Merkatuan diren liburu, liburuska, aldizkari, dokumental, eta gainerakoak ikusirik, gure inguruko ornodunei buruzko oinarrizko ezagumendua aspaldidanik eskuratua dugula dirudi gehienetan, eta bizimodu ezkutuko animalia misteriotsuak eskualde urrunenetan kokatzen ditugu gure irudimenean, etxetik hurbil horrelakorik geratzea ezinezkoa bailitzan.
Zorionez, ordea, oraindik ez da agortu naturzaleen jakinminak ustiatzen duen iturria, eta ezezagun zaizkigun beren bizimoduarekin erlazionaturiko hainbat eta hainbat atalei dagokienez gaur egun ere makina bat animalia bada. Europako anfibioen artean apo pikarta (Pelodytes punctatus dugu, zalantzarik gabe, espezierik ezezagunenetarikoa.
Apo pikarta (Pelodutes punctatus), igel-itxurako apotxo liraina da, hanka luzekoa, buru triangeluarra duena, eta mutur zorrotzekoa. Tamainaz txikia izaki, bere luzera uzkitik muturrera nekez iristen da 5 cm-ra, normalean 3’5 eta 4’5 cm bitartekoa izaten delarik. Atzeko hankak luze eta meheak izaten ditu, eta hauek animaliaren bizkarrean zehar eta bururantz luzatuz, orpoko artikulazioa begietaraino iristen da arra bada, eta tinpanoraino emea bada.
Hatzak ere meheak eta ia askeak izaten dira, hauen artean mintz interdigitalaren hasikina baino ez duelarik. Begiak handiak eta alde dortsalean nabarmenak ditu, eta beltzez pintarratutako iris horiskan beginini bertikala izatea espeziearen ezaugarri bereizgarrietariko bat dugu. Bestalde, tinpanoa txikia du, bere diametroa begiarenaren 1/3 eta 2/3 bitartekoa izaten delarik. Begiaren atzean, eta tinpanoaren gainean, alderdi guruintsu bat ageri da, eta horrez gainera, alde dortsalean, azala luzetaraka lerrokatutako bikor eta garatxa txiki berde edo arre ilunez jantzia izaten da.
Animaliaren koloreari dagokionez, batetik bestera oso desberdina izan daiteke, baina nolanahi ere, alde dortsala gris berdeska edo arre argia izaten da normalean, orban berde edo arre ugariz apaindua. Alde bentrala, ordea, zuriska eta granulotsu samarra izaten da sabelean, hanketan horiztagoa izaten delarik.
Baina deskribapena alde batera utzi, eta bere bizimodua arakatu nahi dugunean, nahikoa ezezaguna dela ohartzen gara. Izan ere, apo pikarta iharduera gautarreko espezie arras lehortar eta bakartia dugu, eta ondorioz nahikoa zaila da bere ihardueren berri izatea. Edozelan ere, eta dakigunaren arabera, apo pikarta jauzilari bikaina eta lauzikatzaile fina da, eta liraintasun horri esker, portaera erdizuhaiztarra du sarritan, zuhaitz-igela bailitzan sastraka eta zuhamusketan gora aritzen delarik. Egunez berriz, harripetan, edota berak indusitako zulo eta barrenbideetan ezkutatzen da.
Gure inguruko gainerako anfibioak bezala, apo pikarta ere ornogabe desberdinez elikatzen den harraparia dugu, eta intsektuak, moluskuak, zizareak, kukurutxak, eta abar hartzen ditu ehizakitzat.
Nolanahi ere, martxo edo apiril aldera ugaltzeko sasoia iristen zaio apotxo bitxi honi, eta bere joera lehortarra utziz, putzu edo errekatxoren batera hurbildu beharra izaten du. Anuruetan ohizkoa denez, apo pikartaren kasuan ere arrak izaten dira uretaratzen lehenak, eta eztarrian barruan duten aho-zorroaz baliatuz kantari hasten dira emeak erakarri nahian. Sexu biak elkartuz gero, akoplamendua anplexu lunbarrez burutzen da, baina helburu horrek makina bat borroka eragin dezake ar lehiakideen artean.
Arrautzak kanporatzen doazen heinean ernaltzen dira, eta eme bakoitzak 1.000 eta 1.500 arrautza errun ditzake, hauek 50-100 aleko multzotan eta landare urtarretan itsatsita uzten dituelarik. Bertatik jaiotzen diren apaburuak izugarri handitzen dira, metamorfosia burutu aurretik 65 mm-ko luzera lor dezaketelarik; animalia helduarena baino handiagoa alegia!
Apo pikarta Europako mendebaldean bizi den anurua dugu, batipat Belgikan, Luxenburgen, Italiako iparraldean, Frantziako estatuan eta Iberiar penintsulan detektatu delarik. Penintsulari dagokionez, Kantaurialdean izan ezik eskuarki aurki daiteke, baina bere banaketa eta habitat-hautaketa ez daude oraindik oso garbi. Izan ere, duela gutxi arte oso datu gutxi zegoen espezie honi buruz, eta gaur egun ere ez dago informazio gehiegi.
Euskal Herrian apo pikarta eremu subkantauriarrean eta eskualde mediterraniarrean ikusi da batez ere, ugariena Araba eta Nafarroako hegoaldean delarik. Ingurune hauetan nekazal eremuak eta sastrakadi mediterraniarrak bide ditu gogokoen, baina erkamezti eta artadietan ere ikusi izan da, beti ere errekasto eta ur-masa txikietatik gertu aurkitu ohi delarik. Iparraldeari dagokionez berriz, ez dugu datu zehatzik, baina Frantziako estatuan zabal banatuta dago, eta Pirinioetan ere isuralde bietako datuak badira, hauetariko batzuk oso leku hezeetan kokatzen direlarik. Nolanahi ere, bere ekologia eta biogeografia oso dira ezezagunak oraindik, eta datu gehiago beharko dugu animaliaren izaera eta estatusari buruzko inolako iritzi garbirik izan aurretik.
FITXA TEKNIKOA Apo pikarta Espeziea: Pelodytes punctatus |