Agur betaurreko eta lentillei

Agirre, Jabier

Medikua eta OEEko kidea

Kirurgia errefraktiboari esker, miopia, astigmatismoa eta hipermetropia erabat zuzen daitezke gaur egun. Laser bidezko teknologia erabiltzen duen operazio edo ebakuntza sinple baten bidez emaitza harrigarriak lortzen dira behar bezala trebatutako profesional baten eskutik. Teknika berriaren arrakastak liluratuta, aurten 150.000 izango dira Espainian beren ikusmen-arazoak tratamendu kirurgikoen bidez konponduko dituztenak.

Orain hamar bat urte arte, ikusmen-arazoek bi soluzio besterik ez zituzten, eta partzialak gainera: betaurrekoak edo, bestela, ukipen-lenteak. Neurri zuzentzaileak, azken finean, arazoa errotik konpondu beharrean, nola edo hala konponbidea ematen zutenak. Laser teknologiak, ordea, erabateko iraultza eskaintzen du, arazoa betiko konpontzen baitu, bizkor eta batere minik gabe.

Zergatik operatu?

Mota honetako kirurgia modan dago azken urteotan, eta egunetik egunera hedatuz doa, hainbat arrazoi direla medio. Arrazoi horien artean garrantzitsuenak estetika-kontuak, erosotasuna eta arrazoi ekonomikoak dira. Izan ere, operazioaren kostua handi samarra den arren, kontuan hartu beharra dago arazoa betiko desagertzen dela, eta pertsona horrek ez duela sekula gehiago horretaz arduratu beharko. Zenbait kasutan, gainera, premia edo beharra ere sartzen da jokoan, batez ere lan jakin bat edo kirola egiteko ikusmen-maila egokia eduki behar duten pertsonen kasuan.

Zein arazo zuzen daitezke?

Oraingoz, miopia, hipermetropia eta astigmatismoa baino ezin dira tratatu laserraren bidez.

Oraingoz, arazo hauek trata daitezke: miopia (urrutitik gaizki ikustea), hipermetropia (gertutik gaizki ikustea) eta astigmatismoa (irudi desitxuratuak ikusarazten dizkigun ikusmen-arazoa). Hala ere, alor honetako adituek esaten duten bezala, laserrarekin egindako operazioek ez dituzte akats optikoak sendatzen, erabat eta betiko zuzentzen baizik. Horrek zer esan nahi du? Miopia duen begiak miopia izaten jarraituko duela gerora ere, operatu arren, eta azterketak egiten jarraitu beharko duela. Oraingoz, ikusmen nekatua esaten zaiona, hau da, 40-50 urtetik aurrera ikusmena finkatzeko (irakurri, josi edota eskuekin lanak egiteko) betaurrekoak erabiltzera behartzen duen arazoa, da soluzio kirurgikorik ez duena.

Ikusmena zuzentzeko teknikak

Hiru teknika kirurgiko daude, segurtasun- eta eraginkortasun-maila altukoak hirurak. Pazientearen adinaren eta ikusmen-zolitasunaren arabera bat edo bestea erabiltzen da.

Ikusmen-arazo arinak

Kirurgia oftalmologikoan egindako azken aurrerapenei esker, orain paziente bakoitzaren azterketa pertsonalizatua egiten da.

LASIK teknika Excimer izeneko laserrarekin egiten da, eta hauxe da egokiena 12 dioptriatik beherako miopia, 5etik beherako hipermetropia edo 7tik beherako astigmatismoa duten pazienteentzat. Operazio nahiko sinplea da, gaixoa ospitaleratu gabe egiten da, begian anestesia lokaleko tanta batzuk botata; ikusmen-arazoa laser-teknologiaren bidez konpontzen da, kornea leunduz eta horren kurbatura zuzentzeko aukera ematen duen aparatuarekin (inolako orbainik utzi gabe). Ebakuntzak hogei minutu irauten du gehienez ere, eta pazientea bere etxera itzultzen da, batere minik edo ondoezik gabe. Ikusmena berehala berreskuratzen da; hain zuzen ere, ebakuntza egin eta 24 ordura ikusmenaren % 50 lortzen da eta astebetera % 80-100. Emaitzak bikainak izaten dira kasuen % 95ean.

Ikusmen-arazo handiak dituzten gazteak

Paziente gazteek miopia oso handia (12 dioptriatik gorakoa), edo 5 dioptriatik gorako hipermetropia dutenean, beste teknika kirurgiko bat erabiltzen da; begiaren aurreko edo atzeko kameran lente bat ezartzen da, kornearen lodiera edo kurbatura zuzentzen saiatzea ezinezkoa delako, laserrak ezin baitu akatsa, aurreko kasuetan bezala, modu “mekanikoan” konpondu. Azken urteotako aurrerapenik handiena lente malgu bat ezartzea izan da, mota horretako lenteek, zurrunek ez bezala, 3 milimetroko ebakia besterik ez baitute behar (horrela ez da punturik eman behar). Ebakuntza-mota hau anestesia lokalarekin egiten da, eta kirurgialari trebe baten eskuetan ez dauka aparteko kontraindikaziorik.

Ikusmen txarra duten adineko pazienteak

Hirugarren teknika hau miopia edo hipermetropia oso handiak dituzten, eta, gainera, katarata edo begi-lauso gutxi-asko garrantzitsuak dituzten 45 urtetik gorako pertsonekin erabiltzen da. Izan ere, kataratak konpontzeko erabiltzen den teknika kirurgiko bera da. Kristalinoa erauzi egiten da, eta haren ordez lente bat ezartzen da, katarata ezabatzeaz gain, miopia edo hipermetropia ere zuzentzen dituena. Normalean, ebakuntza amaitzen den une berean berreskuratzen du ikusmena pazienteak. Emaitza oso onak ematen ditu teknika honek eta, normalean, ez da sortzen inolako arazorik, baldin eta gaixoa ongi aukeratzen bada.

Kirurgia oftalmologikoan egindako azken aurrerapenei esker, orain paziente bakoitzaren azterketa pertsonalizatua egiten da. Horretarako, pertsona bakoitzaren ikusmen-arazoak eta kornea aztertzen dira. Horrek aukera ematen du kasu bakoitzean kornearen ehuna zein mailataraino erauzi behar den zehatz-mehatz kalkulatzeko, pazienteari geratuko zaion kornearen lodieraren arabera. Argiarekiko sentsibilitatea eta begiak iluntasunaren eta koloreen aurrean eduki ditzakeen arazoak ere aztertzen dira. Helburua ez da ikusmena hobetzea bakarrik; horrez gain, pazientearen dioptrien kopurua murriztuz, ebakuntza kirurgikoa begi bakoitzaren ezaugarrietara egokitu nahi da.

Zalantzarik ohikoenak

  • Emaitzak
    Ezin da ebakuntzaren erabateko arrakasta ziurtatu, baina bai dioptrien kopurua ikaragarri jaitsiko dela.
  • Tratamendua
    Aipatutako hiru tratamenduetatik zein aukeratu espezialistak erabaki behar du. Batzuetan LASIK teknologia lente malguaren ezarpenarekin konbinatzen da.
  • Ebakuntzaren iraupena
    Dioptria-kopuruaren araberakoa da, baina normalean ez du 20 minutu baino gehiago irauten.
  • Mina
    Ez da ebakuntza mingarria. Operazio-ostean ager daitekeen ondoeza analgesiko bat hartuta desagertzen da.
  • Berriro ager daiteke arazo bera?
    Normalean miopia, hipermetropia edo astigmatismoa ez dira berriro agertzen, baina, horrelakorik gertatuz gero, berriro egin daiteke ebakuntza.
  • Posible da ebakuntza bi begietan batera egitea?
    Miopiaren eta astigmatismoaren kasuan bai, ebakuntza bi begietan egun berean egin daiteke. Ez, ordea, hipermetropiaren kasuan.
  • Prezioa
    1.500 eurotik 2.000 eurora bitartean.
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila