizialik ez zegoenean, ipurtargien sistema arras egokia zen bikotea topatzeko. Azken urteotako teknologiaren garapenak ordea, gero eta argi gehiago egotea ekarri du, eta ustekabean, espezie batzurentzat hau kaltegarri gerta daitekeela ohartu gara. Gauak oraindik ilun diren tokietako populazioak mantenduz, espero dezagun ipurtargi guztiak ez galtzea behintzat! Eta bukatzeko, irakurle, baliteke une honetantxe zure etxeko argiren bat alfer-alferrik piztuta egotea eta zergatik mantendu horrela? Itzaliko bazenu, beste onura askoren artean, bikote-bila dabilen ipurtargiren bati mesede galanta egin zeniezaioke. Harrigarria, ezta?
Espeziea: Lampyris noctiluca |