Gas-maskara autonomo bizkarrean eramaten den botila batetik aire garbia hartzen dutenei esaten zaie. J. Laneren asmakizunak aire konprimitua zeraman botilan.
Suhiltzaileek erabiltzen zuten gehienbat, eta urpekaritzan erabiltzen direnen sistema bera da. Suteetako ke artean oso oxigeno gutxi izaten da, eta, halakoetan, kanpoko airea garbituta ere ez litzateke nahikoa oxigeno egongo egoki arnasteko. Horregatik erabiltzen dituzte suhiltzaileek gas-maskara autonomoak.
Historiaren hasiera hartan, botiladun sistemen eta kanpoko airea garbitzen zuten sistemen helburua berdintsua zen; ke artean edo ‘aire zikinean’ ibili edo lan egin ahal izatea.
Gaur egun, ordea, normalean, gas-maskara izena aire kutsatua garbitzen duten maskarak izendatzeko erabiltzen da. Aurpegian jartzen dira; batzuek ahoa eta sudurra soilik estaltzen dute eta beste batzuek aurpegi osoa, babesa gehitze aldera.
Gas-maskarek aireko kutsatzaileak erauzi eta airea arnasteko modukoa bihurtzen dute. Airean dauden toxinak gasak edo partikulak izan daitezke, eta gas-maskarek bietatik babesten dute.
Osagai arriskutsuak kentzeko hiru moduak iragaztea, absortzioa edo adsortzioa eta erreakzioa dira. Baina, betiere, aire kutsatuan dagoen oxigenoa da azkenean arnasten dena.
Sistema hau hiruretan sinpleena da, eta aireko partikulak erauzten ditu; bakterioak, birusak edo esporak, esaterako.
Seguru asko inoiz erabili duzu zapiren bat hautsetik babesteko. Hori da, azken finean, aireko partikulei aurre egiteko iragazki bat.
Trapuan edo maskaran, iragazkiko zuloak aireko partikulak baino txikiagoak izan behar dute igaro ez daitezen. Hala, gas-maskarek 0,3 mikra baino handiagoak diren partikulak iragazten dituzte.
Iragazkia buxatzean aldatu egin behar da, noski, baina badu beste muga bat ere. Zenbat eta zulo txikiagoak, orduan eta indar gehiago egin behar da airea pasarazi eta arnasa hartzeko. Horregatik, gas eran dauden kutsatzaileak, alegia, partikulak baino askoz ere txikiagoak direnak, beste sistemen bidez erauzi behar dira.
Absortzioa substantzia batek bere baitan beste bat hartzea da, hau da xurgatzea. Adsortzioa, ordea, solido batek bere gainazalean molekula edo ioi gaseoso edo likidoei eustea da.
Bataren edo bestearen eragina bera da, azkenean: substantzia kutsatzailea iragazkian itsatsita geratzen da.
Gai organikoak harrapatzeko oso egokia da ikatz aktibatua. Oxigenoarekin tratatutako ikatza da, eta milioika poro txiki ditu karbono-atomoen artean; gramoko 300-2.000 m 2 -ko azalera izan dezake, eta asko erabiltzen da gasei edo likidoei usaina edo kolorea ematen dien substantziak harrapatzeko.
Zeolita ere asko erabiltzen da konposatu organikoak zein ez-organikoak erauzteko. Zeolita naturalak aluminioak, silizioak eta oxigenoak osatutako mineral hidrofilikoak dira.
Iragazte-sistema honetan erreakzio kimikoren bat gerta badaiteke ere, ez da beharrezkoa; kontrako karga elektrikoek elkar erakartzen dutelako funtziona dezake.
Efektu bera lortzen da, esaterako, zapi bat busti eta aho zein sudurrean jartzen denean ketik babesteko. Kea zapiak duen urak xurgatuko du, eta aire garbiagoa iritsiko da arnasbideetara.
Normalean, kaltegarriak diren substantziek aireak bera baino errazago erreakzionatzen dute, eta horretan oinarritzen da maskaren hirugarren garbitzeko modu hau.
Erreaktiboak erabiltzen dira (gai azidoak, esaterako) toxikoekin erreakziona dezaten. Erreaktiboa euskarri edo matrize bati itsatsia egoten da, estalkia balitz bezala. Askotan, erretxinazkoa izaten da euskarria, eta, zenbat eta porotsuagoa izan, orduan eta azalera handiagoa
izango du, azido gehiago itsatsi ahal izango zaio estalki gisa, eta, beraz, aire gehiago iragazi ahal izango du.
Maskarara sartzean, toxinak erreaktiboarekin erreakzionatzen du, eta neutralizatu egiten da.
Ez dira asko, baina bada gas-maskarak sexu-fetitxismorako erabiltzen duenik, batez ere Erresuma Batuan. Guztiari azalpena aurkitu behar eta, umetako imprinting -a izan daitekeela esan izan da, maskarak II. Mundu Gerran erabili zirenez geroztik. Horrek ez du azaltzen, ordea, gerra hartan umeak ez zirenen kasua. Aukera bat izan daiteke ‘gomaren fetitxismo’ deritzonaren zati izatea edo, bestela, gas-maskara daramanaren itxura ez-gizatiarrak fantasia erotikoak eragitea.