Aitortza bazter miresgarriei

EAEko interesgune geologikoen inbentarioa osatu da

Zubia Gallastegi, Bego

Elhuyar Zientzia

aitortza-bazter-miresgarriei
Arg. Asier Hilario

"Lurraren historia arroketan idatzita dago. Kapitulu bat galduko balitz, historiaren zati bat betirako galduko litzateke". Miren Mendia geologoaren hitzek ondare geologikoa ezagutu eta babesteko premia aditzera ematen dute, eta, hain zuzen, behar horri erantzuteko osatu dute Euskal Autonomia Erkidegoko Geologia Interesguneen Inbentarioa.

Mendia irakasleak adierazi duenez, "ezagutzen duguna maite dugulako", inbentarioa egiteko helburuetako bat izan da ondarearen ezagutza lortzea. Hala ere, hori ez da izan asmo bakarra. Jakintza zabaltzeko tresna ez ezik, administrazioek erabakiak hartu ahal izateko baliabidea izango da, eta ekoturismoa sustatzeko langai erabilgarria ere izango dela espero dute egileek.

Aditu-talde zabal baten lanaren emaitza izan da inbentarioa. Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle Miren Mendiak, Asier Hilarioren lankidetzarekin, zuzendu duen lantaldea hogeitalau pertsonek eratu dute, eta haien lana izan da Euskal Autonomia Erkidegoko ondare geologikoa identifikatzeko, deskribatzeko eta baliosteko helburua duen inbentario sistematizatua osatzea.

EAEko interesgune geologikoen inbentarioaren aurrekaria Urdaibaiko Biosferaren Erreserban abian jarritako egitasmo-pilotoa izan zen. Urdaibain egindako lanari esker, metodologia prestatu, eta balorazio-parametroak finkatu ziren. Metodologia horren arabera, inbentarioa osatzeko irizpide nagusiak interesguneen berezko balioa, dibulgaziorako ahalmena eta turismo erabilerarako gaitasuna izan dira.

Mendia irakasleak azaldu duenez, hainbat aldagai hartu behar dira haintzat interesguneen balioa erabakitzerakoan: "Ugaritasuna edo urritasuna da horietako bat. Hau da, azaleratze jakin bat ingurune geologiko jakin batean arraroa den, ala, aldiz, oso zabaldua den kontuan izan behar da. Horrez gain, jakin behar da testuinguru geologiko baterako adierazgarria den, hots, garai batean gertatutako prozesuen berri eman dezakeen". Era berean, zientifikoki duen garrantziaren araberakoa izango da interesguneen balorazioa, eta, horretarako, kontuan izango da alorreko aldizkari zientifikoetan aipatzen den, hau da, nazioartean ezaguna den. Nazioartean aipamen berezia duen gune horietako bat da Gorrondatxeko hondartzako estratotipoa. Izan ere, Bizkaiko itsasertzean dagoen Gorrondatxe hondartzako itsaslabarrean dauden estratuak Lutetiar aroko munduko erreferente dira Geologia Zientzien Nazioarteko Batasunaren erabakiz.

Metodologiak finkatutako aldagaiak kontuan izanik, adituen lehen hautaketaren emaitza 300 guneren identifikazioa izan zen, eta, balorazio irizpideak kontuan izan ondoren, 150 aukeratu zituzten. Inbentarioa Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren eskariz egin zen; 150 interesgune jasoko zituen dokumentua eskatu zuen.

Inbentarioak izendatzen duen interesgune bakoitzaren fitxa osatu da. Leku bakoitzaren deskribapen zehatzari, kontuan izandako irizpideen araberako balorazioa gehitu diote egileek, eta kartografia zehatza ere eskaintzen da. Orain, Euskal Autonomia Erkidegoko Geologia Interesguneen Inbentarioa ezagutzera eman eta etorkizunean eman daitezkeen urratsak erabakitzeko asmoz, administrazio, elkarte eta hiritarrei zuzendutako parte-hartze prozesua abian jartzeko asmoa du Eusko Jaurlaritzak.

Interesguneen bildumatik haratago, geologiaren ezagutzaren zabalkuntzan lagungarri izango dela ere espero dute egileek. Hutsune garrantzitsua beteko du dokumentuak alde horretatik, geologiari buruzko ezjakintasuna agerikoa baita. "Normalean, jendeak ez du izaten arazorik bi zuhaitz bereizteko, inork gutxik daki, ordea, bi harri desberdintzen", nabarmendu du Mendia irakasleak. "Ez dugu Lurrak ematen dizkigun gaien kontzientziarik. energia-iturriak, lehengaiak... Guzti hori geodibertsitatea da eta gizateriaren historia baliabide horien eboluzioari erabat lotuta dago".

Sakonetako marearteko zabalgunea
Sakonetako marearteko zabalguneak interes geomorfologiko handia du. Flysharen higadura diferentzialaren ondorioz, itsasertzaren geometria irregularra da, eta kalak (margak) eta lurmuturrak (kareharriak eta harearriak) tartekatzen dira.
Kostaldeko higadura-agenteek ez dituzte erritmo berean eragiten aldaketak itsaslabarretako estratu geologiko guztietan. Material batzuk errazago higatzen dira, eta, ondorioz, kostaldearen atzerapena azkarrago gertatzean, badiak, itsasadarrak eta era horretako elementu geomorfologikoak sortzen dira. Beste material batzuk, ordea, nekez higatzen dituzte higadura-agenteek, eta, horregatik, uharteak, lurmuturrak eta era horretako elementu geomorfologikoak agertzen dira. Sakoneta eta Mendatako kalak eredugarriak dira higadura diferentzialaren prozesua ulertzeko.
Meñakozeko pillow-labak
Meñakozeko hondartzaren mendebaldeko muturrean ageri diren labek Eusko-Kantauriar Arroko Goi Kretazeoko bolkanismoaren kolada adierazgarrienetako bat osatzen dute. Kuxin-laben (pillow-labak) kolada ikusgarri horrek egiten du aipagarri azaleratzea.
Arg. Miren Mendia
Itxurak ematen die kuxin-labei izena, esfera handi zapalduen tankerakoak baitira. Forma horiek urpeko sumendien erupzioak ematen ditu, eta Meñakozekoak urpeko laben ezaugarri orokorren erakusgai bikainak dira.
Arg. Miren Mendia
Fazie bolkanikoen elkarte benetan aparta ikus daiteke Meñakozen: zutabe-disjuntzioa duen laba-kolada taulakara batetik, tamaina handiko pilowetara (mega-pillowak), eta, haietatik, azkenean, pillow-labetara doan eraldaketa osoa eta jarraitua ikusten da. Munduan oso leku gutxitan ikus daiteke transformazio hori, hiru fazie horiek elkarrekin. Meñakoz da horietako leku bat.
Arritzagako haran glaziarra
Arg. Miren Mendia
Euskal Autonomia Erkidegoko morfologia glaziarreko haran bakarra da, eta duela 30.000 urteko glaziar baten arrastoa da. Bost kilometroko luzera zuen, eta 70-100 metroko lodiera; aztarna nabarmenak utzi zituen paisaian.
Arg. Miren Mendia
Zirkulu glaziar nagusiek ipar-ekialdeko orientazioa dute, eta Ganboko gailurraren azpian kokatzen dira, haranaren mendebaldeko isurialdean. Goiko gune horretatik, izotz-oraska glaziar nagusirantz jaisten zen. Bertan daude izotzak utzitako arroka higatuak eta eskailera-maila glaziarrak.
Arg. Miren Mendia
Haranaren morfologian transizio argi bat ikus daiteke. Goiko tartea U itxurakoa da, haran glaziarren ohiko ezaugarria; haranaren beheko tarteak, ostera, V itxura du, ibaiek sortutako haranen bereizgarria. Bertan, ubideak ibai arroil sakon bat hondeatu du. Buruntzunzi izeneko mehatzaren ondoan dagoen morrena handia da (800 m-ko altuera) multzoaren ezaugarri garrantzitsuena.
Barrika eta Txitxarropuntako tolesak
Arg. J.C. Iturrondobeitia
Bizkaiko itsasertzeko Sopela eta Plentzia herriak lotzen dituen errepidearen 24. kilometroan dagoen biribilgunean, mendebaldera abiatzen den bideak Barrikako hondartzara darama. Hara hurbiltzen denak, itsaslabar ikusgarrietara abiatu baino lehen, mareak hartu beharko ditu kontuan. Ibilbidea itsasbeherarekin egin behar da, eta marea igo baino lehen ibilaldia bukatutzat eman.
Arg. Ander Gomez Blanco
Horma ikaragarri horietan hainbat egitura ikus daitezke: tolesak, zamalkadurak, ezkata-tektonikoak, duplexak... Flysch hareharritsuek eta flysch karetsuek osatzen dituzte hango arrokak, eta, toki jakinetan, arroka bolkanikoak ere aurkitu daitezke.
Arg. Ander Gomez Blanco
Itsaslabarraren ebaki bertikalean, materialak eta egiturak agertzen dira plano bertikalean; marearteko zabalgunean, berriz, egitura horiek horizontalki ikus daitezke.
Arg. Ander Gomez Blanco
Goi Kretazikoko Zenomiar eta Turoniar garaietako materialak (duela 100.000 eta 93.000 urte) dira Barrikan tolestuta eta deformatuta ikusten direnak.
Gesaltzako gatzaren harana
Aire zabaleko meatzaritza-ustiapena da Gesaltzak gordetzen duen geologia-interesgunea, baina hemen ez da makinen joan-etorririk, eztanda bortitzik edo antzekorik sumatzen. Ura, eguzkia eta gizakiaren lan isila nahikoa izan dira Gesaltzan mendeetan zehar gatza lortzeko, eta lan horren ondorio da Arabako herri honetako altxor geologikoa.
Arg. Asier Hilario
Gatz-ustiapena erromatar garaikoa da. Lurrazpiko urek gatz-arroka higatu eta desegiten dute, eta gatzarekin nahastutako ur hori iturburuetatik ihesi irteten da. Gorako bidean presio handia du urak, eta iturburuan bor-bor egiten du daraman gasen deskonpresioaren eraginez. Litroko 190 gramo gatz du Gesaltzako gatzunak, eta, kantitatea oso handia denez, iturri inguruan gatz-kristalak sortzen dira.
Arg. Mikel Arrazola/Irekia-Eusko Jaurlaritza/CC-BY 3.0
Iturri nagusi baten emaria da gatzuna, hots, ur-gazitua, eta, kanal-egitura baten bidez, larrainetara zabaltzen da. Ortuetan ura berotu egiten da, eta 20 graduko tenperaturara iristean, gazkinak behin eta berriz astintzen du, lehen gatz-geruzak sor daitezen.
Ur-banaketarako sistema nagusiak hiru kilometroko luzera du, eta, gaur egun, gatz-ustiaketarako 135 larrain erabiltzen badira ere, XX. mendearen erdialdera 5.000tik gora ziren.
Laia-El Saucoko burdin-filoiak
Bizkaiko burdin-hobiek garrantzi handia izan dute historian zehar, eta herrialdearen industrializazioaren giltzarri izan ziren. XX. mendearen hasieran, mundu osoko burdin ekoizpenaren % 10ek jatorri bizkaitarra zuen.
Arg. Miren Mendia
Ugariak dira Meatzaldean ustiapen haien lekukoak. Geologiaren ikuspegitik, Galdames herrikoak dira Bilboko antiklinalaren hego-mendebaldeko mineralizazio garrantzitsuenak. Agerian daude geruzetan antolatutako haitzen goranzko bihurtzea duten lur-eremuak. Han daude, oraindik, ustiatutako burdin-filoi azpibertikalen hondarrak, eta indusketek lurrean eragindako orbanak agerikoak dira paisaian.
Aire zabaleko ustiapenez gainera, badaude sarbide-galeria batzuk, filoien norabidea jarraitzen dutenak; galeriek meatzearen beheko mailekin konektatzen dute.
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila