Araztasunaren kontrola (I): Eremu-sakonera

Nogeras, Itziar

Elhuyar Fundazioa

Bi argazkietan fokua elementu berean dago eta aldatzen den bakarra irekidura da. f16an, irekidura txikian, eremu-sakonera handia da eta elementu gehienak aratz daude. Irekidura handiagotuz (f1,9), eremu-sakonera txikiagotu egiten da eta muturretako elementuak zirriborrotsu azaltzen dira, emaitza erabat aldatzen delarik.

Irudi aratzak lortzeko (eta kontrakoa lortu nahi izanez gero ere bai), araztasun maximoaren arauak jakitea garrantzitsua da.

Diafragmaren irekiduraren baitan dagoen eremu-sakonera (araztasun-eremua, alegia) eta obturazio-abiadura dira argazkiaren araztasunean eragina duten faktore nagusiak.

Atal honetan lehenari helduko diogu eta bigarrena hurrengo atalerako utziko dugu.

Eremu-sakonera, objektu jakin bat enfokatuta, irudian aratz azaltzen diren puntu hurbil eta urrunenaren arteko distantzia da. Erretratu bat egiterakoan, esate baterako, enfokatutakoaz gain bere aurretik eta atzetik aratz azaltzen den eremua dago. Eremu horren sakonera, hautatzen den diafragmaren baitakoa da. Parametro horren aldaketak, batez ere plano desberdinetan dauden elementuez osatutako argazkietan nabaritzen dira.

Urruneko irudietan (paisajean, adib.) edota irudi launetan (eraikuntza baten aurrealdean, adib.) aitzitik, ez da hainbeste nabaritzen; puntu gehienak objektiboarekiko distantzia beretsuan egonik, edozein irekiduratan aratz azaltzen baitira.

Eremu-sakonera erabiltzeko modua.

SLR kameretan, oro har, aldez aurretik hautatzen den agintea da: objektiboa irekidura handienean egoten da argazkia atera bitartean, aukeratutako diafragma edozein dela ere; kilsk egitean bakarrik ixten da diafragmaren iredikura eta horrela, argi gehiago sartzen denez, ez da enfokatzeko arazorik egoten.

Baina, horrez gain, kamera askok badu diafragma hautatutako irekiduran jartzeko botoitxoa. Horren bidez, argazkia atera aurretik eremu-sakonera ikus daiteke. Botoitxo hori sakatuz gero, irudia ilundu egiten da eta lehen zirriborrotsu ikusten ziren zati batzuk aratz ikusten dira.

Kamera argazkia atera beharreko subjektutik zenbat eta gertuago egon eta ondorioz handipena zenbat eta handiagoa izan, hainbat eta txikiagoa da eremu-sakonera. Argazki hau distantzia txikienean enfokaturik eta 5,6ko irekiduraz egina dago. Oso gertu lan eginez, diafragma asko itxita ere eremu-sakonera txikia da. Beraz, enfokearekin kontuz ibili beharra dago. Subjektua ahal den araztasun handienaz atera dadin, bere puntuak objektiboarekiko distantzia berean jarriz atera behar zaio argazkia.

Telemetroa duten kameretan eremu-sakonera ezin da zuzenean ikusi. Hori dela medio, objektibo gehienek berori kalkulatu ahal izateko eskala daramate marrazturik. Eremu sakonerak enfokatutako elementuaren atzealdea eta aurrealdea hartzen du. Irekidura handiez (f2,8 edo f2az, adib.) eremu-sakonera murriztu egiten da eta irekidura txikiez (f16 edo f22az, adib.) eremu-sakonera zabaldu egiten da.

Eremu-sakonera irekiduraren menpe egoteaz gain, subjektuaren handipenaren (subjektuak negatiboan edo argazkian duen tamaina erlatiboa da handipena) menpe ere badago. Eta hori dela medio, subjektura hurbiltzean eremu-sakonera txikiagotu egiten da; handipena handiagotu egiten baita, eta, alderantziz.

Esate baterako, 50 mm-ko objektiboaz eta 1m-ko distantzian, eremu-sakonerak enfoke puntuaren atzealdetik bi heren eta aurrealdetik heren bat hartzen du.

Objektibo gehientxoenek enfokatzeko eraztunaren ondoan irekidura bakoitzari dagokion eremu-sakonera kalkulatzeko eskala daramatela esan dugu. Berau “f zenbakiez” graduatuta dago eta enfoke-puntuaren gainetik eta azpitik aratz zer aterako den adierazten du. Adibidez, irudiko objektiboko enfokea 6,6 m-tan jarrita eta f16-ko diafragman, eremu-sakonera 3 m-tik infinituraino zabaltzen da; f2,8-an, berriz, 5,4 m-tik 7,3 m-raino iristen da.

Eskalak, nahi dugun eremu-sakoneraren arabera, diafragma hautatzeko aukera ematen digu.

Zenbaitetan, lehen planotik hondoraino xehetasunak dituen paisajeari argazkia ateratzean adibidez, eremu-sakonera handia lortu nahi izaten da. Horrelakoetan ez da infinitura enfokatzea komeni izaten. Distantzia hiperfokalean (2. atalean azaltzen da) dagoen puntua bilatu behar da. Puntu hori bilatzeko, lehenik objektiboa infinitura enfokatu eta eraztuneko eremu-sakoneraren eskalan enfokatuta geratzen den puntu hurbilena zein den ikusi ondoren (kasu honetan 5,4 m da f16an), puntu horretan enfokatu beharra dago. Kontutan hartu, gainera, distantzia hiperfokala irekiduraren eta objektiboaren (gu oraingoz “normalarekin” ari gara) arabera aldatu egiten dela.

Beraz, enfokatutakoa aratz geratzen da beti, baina gainerakoaren araztasuna, aukeratzen dugun diafragmaren menpe geratzen da neurri handi batean. Argazkilariaren esku dago aukeraketa hori, lortu nahi dituen emaitzen arabera (eta argiztapen-baldintzek uzten dioten neurrian) jokatu beharko du eta.

Dena dela, ez da ahaztu behar diafragma handiak (“f zenbaki” txikiak) erabiltzen direnean, enfokearekin txikiak (“f zenbaki” handiak) erabiltzen direnean baino kontu handiagoa eduki behar dela. Diafragma txikiez enfokea ez da hain kritikoa, eta latitude handiagoa izaten da. Horrez gain, kontutan hartzekoa da diafragma txikiak erabiliz diafragma handiak erabiliz baino kalitate hobeko argazkiak lortzen direla.

Zerorrek froga zenezake

Kanpoan dagoen eta argi egokia duen gaia bilatu eta lehen planotik hondoraino horren xehetasunak izateko moduan jar zaitez. Gai berari 6 argazki atera:

  • Subjektu nagusia enfokatuz eta irekidura handienean.
  • Irekidura berean eta puntu hiperfokalean enfokatuta (horretarako eremu-sakoneraren eskala erabiliz).
  • Subjektu nagusia enfokatuz eta irekidura txikienean (obturazio abiadura dagokion neurrian handiagotuz).
  • Lehen planoa eta subjektu nagusia enfokatuta eta hondoa desenfokatuta ateratzeko eran enfokatu eta diafragmatu (iredikura txikiagotu). Horretarako eremu-sakoneraren eskala erabili.
  • d)-n bezala, baina hondoaren ordez lehen planoa desenfokatuta utziz.
  • Subjektu nagusiaren xehetasun bat hartu eta gertu-gertutik argazkia ateraz a) eta c)-koa errepika ezazu.

Emaitzak erkatu eta gaiari ongien dagozkienak aukera itzazu.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila