Bi etxeren arteko zirrikitu batetik sartuta iristen da Albaolakoen ontziolara. Han, ontziolaren sarreraren ondoan, oso txalupa xelebrea dago; XIX. mendean Aturri ibaian izokina harrapatzeko erabiltzen zutenaren berdina. Txaluparen brankak eta txopak gorantz egiten dute; izan ere, ibaiertzak aldapatsuak eta lokatzezkoak dira, eta forma horrek ontzian sartzen eta ateratzen laguntzen du.
Gondola-tankera hartzen diote askok, egiptoarren ontzi zaharrena, agian. Baina hemengoa da; euskal ontzi tradizionala da. "Harridura sortzen duenak ez luke harridurarik sortu behar" dio Xabier Agote Albaolako sortzaileak. "Ezagutu beharko genituzke hemengo itsasontziak".
Hemengo itsasontziak, bai. Baina zergatik hemengo itsasontziak? Ez dira itsasontzi denak berdinak? Ontzi tradizional handiak, oro har, bai. Azken batean, fragatak eta horrelako barkuak herri batetik bestera joaten ziren, merkataritzako bidaia luzeak egiten zituzten. Horien bitartez, herrien artean harreman handia zegoen, eta, ondorioz, barku handien diseinua bera erraz kopiatzen zuten leku batetik bestera. Ondorioz, leku guztietan berdintsuak izaten ziren.
Ontzi txikien diseinua, aldiz, erabat aldatzen da herri batetik bestera, batez ere arrantzaleek erabiltzen zituzten ontzietan. Hemengoak hemen erabiltzeko sortu ziren, oso eremu txikian, eta hemengo kondizioetan nabigatzeko prestatu ziren. Euskal Herrian haizea ez da oso egonkorra, batzuetan ez da haizerik batere ibiltzen, udaran batez ere. Beraz, ontziaren mugimendua ezin zuten haizean oinarritu, eta arraunek belak bezainbesteko garrantzia hartu zuten.
Galizian eta Bretainian, adibidez, itsasontzi tradizionalek ez dute ia arraunik; oro har, portuko maniobrak egiteko baino ez zituzten erabiltzen, oso haize ona zutelako. Hemen, aldiz, ez. Hala eta guztiz ere, haizea zenerako, prest izaten zituzten belak eta bazekiten nola erabili.
Baina ezberdintasun bakarra ez zen arraunena; ontziaren diseinua ere aldatzen da. Logikoa da: arraun egiteko komeni da txalupak arinak izatea. Beraz, ontziaren urpeko zatiak oso azalera txikia izan behar zuen, urarekiko erresistentzia ahalik eta txikiena izateko; hain juxtu, belaontziek izaten duten diseinuaren alderantzizkoa. Traineruak, adibidez, ez du gilarik, eta belaontzian, berriz, ezinbesteko osagaia da.
Bestalde, ontziaren funtzioak ere badu eragina diseinuan. Arrantzan, adibidez, arrain-motaren arabera ontzi-mota bat edo beste erabiltzen da. Euskal Herrian antxoa harrapatzeko erabili dena eta Galizian olagarroa harrapatzekoa oso ezberdinak dira. Eta, nahiz eta toki berekoak izan, arrantza-motaren arabera ere aldatu egiten da erabili beharreko ontzia. Izan ere, sardina harrapatzea eta atuna harrapatzea, adibidez, oso jarduera ezberdinak dira.
Horrek aztarna handia utzi du itsas ondarean. "Hemengo itsasontzietan, eta batez ere itsasontzi txikietan, sekulako aberastasuna dago" dio Agotek. "Lehorreko arkitekturak gure izaeran aztarna utzi duen bezala, itsasokoak ere utzi du. Baina egurrak ez du harriak bezainbeste irauten, eta txalupa bat galdu egiten da berrogeita hamar edo hirurogei urtean".
Dena dela, ontziak usteltzen badira ere, 'itsas arkitektura' hori ezagutu eta berreskuratu egin beharko litzateke. Ideia horrekin jaio zen Albaola elkartea. Lehen aldiz egin dituzte itsasontziak eguneroko bizimodutik desagertu zirenez geroztik.
Maine estatuko ontzigintza-eskola batean, Estatu Batuetan, eman zioten Xabier Agoteri aukera euskal traineru bat eraikitzeko. Traineruaren planoak lortu, ikertu eta osatu zituen Agotek, eta material hori erabili zuen bere lehen ontzi tradizionala egiteko.
Dirua behar zuen hori egiteko, baina oso ideia ona izan zuen: Amerika osoko euskaldun-taldeei eskatu zien dirua han trainerua egin, eta Euskal Herri zaharrean bizi diren guztiei opari emateko. Euskal etxe bakoitzak ahal izan zuen neurrian lagundu zuen proiektuan, baina den-denek hartu zuten parte.
Traineru eta guzti, Agote Euskal Herrira itzuli zen eta oso estropada berezia antolatu zuen ontzia ezagutarazteko; euskal kostalde osoa arraunean egin zuten traineruarekin: hogeita bederatzi eskala hogeita bederatzi egunetan. Gainera, herrietako bertako eskifaiak izan ziren ontzi horretan arraunean; esate baterako, Oriokoek Donostiara eraman zuten ontzia, hurrengo egunean, donostiarrek Pasaiara eta abar. Guztira 350 lagunek hartu zuten parte.
Ekitaldi polit bat egiteaz gain, bidaia horren bidez, ideia prentsaren bitartez zabaltzea lortu zuen Agotek. Horrela ezagutu zuen Oarsoaldeko Garapen Agentzia. Agentzia horretan argi zeukaten Pasaia nahiko inguru degradatua zela, eta bultzatu beharrekoa. Eta, horretarako, proiektu berrien bila ari ziren.
Xabier Agotek Pasai Donibaneko lokal bat ontziola bihurtzeko ideia eman zien, eta ez ontziola soilik; itsasontzi tradizionalen ikerketa- eta eraikuntza-zentro bat antolatu nahi zuten. "Oso egokia iruditu zitzaien, eta lagundu egin zidaten, gogo handiz, gainera. Oso eskertzekoa da".
Elkarteak lau urte daramatza ontziola horretan lanean, eta, pixkanaka, lan-taldea osatzen ari da. Langile berriek ofizioa ikasten duten bitartean, etengabe ari dira itsasontziak egiten. Dagoeneko, zazpi ontzi burutu dituzte. Albaolakoen lanaren sekretua gauzak ondo egitea da; behar den denbora hartzen dute pieza bakoitza egiteko, eta, hala, ontziaren kalitatea zaindu egiten dute, nahiz eta horretarako denbora asko behar den.
Argi daukate nola egin behar dituzten gauzak. Besteak beste, beren lana ikusgai dute, ontziola irekita dute bisita egin nahi duen guztiarentzat. Horregatik, museo txiki bat jarri dute ontziolaren atzealdeko gelan.
Proiektu horretan parte hartu nahi dutenentzat badago tokia Albaolan. Izena euskal txalupek alboan zuten pieza bati zor diote, ontziaren saihets guztiak elkarlotzen dituen piezari, hain zuzen ere. Era berean, Albaola elkarteak jendea batu nahi du.
Hala ere, Agotek nabarmendu du ez direla kirol-talde bat, ezta aisialdi-talde bat ere. Bestetik, jende askoren eskaerak izan arren, ez dute enkargurik onartzen. Izan ere, hala eginez gero, behartuta leudeke kanpoko langileekin lan egitera. Beren asmoa, ordea, duten lantaldea ondo trebatzea da. Ondo pentsatuta, filosofia egokia da horrelako lan baterako, baina ez da askotan topatzen inguru hauetan.
Pasaiako portua
Garrantzi handia izan du Pasaiak itsas historian; izan ere, Euskal Herriko, Kantauri Itsasoko eta Frantziaren zati handi bateko porturik handiena izan da. Arrazoia kostaldearen forma da; badiak fiordo-forma du, eta, horregatik, ontziek ez zuten inoiz arazorik izaten porturatzeko. Beste portu askotan, ordea, sakonerak ez zuen aukerarik ematen ontziak marea beheran sartzeko. Pasaiako badiak erabateko babesa ematen dio ontziari. Hurrengo portu garrantzitsua La Rochelle zen. Nahiz eta Bordeleko bokala gertuago izan, ibaien bokalek arazo handi bat dute: ur-laster handiak dituzte.
Beraz, Pasaia garrantzi handiko portua izan da, eta hango ontzigileek ospe handia zuten. Caracasko Errege Kopainia Gipuzkoarraren egoitza han izatea ez da kasualitatea. Gainera, Pasaiako gizon gehienek egiten zuten lan konpainia hartan, itsasoan, eta, emakumeak portuan bertan gelditzen ziren. Horregatik, Pasaiako batelari ospetsuak emakumeak ziren.
Sabela izatearen onura
Aspalditik asmatu dira zergak ez ordaintzeko trikimailuak. Zaila da imajinatzea herritar xumeek zer asmatu zituzten zeukaten diru apurrari eusteko, edo, kasu batzuetan, diru hori ondasun handia bihurtzeko. Ontzigileen gremioa ez zen horretan salbuespen bat izan. Besteak beste, asmakizun ederrak egin zituzten itsasontziek garraiatzen duen zama ezkutatzeko.
Batzuetan historia oso deigarria izaten da. Esate baterako, Erdi Aroan asmatutako trikimailu horietako batek urtetan iraun zuen, baina, denboraren poderioz, zergekin zuen lotura galdu zuen. Trikimailua ontziaren forman datza.
Zama, eta, beraz, zerga zenbatekoa zen zehazteko, ontziaren bizkarra neurtzen zuten; luzera eta erruna, hau da, zabalera. U formako kroskoetarako neurketa egokiak ziren. Ontzi askotan, ordea, sabel moduko bat egiten zioten kroskoari, azpitik zabaldutako U baten itxura emateko, eta mugalariek eta zergariek kalkulatzen zuten baino zama handiagoa eraman ahal izateko.
Hasiera batean tranpa zenak oso emaitza onak eman zituen itsasoan. Egonkortasuna emateaz gain, karelak eutsi egiten zion arrantzaleari sarea jasotzen ari zenean. Eta, beraz, diseinu horrek iraun egin du itsasontzi txikietan.
Mendez mende nabigatzen
Orain, potin bat uretaratu dute, hau da, XIX. mendean bisigua eta legatza harrapatzeko erabiltzen zen txalupa bat. Baina dagoeneko badute lanean jarraitzeko beste ideia bat. XVI. mendeko galeoi bat egin nahi dute, eta, horretarako, leku aproposaren bila ibili dira.
Pasai Donibaneko ontziolan gehienez bederatzi metro luzeko ontziak egin daitezke, eta galeoiak 23 metro izango ditu. Gipuzkoako Foru Aldundiak ontziola zahar bat utziko die, Pasai San Pedron, galeoia han egiteko.
XVI. mendean, galeoiak baleak harrapatzera joateko erabiltzen zituzten; Ternuara joaten ziren, han balea harrapatu, eta animalietatik ateratzen zuten olioa upeletan ekartzen zuten Euskal Herrira. Dena dela, ez ziren itsasontzi handiak izaten; gaur egungo arrantza-ontzien antzekoak ziren tamainan.
Bi mende geroago, gerrarako moldatu zituzten ontziak; kanoiak sartu behar zituzten, armak, soldadu asko eta hori guztia hornitzeko behar ziren ura, elikagaiak eta abar. Beraz, ontzi handiak bilakatu ziren galeoiak XVIII. mendean. Ontzigintzan ez ezik basogintzan ere eragin handia izan zuen aldaketa hark.
Albaolako ontzigileek San Juan galeoia egin nahi dute. Ontzi hori asko ikertu da, eta itsasontzi garrantzitsua da; hain zuzen ere, UNESCOk aukeratu egin du urpeko ondarearen logotipoan jartzeko. Ez da gutxi!