Aizkorri mendizale eta artzainen parke naturala

Euskal Autonomia Erkidegoko Parke Naturalen sarea osatu asmoz, Jaurlaritzak izendatuko duen hurrengo ingurune natural babestua, Aizkorriko mendikatea eta bere inguruko lurraldeek osaturikoa izango da. Euskal mendizale askoren harrobi izan diren inguru hauek, balio naturalistiko interesgarriak dituzte ezkutuan gordeak eta, beraz, berauek babestea premiazkotzat jo da.

Aski ezaguna da Aizkorriko mendikatea Gipuzkoako hegoaldean dagoela, Nafarroa eta Arabarekin muga eginez. Aski ezagunak dira era berean, batez ere mendizaleen artean, Arantzazu, Urbia, San Adrian, Aizkorri, Aketegi, Aratz eta inguruetako guneak.

Parke izendatzea burutzeko dagoenez, ezin esan zehatz-mehatz nondik norako lurrak barne hartuko dituen ingurune babestuak, baina ez da mugatuko Aizkorriko mendilerrora soilik. Izan ere, inguruetako lurralde, paisaje eta mendi-tontor adierazgarrienak barne hartuko ditu. Esaterako, Gipuzkoa eta Arabako lurraldeak hartuz, 20.000 ha inguruko azalera ei du. Izan ere, Arlaban eta Otzaurteko lepoen arteko lurraldeak barne hartuko baititu. Gipuzkoako aldean honako udalerriak izango dira parkearen baitan; Eskoriatza, Aretxabaleta, Leintz-Gatzaga, Oñati, Legazpi, Zerain eta Zegama. Arabakoetatik berriz, Asparren eta Donemiliaga. Hauetaz gain, Gipuzkoa eta Arabako Partzuergoko lursailak ere Parkearen baitan izango dira.

Jende askoren ustetan EAEko mendi-tontorrik garaiena Aizkorri bada ere, berez, tontorrik altuenak, Aitxuri (1.549 m) eta Aketegi (1.548 m) dira, eta ez Aizkorri (1.524 m). Tontor hauek guztiak Aizkorri-Aloña mendilerroan ditugu, eta aski ezagunak dira. Hala ere, inguruetan badira, hain ezagunak ez diren eta aurrekoak bezain ederrak diren mendilerroak, hala nola Elgea eta Urkillako mendilerroetan dagoen tontor ugari.

Azalera handiko lurraldea izanik, paisaje eta ekosistema oso heterogeneoak topatuko ditugu ingurune babestu honetan, bakoitzak bere landaretza eta fauna bereizgarriak izango dituelarik. Oro har, eta zertzelada labur baten bidez azaltzeko, erreka eta ingurune urtarrei loturiko ekosistema aberatsak topatuko ditugu alde batetik. Bestetik, baso-komunitate interesgarriak ikus daitezke ingurune hauetan, eta azkenik, mendi-tontor altuetako ekosistema bereziak izango ditugu. Landaretzari dagokionez, Legazpiko Barrendiola inguruan dauden hariztiak azpimarratu daitezke alde batetik, askoz ugariagoak diren pagadi azidofiloak ahaztu gabe.

Ezin esan zehatz mehatz nondik norako lurrak barne hartuko dituen ingurune babestuak baina inguruetako lurralde, paisaje eta mendi tontor (argazkiko Aratz, esaterako) adierazgarrienak barne harutko ditu. (J. Larrañaga).

Parke honetako baso, larre eta mendietan bizi diren animalien zerrenda ere amaigabea da, baina ezer azpimarratzekotan, inguru hauetan kumatzen ari diren sai-arreak, sai-zuriak, aztoreak eta belatzak aipa daitezke. Azken urte hauetan arrano beltza ere inguratu da lurralde hauetara, baina oraindik ezin jakin bertan kumatzen ari den ala ez. Ugaztunei dagokionez, lepahoriak, kataginetak, basakatuak, orkatzak eta basurdeak azpimarra daitezke, parkeko biztanle direlako.

Argi dago ingurune honetako balio naturalistikoa oparoa dela eta berau ezagutzeko interesa duenak izango du, lerro hauetatik at, gaian sakontzeko aukera; parke natural guztietan gertatu ohi denez, eskura izango baitira etorkizunean interpretazio- eta azalpen-zentroak.

Nolanahi ere, parke honetan badira, alde naturalistikoez gain, alde batera utzi ez daitezkeen elementuak. Esate baterako, ingurune hauek eskaintzen dituzten aukera kulturalak garrantzitsuak dira, baserri-giroarekin lotuak batzuetan eta erlijio-kutsukoak beste zenbaitzuetan. Horren adibidetzat har dezakegu azken urte hauetan inguruko hainbat herritan dagoen eskaintza turistikoa, hala nola Zeraingo museo eta ibilbide etnografiko gidatuak, Legazpiko burdin museoa, Leintz-Gatzagako gatzagak eta abar. Eskaintza hauek, kasu askotan, nekazaritza-turismoaren bultzadaren atzetik etorri dira. Hain berria ez bada ere, erlijio-kutsuko elementu kultural anitz aurkituko dugu, era berean, parke honetan. Arantzazuko kasua da agian nabarmenena eta urtero milaka lagun hurbiltzen dira bertara. Nolanahi ere, badira hainbat ermita eta gurutze parkean zehar barreiatuta.

Ezin ahaztu, bestetik, mendetan zehar iraun duen eta irauten duen lanbide zahar baten aztarna biziak: bai, artzaintzaz ari gara. Nor ez da hurbildu inoiz Urbiara bertako gazta dastatzera? Lanbide gogor bezain zahar honen lekuko dira Urbia eta Degurixako zelaietan dauden aztarna megalitikoak. Ez da gure asmoa lerro hauetan ingurune hauetako artzain eta artzaintzari buruzko azterketa etnografikoa egitea, baina, gaur egun, oraindik artzaintzak ingurune hauetako bizimoduan duen eragina azpimarratzekoa da.

Etorkizunean berebiziko garrantiza izango du parkea egoki kudeatzeak.
J. Larrañaga

Bestetik, zenbait gunetako paisajea, aipaturiko Urbia eta Degurixa kasu, artzaintzak mendetan zehar baldintzatu eta moldaturikoa da, ezbairik gabe. Hori dela eta, jarduera ekonomiko honen etorkizunean berebiziko garrantzia izango du parkea egoki kudeatzeak. Beti ere, hainbeste aldiz aipatzen den eta benetan zer den inork gutxik dakien oreka jasangarri hori izango litzateke helburu nagusia.

Oreka hori ulertzeko sortzen diren eztabaida eta iritzi desberdinen lekukoak ere izango dira parke natural honetan. Izan ere, Elgeako mendikatean eraiki nahi den parke eolikoak iritzi kontrajarriak sortu ditu gizartean eta lehen aipatu dugunez, ingurune hau Parkearen mugetan sartuko litzateke. Eztabaida plazan da jadanik, eta denborak erakutsiko du ingurune hauen babesa eta gure gizartearen garapena noraino uztar daitezkeen, ea beranduegi baino lehen ikasten dugun denok, oreka hori non dagoen.

SAN ADRIANGO GALTZADA

J. Larrañaga

San Adriango kobatik irten orduko dagoen galtzada hori, Gipuzkoako bide historiko garrantzitsuena dela esan dezakegu. Mendetan zehar, Gaztelako lurrak Frantzia, Alemania edo Herbehereekin lotzen zituen bide nagusia igarotzen zen bertatik.
Galtzada honetatik igarotzen ziren, halaber, Santiagorako bidean Sakanako lurrak saihestu nahi zituzten erromesak.Izan ere, sakanako lurrak arriskutsuak ziren, bertan bidelapur ugari izaten baitzen. Nolanahi ere, San Adriango inguru hauek ez ziren bidelapurretatik libre eta badira inguru hauetan lapurretekin loturiko hainbat kontu bitxi.

Gipuzkoa eta Arabako mugan, bidea bitan banatzen zen, bata, ezkerrerantz, Zalduondo eta Araiara joaten zen, eta bestea berriz, eskuinerantz Galarreta aldera.
Galtzada hau, erromatartzat hartu izan da askotan, baina adituek diotenez, gehienez ere XI. mendekoa izango litzateke, tunelaren barrualdean dagoen ermita eraiki zen garai berekoa hain justu.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila