Antartikako itsas hondoa

Andonegi Beristain, Garazi

Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Itsasoko eta itsas hondoetako bizidunen ezagutza mugatua du oraindik zientziak. Hain zuzen ere, ikertzaile-talde bat Antartikako biodibertsitatea ezagutzeko bigarren kanpaina abiatzera doa. Horien artean, EHUko biologo bat joango da.

Bellingshausen itsasoa

Hesperides itsasontzi ozeanografikoak Bellingshausen itsasoan lan egingo du. Itsaso horretan eguraldiaren baldintzak oso gogorrak dira, eta, horregatik, oso azterketa gutxi egin dira. Aldi berean, horrek esan nahi du gizakiaren eraginetik kanpo egon dela.

Priapulus tuberculatospinotus espezieko itsas zizarea.

Kasu honetan, espedizioko zientzialariek itsas hondoa aztertuko dute, 2.000 m-ko sakonera arteko itsas hondoa, eta, horretarako, sare itxiko arrasteak eta berunezko dragak erabiliko dituzte.

Bi metodoak osagarriak dira. Arrasteko sarearekin itsas hondoa orrazten da, eta, han bizi diren espezie guztiak nahas-mahasean jasotzen dira.

Aldiz, berunezko draga itsas hondora jaurtitzen da, eta, hondoarekin talka egiten duenean, 50 x 50 cm-ko lagin bat hartzen du. Lagin hori kuantifikatua da, hau da, metro karratuko zenbat espezie dauden, zer biomasa duten eta abar kalkula daiteke.

Behin lagin horiek itsasontzira iristen direnean, lokatza garbitu eta talde edo filumetan sailkatzen dira, adibidez: belakiak, koralak, poliketoak, moluskuak, ekinodermatuak, arrainak... Artean bizirik daudela, argazkiak ateratzen zaizkie eta, azkenik, alkohol edo formoletan sartzen dira laborategietara eramateko.

Espezie berri bat sailkatzeko

Animaliak kaira iristen direnean hasten da banaketa. Hain zuzen ere, Leioara, itsasoko bi zizare- edo vermes -talde iristen dira azterketa taxonomikoak egiteko.

Azterketa taxonomiko horien helburua espezieak identifikatzea da, espezie berria edo lehendik deskribatutakoa den jakitea, alegia. Horretarako, animaliaren kanpoko eta barneko anatomia zehatz-mehatz aztertzen da —lupa eta mikroskopioa erabilita—. Kontuan izan behar da animalia horiek 1 eta 150 mm arteko tamaina izaten dutela.

Laborategian bertan, argazki gehiago ateratzen zaizkie ezaugarri bereziren bat identifikatzeko, eta, amaitzeko, itsas zoologiako aldizkari espezializatuetan haien sailkapena proposatzen da.

Hain zuzen ere, aurreko kanpainan vermes -espezie berri bat aurkitu zuten espedizioko kideek eta, orain, azterketak amaituta, espeziearen izena eta ezaugarri morfologikoak proposatuko ditu Leioako ikertzaileak, komunikate zientifikoak onar dezan.

Beraz, itsas hondoetako biodibertsitatearen azterketek, pixkanaka bada ere, emaitza interesgarriak ematen dituzte. Beranduegi ez izatea nahi genuke; izan ere, espezie asko guk ezagutu aurretik desagertzen ari direla uste dute adituek.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila