Aduana, epe ezezaguneko geldialdia

Lakar Iraizoz, Oihane

Elhuyar Zientzia

Izan dezaketen arriskuarengatik, edo helmugara behar bezala iristeko dituzten eskakizunengatik, neurriak hartu behar izaten dira substantzia biologikoak eta kimikoak garraiatzeko. Eta, herrialdeen arteko mugetan agintariek zorrotz kontrolatzen dute zer sartzen eta ateratzen den.
Aduana, epe ezezaguneko geldialdia
2011/09/01 | Lakar Iraizoz, Oihane | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
(Argazkia: © iStockphoto.com/bioraven)

Ostirala zen, eta zelulak astelehenetik zeuden aduana pasatu ezinik, Madrilen. Izotz lehorretan bidali zituen, eta izotzak egun batzuetan iraunaraziko zien, baina ostiralean jasotzen ez bazituen, asteburu osoa emango zuten paketeek garraio-konpainiaren biltegian. Denbora gehiegi; izotza urtu egingo zen, segur aski, eta zelulak galdu. Nola edo hala lortu behar zuen bera joatea zelulen bila, lehenbailehen izotz berritan jarri eta hondatzea saihesteko. Azkenean lortu zuen; garraio-konpainiaren bulegoa ixteko ordubete falta zenean iritsi zen, aldean izotza zeramala.

Ez zen izango Aintzane Apraiz biologoarentzat zelulak galtzen zituen lehenengo aldia. Beste bitan ere gertatu zitzaion, ikerketa-laborategi batetik beste batera zihoala. Charleston Unibertsitatean egonaldi bat egin zuen, eta hiru joan-etorri egin zituen hara. "Batean, desizoztuta iritsi ziren helmugara, eta, bestean, aduanan bertan hondatu ziren", azaldu du Apraizek. Haurretan oso ohikoa den minbizi-mota bat aztertzen dihardute EHUko Zelulen Biologia eta Histologia sailean, leuzemia linfoblastiko akutua, eta, azterketetan, giza zelulekin egiten dute lan.

Zelula-lerroak etxe komertzialek saldu ohi dituzte. Ikertzaileek, ondoren, erositako horiek eraldatu, eta beren ikerketetarako behar dituzten ezaugarriak ematen dizkiete. Apraizek, esate baterako, "aztergai genuen drogarekiko erresistente" bihurtu zituen zelulak. Eraldatutako zelula-lerroak galtzeak, beraz, "hainbat hilabeteko lana eta inbertsioa galtzea ere badakar".

Lagin biologikoen kasuan, izan giza zelulak, animalia-ehunak, landareak, onddoak, bakterioak edo dena delakoa, batetik bestera garraiatzean ez hondatzeko, oso garrantzitsua da gordetzen edo paketatzen diren kondizioak zaintzea. Eta lagin biologikoa merkantzia arriskutsua baldin bada --hau da, infekzioak eragin ditzaketen agenteak baldin baditu, hala nola birus, bakterio edo onddo patogenoak--, lagina ez hondatzeko neurriez gain, osasun publikoan istripurik ez eragiteko neurriak hartu behar dira haiek garraiatzeko.

Biologikoak izan gabe ere, ikerketarako erabiltzen diren beste produktu batzuk merkantzia arriskutsuen taldean daude, haien propietateengatik: lehergaiak izan daitezke, gasak, likido edo solido sukoiak, substantzia erregarriak, toxikoak, korrosiboak, material erradioaktiboa eta abar. Azken batean, era guztietako ikerketak eta jarduerak egiten dira munduan, era guztietako produktu eta substantziekin, eta produktu eta substantzia horiek guztiak garraiatu behar izaten dira batetik bestera, beharrezkoa denean. Horrelako milaka bidalketa egiten dira egunero.

Herrialdeen arteko mugan, "zorrotz kontrolatzen da osasun publikoan eragina izan dezakeen edozein substantzia --dio lagin biologikoen inportazioa eta esportazioa egiteko irizpideak ezartzen dituen 65/2006 Errege Dekretuak--; 1978an Espainiako Konstituzioa onartu zenetik. Harrezkero, edonolako osasun-arazoak saihesteko, kontrolatu egiten dira elikagaiak, botikak eta haiek egiteko lehengaiak, bai eta edozein motatako laginak ere". Substantzien edo produktuen izaeraren arabera, eta garraiobidearen arabera, araudi edo gida desberdinak daude. Dena den, denek helburu bera dute: garraioa segurua izatea, eta arriskua eragin dezaketen istripuak saihestea. Horretarako, produktu bakoitzak dituen eskakizunen arabera behar bezala sailkatuta, dokumentatuta, ziurtatuta, deskribatuta, paketatuta, markatuta, etiketatuta eta garraiatzeko kondizio onetan egotea eskatzen dute araudiek.

Halako kontuarekin ibili beharreko produktuak garraiatzeko, garraio-konpainiak kontratatu ohi dituzte interesatuek; haiek ezagutzen baitute araudia, eta jakiten baitute zer izapide egin eta zer kondizio bete behar diren. Garraio-prozesuan produktuak eta laginak behar bezala irauteko zainduko dituztela ere ziurtatzen dute. Edozein arrazoirengatik, ordea, ez baldin badituzte paper guztiak behar bezala betetzen, eta aduanetako agintariek ez baldin badute pasatzen uzten, erantzulea ez da garraio-enpresa, garraioa agindu duen pertsona edo erakundea baizik.

(Argazkia: Ivan Melenchon/Morguefile)

Aduanan, geldialdia

Apraizen kasuan, Osasun eta Kontsumo Ministeriora ziurtagiri bat bidali ez zutelako gelditu zituzten zelulak. Jatorrizko bidaltzaileak bete behar du ziurtagiri hori, eta "zehatz esan halako denbora-tartean halako lagina bidaliko dela halako unibertsitatera, zertarako erabiliko den bidalitakoa, nondik datorren, nola garraiatuko den, zer konpainiak garraiatuko duen eta abar", azaldu du. Ministeriotik, ondoren, eskaera egin duen erakundera bidaltzen dute baimena, bai eta sartuko den aireportuko aduanara ere.

Horrelako bidalketak noizean behin bakarrik egin dituelako egin zuen huts Apraizek, ezjakintasunarengatik. Bidalketak maizago egiten dituzten konpainiek ere izaten dituzte, dena den, arazoak aduanetan. Lasarte-Oriako Ikerlat Polymers enpresan badituzte hainbat pasadizo. "Aduana batzuetan zenbait betekizun eskatzen dizkigute, saltzen eta bidaltzen ditugun produktuei inola ere eragiten ez dietenak; haiek bete gabe, ordea, ez dute aduana pasatzerik", dio Joxe Sarobe enpresako buruak.

Ikerlat Polymers-en poliestirenozko esfera nanometrikoak sintetizatzen dituzte, eta esferak ur-emultsioetan bidali. "Produktu hori gure bezeroei saltzen diegu, eta haiek antigorputzak jartzen dizkiete inguruan, espezifikoki zerbait identifikatzeko: gaixotasunen bat, haurdunaldia edo dena delakoa", azaldu du.

Garraiatzeko, partikulek ez dute aparteko eskakizunik, "guztiz sintetikoak direlako, eta erabat egonkorrak dira bidean izan ditzaketen kondizioetan. Hala ere, Brasilgo bezero bati bidaltzeko, 2-8 ºC-an garraiatu behar dela zehaztu behar izaten dugu bidalketa egitean, eta, baimenak eskatzean, halakorik egin ez badugu aduanan gelditu izan digute paketea. Dirudienez, bezero hori aduanan erregistratuta dago ohiko inportatzaile edo esportatzaile gisa, eta normalean batetik bestera bidaltzen dituen produktuak, bai, tenperatura-tarte horretan garraiatu behar izaten ditu. Behin bezero horrek esan zidan produktua aduanan geldirik zutela, ez baitzuen inon jartzen 2-10 ºC tartean garraiatu behar zenik. Nik esan nion ez zuela horren beharrik, baina hark jartzeko eskatu zidan, ezinbestekoa zela hori agertzea. Harrezkero, horrela egiten ditugu bidalketa guztiak bezero horrekin".

Albarana bidaltzeko ere eskakizun bereziak dituzte Brasilen, Sarobek azaldu duenez: "Bezeroari albarana bidaltzen diozunean, izan behar du boligrafo urdin batekin sinatuta, eta zigilua jarrita. Ez baldin baduzu horrela bidaltzen, ez dute ofizialki onartzen".

Ohiko kontroleko geldialdiak

Garraio-konpainiek garraiatu ohi dituzte lagin biologiko-kimikoak. Arg.: Ed Yourdo/Creative Commons/aitortu eta partekatu baimen beraren arabera.

Aduanetan, batetik bestera garraiatzen ari diren produktuak kontrolatzea ez da bakarrik dokumentazio-gaietara mugatzen; ikuskapen fisikoak ere egiten dituzte. Kontrolak egiteko, eta iristen den merkantzian zer ikuskatu eta zer ez erabakitzeko, arriskuen analisi deritzon irizpideari jarraitzen diote. "Bruselatik agintzen dute zein diren irizpideak. Normalean bilatzen dira iruzur eginez sartu nahi dituzten merkantziak, edo sartu ezin direnak, edo dokumentazioa faltsutu dutenak, besteak beste", dio Madrilgo Aduanetako Laborategi Nagusiko ordezkariak. Osasun publikoa, ingurumena edo kontsumitzaileen babesa arriskuan jar lezaketen produktuak bilatzen dituzte.

Irizpide horietan ez dago, ordea, garraiatzen ari diren produktuen izaera. Laborategitik azaldu dutenez, "produktu bat kimikoa izateagatik ez dugu ez interes handiagoarekin aztertzen, ez baztertzen. Laborategi honetan, berdin analizatzen ditugu produktu kimiko bat eta zapatila bat, edo une honetan jantzita daramazun arropa. Txinatik baldin badator, adibidez, litekeena da hemen analizatzea, aduanei eta zerga bereziei dagozkien irizpideak betetzen ote dituen egiaztatzeko".

Saroberi behin edo beste gertatu zaio bezeroren batek deitu diola esateko jasotako produktuetako batzuek norbaitek manipulatu izanaren itxura zutela: "Lagin txikiak bidaltzen ditugunean, parafinazko filmarekin biltzen ditugu ontziak, babestuago joateko, eta errazago ikusteko inork manipulatu dituen. Bada, bezeroarengana film hori gabe iritsi ziren ontzi batzuk. Beraz, pentsatzen dut aduanan irekiko zituztela".

Dena den, Saroberen ustez, aduanako gertakari horiek "ez dira ohikoak izaten. Hori bai, oso zorrotza izan behar duzu, eta ezagutu aduana bakoitzaren jokabidea. Denborarekin, ohitu egiten zara horrelako eskakizunak betetzera". Lurralde batetik bestera aduanetako zorroztasun-mailak desberdinak direla nabaritu dute Ikerlat Polymers-en. "Ez dakit pikareska handiagoa dagoelako den, baina, oro har, garatze-bidean dauden herrialdeek zorrotzago kontrolatzen dute garraioa. Herrialde garatu deritzenetan lasaiago hartzen dituzte gauza horiek. Guri, behintzat, askoz errazagoa egiten zaigu produktu jakin bat Estatu Batuetara edo Alemaniara bidaltzea Brasilera edo Indiara baino", dio Sarobek.

Produktuak nolakoak, paketeak eta neurriak halakoak
Batetik bestera produktu biologiko edo kimikoak garraiatzeko, behar bezala paketatu behar dira, eta ezinbestekoa da haiei dagozkien eskakizunak batetik bestera joaten emango duen bide osoan bermatzea. Bi helburu ditu horrek: produktua bera ez hondatzea, eta ahal bezainbeste saihestea inguruko arriskuak. Izan ere, bidean, askotariko asaldurak izan ditzakete paketeek, hala nola tenperatura, presioa eta bibrazioak, bai eta talkak ere, maneiatzean. Asaldura horiek guztiek eragin dezaketen kalteari aurre hartu behar zaie garraiatu beharreko paketea egiteko unean.
Oro har, eta, bereziki, produktu infekziosoak edo arriskutsuak baldin badira, pakete hirukoitza egitea eskatzen dute araudiek. Lehenengoan, lagina sartzen da; ontzia irazgaitza eta hermetikoa izaten da, eta, inguruan, hautsiz gero eduki guztia xurgatuko duen material bat izaten du. Lehenengo ontzi horrek bigarren ontzi baten barruan egon behar du, eta bigarrenak ere iraunkorra, hermetikoa eta iragazgaitza izan behar du; hau da, lehenengoa babesteko modukoa.
Garraiatu beharrekoak izoztuta garraiatu behar direnean (lagin biologikoen kasuan, adibidez), izotz lehorra jartzen da bigarren edukiontzian. Kasu horietan, araudiek zehazten dute izotza agortzean sortzen den gasari ihes egiten utzi behar diola edukiontziak, ez dadin edukiontziko presioa handitu eta horrek ez dezan ezbeharrik eragin.
Lagin biologikoak izotz lehorretan bidaltzeko kutxa. Arg.: Oihane Lakar.
Azkenik, bigarren edukiontzia hirugarren batek babestuko du; paketeak jasan ditzakeen kolpeak xurgatzeko gai izan behar du.
Merkantzia arriskutsuen edukiontziek, gainera, erresistentzia-proba jakin batzuk gainditu behar dituzte. Besteak beste, bederatzi metroko altuera batetik erortzen utzi behar dira, eta zulatze- eta presio-proba batzuk egin behar zaizkie. Proba horiek gainditu izanaren ziurtagiria kanpoko edukiontzian jarri behar da.
Halaber, produktu bakoitzak izan dezakeen arriskuaren arabera, neurri batzuk edo beste batzuk hartzea eskatzen dute araudiek. Produktu lehergarrien kasuan, adibidez, edukiontziek barruko edukia babestu behar dute, jarioak saihestu behar dituzte, eta ez dute handitu behar nahi gabe su hartzeko arriskua.
Lakar Iraizoz, Oihane
3
278
2011
9
022
Garraioak; Materialak; Biologia; Kimika
Artikulua
46
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila