Animaliak, laborategiko lehengaiak

Lexartza Artza, Irantzu

Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Mundu osoan 100 milioi animaliatik gora erabiltzen dira ikerketarako urtero. Animaliekin egindako saioak hainbat esparrutan garatzen badira ere, giza osasunarekin lotuta dauden proiektuak dira nagusi. Egun erabiltzen diren tratamendu medikoetatik asko animalietan egindako esperimentuen bitartez lortu dira.

Apaingelan eta gerran ere bai

Aspalditik egin izan dira esperimentuak animaliekin. 1859an, Darwinek animaliak erabiliz giza fisiologiaz ikasteko metodo zientifikoa kaleratu zuen. Ordutik, asko sofistikatu dira saiakuntzak (kasu gehienetan). Zientziak aurrera egin ahala, gainera, gehitu egin da erabilitako animalia-kopurua. Gaur egun, Europako Batasunean animalia bat erabiltzen da hamabi minutuko, Japonian bat bi minutuko eta Estatu Batuetan bat minutuko. Europako Batasunean ikerketarako animalia gehien erabiltzen dituen estatua Erresuma Batua da, eta, haren ondoren, Frantzia eta Alemania.

Ikerketan animalia-mota bat baino gehiago erabiltzen badira ere, karraskariak dira laborategietako izarrak, eta bereziki saguak eta arratoiak. Animalia horiek erabiltzeko bi arrazoi nagusi daude: azkar ugaltzen dira eta prozesuak epe laburrean ikusteko aukera ematen dute. Gainera, ugaztunak izanik, haien organismoak antzekotasun nabarmenak ditu giza organismoarekin. Beste ugaztun batzuk ere antzekotasun horregatik erabiltzen dira.

Ugaztunak ez diren animaliekin ere egiten dira ikerketak, ordea, eta azken urteetan odol hotzeko espezieen kopuruak gora egin du hainbat herritako laborategietan. Ikerketak garatuz joan diren heinean, espezializatu egin dira zenbait lekutan animalia horietako asko helburu jakin batzuetarako hazten. Arrunta izaten da, gainera, animalia bera esperimentu bat baino gehiago egiteko erabiltzea.

Askotariko helburuak eta bideak

Baina, zer helburu lortu nahi dira animalia horiekin esperimentuak eginez? Oso desberdinak izan daitezke, hasi industrian erabiliko den gai baten toxikotasuna neurtzetik eta minbiziaren aurkako terapia berri bat sortzeraino.


Animaliekin esperimentuak egiteko prozedura bati jarraitu behar zaio.
Argazkiak: Peta eta Roslin Institute

Esperimentu guztiz desberdinak egin daitezke, beraz, azken helburuaren arabera. Produktuen korrosibotasuna neurtzeko probetan, esaterako, anestesia duten untxien bizkarrean jartzen da normalean produktua. Txerto berriak lortzeko saioen kasuan, berriz, animalien sistema immuneak aztertzen dituzte, eta probatu nahi duten substantziaren aurrean nola erantzuten duten ikusten dute. Horretarako, birusaren eraginpean jarri, eta horri aurre egiteko zer dosi behar den eta zer ezaugarri izan behar dituen aztertzeko probak egiten dituzte.

Beste gaixotasun batzuekin lan egiten denean, animaliei gaitza eragin eta tratamenduak aplikatzen zaizkie. Askotan, baldintza edo estimulu desberdinen eraginpean jartzen dira, garrantzia izan dezaketen aldagai guztiak identifikatzeko. Prozesu osoaren jarraipena egiteko, arrunta izaten da jarraipen-tresnak txertatzea animalien gorputzetan, batez ere neurologia-arloko ikerketetan.

Gero eta ohikoagoa bihurtzen ari da, gainera, animaliei aldaketa genetikoak eragitea esperimentuetarako baldintza egokienak lortzeko. Horretan, asko lagundu dute azken urteetako genomaren inguruko aurrerapenek.

Urteak joan ahala, laborategietan animaliekin egiten den lana erregulatzeko beharra ikusi zuten hainbat herritan. Britainiarrak izan ziren aitzindari arlo hori arautzen. 1876an, Erresuma Batuko Animalien Kontrako Krudelkeriaren Legea onartu zutenean, esperimentuetarako protokolo bat adostu zuten, eta egun leku askotan erabiltzen den lizentzia-sistema ezarri zen. Estatu Espainiarrean ere lizentzia behar da, eta eskarian adierazi egin behar da zer esperimentu egingo den, zer animalia erabiliko diren, eta zer prozedura eta helburu izango dituen. Lizentzia-sistema duten herri gehienetan, gainera, laborategietan animaliak edukitzeko eta erabiltzeko protokoloak dituzte.

Animaliak erabiltzeko moduaz gain, lorpenak onartzeko arauak ere ezarri dira. Erresuma Batuan, adibidez, edozein droga berri gutxienez ugaztun bitan probatu behar da, eta bietako batek ugaztun handia izan behar du, ez karraskaria. Txerto berrien kasuan, txertoa efektibotzat hartzeko, txertatutako animalien % 80k bizirik iraun behar du gaitz baten eraginpean jarri ondoren.

Bestalde, lehen LD50 (lethal dose 50%) sistema erabiltzen zen produktu baten toxikotasuna edo droga baten arriskua neurtzeko. Sistema horren arabera, 200 animaliarekin egin behar zen saioa, talde-erdia hilko zuen dosia kalkulatzeko. Egungo protokoloaren arabera, erabilitako animalien % 10 hiltzea nahikoa da produktuaren toxikotasuna ezartzeko, neurriak asko zorroztu dira eta. Bestalde, animalia gutxiago erabiltzeko asmoz, metodo estatistikoak garatu dira datuak estrapolatu ahal izateko. Hainbat tokitan, substantzia batek lehenengo hiru animaliak hiltzen baditu, ez dago proba gehiago egiteko beharrik.

Proba ugari egiten dira animalien organismoak nolakoak diren eta nola funtzionatzen duten jakiteko.

Gainera, aurkikuntza bat egiten denean, zabaldu aurreko azken pausoa beste laborategi batean probatzea da, emaitza berberak lortzen direla ziurtatzeko. Horren ondoren etorriko dira gizakiek produktua erabiltzeko saioak.

Gizakien onerako

Asko izan dira giza gaixotasunen kontra eman diren aurrerapausoak animaliekin egindako esperimentuei esker. Gaur egun arruntak diren hainbat teknika eta tratamendu animaliak erabiliz garatu dira. Hori da, adibidez, anestesiaren kasua.

1885ean, gaitz infekziosoak animaliekin ikertu ondoren, koleraren eta amorruaren aurkako txertoa egin zituen Pasteur-ek. Hori zerrenda luze baten hasiera baino ez da, beste hainbat txerto lortu baitira animaliekin egindako ikerketen ondorioz, esaterako, polioarena, errubeolarena, tuberkulosiarena, elgorriarena, hazizurriena eta abar.

Egun ikertzen ari diren txerto garrantzitsuenak ere animaliekin ari dira probatzen, edo probatu dituzte. Horrela egin zuten Afrikan, adibidez, orain gizakietan probatzen ari diren Ebolaren aurkako txertoarekin.

Bestalde, animalietan egindako ebakuntzak laguntza handikoak izan ziren organo-transplanteen eta bihotz-ebakuntzen teknikak garatzeko. Antibiotikoek eta diabetearen eta minbiziaren kontrako tratamenduek animaliekin egindako proben mendekotasun handia dute.

Baina, nahiz eta animaliekin egindako ikerketa askoren emaitzek itxaropen handiak sortu, batzuetan handiegiak izaten dira animalien eta gizakien arteko ezberdintasunak. Zientzialari askoren ustez, esperimentuetan oreka daitezke ezberdintasun horiek, baina behin baino gehiagotan gertatu izan da animalietan emaitza ikusgarriak ematen zituen tratamendu batek ez izatea eragin bera gizakietan.

Bestalde, hainbat produktu eta droga animalietan probak egin ondoren gizakietan probatu eta merkaturatu egin dira, eta, epe luzera, gizakietan animalietan agertzen ez ziren arazoak sortzen dituztela ikusi da. Talidomida drogaren kasua izan zen, adibidez. Droga hori haurdunaldiko zorabioei aurre egiteko erabili zen 1955 eta 1967 bitartean, eta malformazio larriak eragin zituen milaka haurretan.

Milioika animalia hazten dira urtero laborategietan erabiltzeko helburuarekin.
Westwood University

Kontrakoa ere gertatu izan da, eta animalietan eraginik ez zuten edo arazoak sortzen dituzten produktu batzuk oso garrantzitsuak dira gizakientzako. Digoxinak, esaterako, kalte larriak eragiten zituen animalietan, baina bihotzeko gaitzak tratatzeko oinarrizko medikamendua da. Espezieen artean erantzun desberdinak lor daitezke, gainera, eta probak ez badira espezie egokiarekin egiten, baliabide asko gal daitezke.

Maila askotako arazoak

Arazo horiei gehitu behar zaie animaliei sufrimendua eta heriotza eragiteak dakarren eztabaida etikoa. Animaliekin egindako ikerketek aspalditik eragin dituzte horrelako kezkak. Esate baterako, Russel eta Burch ikertzaileek, 1959an, arau batzuk kaleratu zituzten ikerketan animalien kopurua eta sufrimendua gutxitzeko eta saioen kalitatea hobetzeko.

Horren harira, Europako Parlamentuak 2000. urterako animalien erabilera % 50 gutxitzeko erabakia hartu zuen, baina erabaki hori ez da bete. Batasuneko estatuek metodoak optimizatzeko konpromisoa hartu zutenetik, neurketak egin dituzte, eta 1996tik 1999ra erabilitako animalien kopuruak behera egin bazuen ere, 2002rako berriro egin zuen gora.


Asko garatu da animaliekin egindako esperimentazioa.
Argazkiak: Peta, Free Image archive eta Peta.

Beste alde batetik, Europako Batasunak eta beste hainbat erakundek metodo alternatiboetan inbertitzeko konpromisoa hartu zuen. Animalien babeserako elkarteen arabera, ordea, konpromiso hori ez da betetzen, ezta Russel eta Burch-en arauak ere. Horietako elkarte batzuk legedia zorroztea eskatzen dute, edo, hainbat kasutan, indarrean dauden legeak betearaztea.

Beste zenbait taldek, aldiz, animaliak esperimentuetan erabiltzea erabat debekatzea nahi dute. Batzuek gogor egiten dute horren alde eta esperimentuak egiten dituzten laborategi eta ikertzaileen kontra. Erresuma Batuan, adibidez, zientzialari asko mehatxatuta daude, eta laborategien kontrako erasoak maiz gertatzen dira. Ondorioz, diru asko inbertitzen dute segurtasunean, eta gastu horiek hainbat proiektu bertan behera geratzea eragin dute. Hori izan da Ingalaterran eraikitzekoa zen Europako primate-laborategi handienaren kasua.

Arlo honetako beste kezka bat dauden interes ekonomikoek sortzen dute. Estatu Batuetan bakarrik 18 mila milioi dolar baino gehiago inbertitu ziren iaz. Ikertzaile batzuen ustez, ikerketak moteldu egiten dira interes ekonomiko horiengatik. Izan ere, farmazia-industriek eta inguruko beste hainbat industriak, laborategiko animaliak merkaturatzen dituztenak, kasu, esperimentuak luzatzeko interesa izan dezakete.

Bestalde, askok uste dute esperimentuak gutxitu eta emaitzak optimizatu egin daitezkeela, ikerketak errepikatu egiten baitira leku desberdinetan, komunikazio-falta eta lehia ekonomikoa direla medio. Ondorioz, beste gai batzuetarako erabil zitezkeen baliabideak galdu egiten dira. Aurkikuntza asko ez dira komunitate zientifikoaren esku jartzen, eta laborategi pribatuek gorde egiten dituzte luzaroan, nahiz eta baliagarriak izan beste ikerketa batzuk garatzeko.

Horri guztiari aurre egiteko, gobernuz kanpoko zenbait erakundek eta erakunde ofizialek hainbat herrialdetan eta enpresa pribatutan lortutako datuak konpartitzea eskatu dute, lanak errepika ez daitezen, lorpenak lehenbailehen erabilgarri izan daitezen eta baliabideak gal ez daitezen. Gainera, nabarmendu dute ordezko sistemak probatzeko nazioarteko programak koordinatu beharra dagoela.

Arazoak arazo, animaliekin egiten diren esperimentuek toki handia betetzen dute ikerketan, eta, zientzialarien esanean, ordezko teknikak ez daude oraindik behar beste garatuta. Hortaz, aurrerantzean ere, zientzian emango diren aurrerapauso asko esperimentu horien ondorio izango direla dirudi.

Iturria: Europako erkidegoen batzordea
Iturria: Europako erkidegoen batzordea. 1999ko datuak.
Iturria: Europako erkidegoen batzordea. 1999ko datuak.

Hainbat industriak erabiltzen dituzte animaliak beren produktuak ikertzeko. Horietatik batzuk besteak baino polemikoagoak izaten dira. Kosmetikoen industriako laborategietan, adibidez, oso arrunta da animaliak erabiltzea, eta behar horri buruz eztabaida gogorrak izan dira mundu osoan. Europako Batasunak kosmetikoak egiteko osagaiak zein produktu amaituak animaliekin probatzea debekatzen zuen araudi bat onartu zuen 2002an.

Eztabaida duela 15 urte baino gehiago hasi bazen ere, luze jotzen ari da. 1996an Batasuneko zortzi estatutan egiten ziren kosmetikarako esperimentuak, eta 1999an lautan; estatu horietan animaliekin egiten ziren esperimentu guztietatik % 0,4 ziren kosmetikoen arlokoak.

Peta

Hala ere, debekuaren hainbat puntu ez dira indarrean sartu oraindik. Animalietan probatutako produktu berrien merkaturatzea debekatuko duena da eztabaidagarrienetako bat. EBtik kanpoko herrialde askotan oraindik ere egiten dituzte horrelako saioak, eta debekuak arazoak izan ditzake Munduko Merkataritza Erakundearen arauekin. Gainera, kosmetikoen enpresa nagusietan ez dute begi onez hartu erabakia, diru-galera handiak sortuko baitizkie; haien esanean, ez dute metodo alternatiborik. Beste konpainia batzuk hasiak dira propagandan adierazten berenproduktuak ez dituztela animaliekin probatzen.

Ezezagunagoa izan arren, eztabaida sortzen duen beste esparru bat ikerketa militarrena da. Herri askotan erabiltzen dituzte animaliak gerrarako esperimentuak egiteko, horiei buruzko datuak izatea oso zaila bada ere. Arma arrunten eraginaren azterketak, minari buruzko ikerketak, gerra kimikorako probak, erradiazioen ondorioen neurketak eta abar egiten dira animaliekin.

Bestalde, ikerketa militarretan lan handia egiten dute birusekin, eta birus horietako asko laborategietan eraldatzen dira. Horregatik, gaixotasunen kontrako emaitza asko armadetako ikertzaileek ematen dituzte. Hala ere, erakunde askoren ustez, sekretupean geratzen dira beste emaitza asko eta ezin dira mundu zibilean erabili.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila