Abilezia fina zutik mantentzea!

Ez dirudi zaila denik. Hala ere, ez dugu denok ondo egiten. Batzuek, zutik daudenean, sorbalda bat bestea baino gorago edukitzen dute. Beste batzuek bizkarra aurrera okertuta izaten dute. Baina egia da postura ongi mantentzearen kontu hauetan benetako artistak ere badirela.
Postura mantentzeko beharrezkoak diren hiru informazio-iturri: oinen posizioa, ikusmena eta barne-belarria.

Autobusa noiz etorriko edo supermerkatuan ordaintzeko txandaren zain; lasterketa noiz pasatuko ote zain; museoan obra eder bat lasaitasunez disfrutatzen. Zutik, noski. Ez dirudi zaila denik. Hala ere, ez dugu denok ondo egiten. Batzuek, zutik daudenean, sorbalda bat bestea baino gorago edukitzen dute. Beste batzuek bizkarra aurrera okertuta izaten dute. Baina egia da postura ongi mantentzearen kontu hauetan benetako artistak ere badirela. Hor ditugu batere mugitu gabe harrizkoak direnaren itxura egiten dakiten mimoak edo Buckingham Jauregiko goardia famatuak. Trakets edo artista, denok dugu informazio-kantitate handia eta sentimen bat baino gehiago erabili beharra erori gabe zutik mantentzeko.

Zutik nola mantentzen garen

Txotxongilo artikulatua zutik jarri eta askatzen badugu, goitik behera etorriko da berehala. Artikulazioak dituenez, piezak desplazatu eta pisuaren ondorioz erori egingo dira.

Panpina zurruna hartuko dugu hurrengo entseiurako. Zutik dagoela oinen parean putz egiten badiogu, desorekatu, balantzan hasi eta erori egingo da.

Nola lortzen dugu ba, guk zutik irautea? Oztopo horiek gainditzeko moduko sistema konplexuaz horniturik gaudelako; gure oreka etengabe egonkortzera jotzen duen sistema konplexua dugulako, alegia.

Lehenengo, euskarri bat behar dugu. Hori hezur-multzoak ematen digu eta gainera, higidurarako askatasuna ematen diguten artikulazioen bidez lotutako hezurrak dira. Eta ondoren higidura. Hori, hezur horiei lotutako muskuluen kontrakzioen ondorioz sortzen da.

Zutik gaudenean, bada kanpotik eragiten digun indar bat: geure pisu propioa, hain zuzen. Indar honen eraginez, buru eta gorputzek aurrerantz erortzeko joera dute, iztarrek hanken gainean tolestekoa eta hankek oinekiko lerratzekoa. Geldirik egoteko beraz, indar horri kontrako beste batek eragin beharko dio. Horixe da ba, muskuluen papera: uzkurtu egiten ditugu eta horrela berez gertatuko liratekeen higidura horiek eragotzi egiten ditugu. Horri deitzen zaio tonu muskularra. Tentsio hori erlaxatzen denean, erremediorik gabe erori egiten gara.

Ikusmenak garrantzi handia du postura txarrak ez hartzeko. % 250 aldiz hobeto mantentzen gara zutik begiak irekita itxita baino.

Baina hori alderdi mekanikoa bakarrik kontutan hartzen duen azalpena da. Nola lortzen dugu, ordea, postura batean oreka mantentzea? Nola lortzen dugu, haizeak jotzen duenean, zutik edo makurtuta, baina postura mantenduz irautea? Hori horrela gerta dadin, bistakoa da gorputzaren inklinazioa ezagutzeko bideren bat dugula eta gainera bertikalarekiko egin behar ditugun doikuntzak eta zuzenketak zeintzuk diren ezagutzeko modua dugula.

Benetan sistema konplexua

Zentzuen bidez lortzen ditugun hiru informazio-mota prozesatzen ditugu postura orekatzeko: barne-belarriaz, ikusmenaz eta oinetatik jasotzen ditugun sentsazioez lortutakoak.

Belarriak buruaren orientazio eta azelerazioari buruzko informazioa ematen die nerbio-zentruei. Informazio hau kanal erdizirkularretan eta otolitoen sisteman ditugun zelula sentsorialen bidez heltzen zaigu, momentuoro posturaren berri nerbio-sistemari ematen diotelako. Buruari oso segidan astinduak ematen badizkiogu, zelula horiek informazio gehiegi dute denbora laburregian. Kontrolik gabe geratzen dira eta horren ondorioz, lurrera ziplo erortzea ere ez da zaila izaten.

Kanpotiko bigarren informazio-iturria oinak dira. Bi informazio behar ditugu: zoruaren kontaktuaz eta oinaren hankarekiko posizioaz.

Begia dugu hirugarren eta azken informazio-iturria. Ikusmenak garrantzi handia du postura mantentzeko gaitasunean. Eta bestela egin ezazu aproba: saia zaitez hanka baten gainean oreka mantentzen. Begiak irekita, itxita baino askoz ere errazago lortzen dela egiaztatu ahal izango duzu.

Horrelakoetan ez dago txantxarik. Posturari buruzko informazioa nahitaez ondo prozesatu behar da.

Barne-belarriko bestibulu, oin eta begiak ez dira nahikoa hala ere. Kanpotik jasotzen dugun informazio guzti horretaz gain, barrurantz begira dauden beste elementu batzuk ere behar ditugu. Lehenengoa begien mugimendua da. Honek, begiaren bestibuluarekiko posizioa ematen du. Bigarrena, muskulu errakideoetatik lortzen den informazioa da. Muskulu hauek bizkarrezurraren bi aldeetara kokaturik daude eta beheko gorputzadarren buruarekiko posizyioaren berri ematen dute.

Horrela lortutako informazio guztia ezagutuz, gure posizioa espazioan aldioro zein den jakin dezakegu. Informazio guzti hori nerbio-zentruetara doa eta handik, automatikoki, orekarako behar diren ordenak heltzen zaizkigu tonu muskularraren kontrolaren bidez. Automatismo honi sistema postural izena eman zaio.

Posturologia lanean

Medikuntzaren alorrean bere tokia bilatu nahian dabilen posturologiaren helburuak, sistema posturala aztertu eta postura-arazoetako diagnostiko eta sendaketarako teknika egokiak garatzea dira.

Sistema posturalaren informazio-sarrerak manipulatzea posible dela ikusi dugu. Adibidez, begiak itxita edo irekita edukitzea eska diezaiokegu pertsona bati eta horrela bere sistema posturala beste era batera jokatzera behartzen dugu. Horrelako saiakuntzak eginez jakin ahal izan da ikusmenaz ere baliatzeko aukera dugunean sistema posturala % 250 aldiz zehatzagoa dela.

Lehenago aipatu dugunez, iturri desberdinetatik jasotzen ditugun informazioak ez ditugu edonola erabiltzen, elkarrekiko harremanetan baizik. Horren ondorioz, begien higiduran edo bestibuluaren funtzionamenduan akatsen bat dagoen kasuetan, ikusmenaren bidez jasotako informazioak ez du balio handirik. Horrelakoetan ezinezkoa gertatzen da ikusmenaren bidezko informazio hori deskodetzea. Akats hau duena itsu posturala dela esango dugu.

Duela hamar bat urtez geroztik badakigu urtebeteko haurrak, bere lehen pausoak ematen hasten denean, ikusteko oztopoak jartzen bazaizkio zutik mantentzea ezinezkoa duela. Ikerketa berriagoek azaldu dutenez, hamar urteko haurrek ere ez dute oraindik ikusmena sistema posturalean guztiz integratu. Itsu posturalaren kontzeptua beraz, begiak itxita dituela irekita baino hobeto zutik mantentzen den pertsona helduari bakarrik aplikatu behar zaio.

Fukuda-ren testa: Orpoketan, begiak itxita eta besoak aurrera luzatuz. 1. Normalean desplazamendua 30†koa baino txikiagoa da. 2. Burua ezkerrerantz badu, eskuinerantz desplazatuko da. 3. burua eskuinerantz badu, ezkerrerantz desplazatuko da. 2 eta 3, garondoko muskuluen erreflexuari zor zaizkio.

Itsumen posturala berrezteko teknikak ez dira oso konplexuak: sistema posturalari ikusmena erabiliz funtzionaraztean dago gakoa. Horretarako gaixoa biraka dabilen aulki batean eseri erazten da bestibuluko informazioa mozteko, eta ondoren, plataforma ezegonkor batera igo erazten da oinetako informazioa ere baliogabetzeko. Ikusmenaren bidez jasotzen duen informazioa bakarrik geratzen zaionez, horretaz baliatu behar du zutik mantentzeko. Ariketa hauek hiru hilabetez egin ondoren, normalean gaixoak bere sistema posturala berrosatua du.

Posturologiak aztertzen duen beste arazo-mota bat, erreflexu pos-turala deitzen dena da. Erreflexu hauek zer diren aztertzeko ikus dezagun Fukuda izeneko mediku japoniarrak asmatutako testa zertan datzan. Pertsona bat begiak itxirik eta besoak aurrera luzatuta dituela orpo-kolpeka leunki aritzen bada, oinak gutxi altxatuz, bere ardatzaren gainean alde batera eta bestera biratu egingo dela ikusiko da. Fukudaren testak desbideratze honen tamaina neurtzen du. Normalean 30êkoa baino txikiagoa izaten da desbideratze hori.

Test bera, baina burua eskuinerantz biratua izanik eginez gero, gorputzak berehala ezkerrerantz egiten du. Eta alderantziz, burua ezkerrerantz biratua izanik orpoketan arituz gero, gorputza eskuinerantz desplazatzen da. Test honek garondo-erreflexua deitzen dena jartzen du martxan. Erreflexu hau garondoko muskuluei zor zaie. Pertsona batek testean normal erantzuten ez badu, bere garondoko muskuluek simetrikoki jokatzen ez dutelako da.

Antzeko beste test batzuk eginez, muskulu desberdinen tonua ezagutu daiteke eta horrela, postura-arazoak zuzendu.

Ikusi dugunez, postura zuzentzeko daukagun bidea, sistema posturalaren input edo sarreretan eragitea da. Ikusmenari eraginez, tonu muskularraren simetrikotasuna berreraiki daiteke eta oreka posturala finkatu ere bai.

Postura-kontutan benetako artistak badira.

Ikus dezagun beste adibide bat. Estrabismoa duten umeek oinak barrurantz okertzen dituzte oinez dabiltzanean eta tortikolisa izatea ere ez da batere arraroa. Beren sistema posturala galduta dago, espazioari buruzko ikusmenezko informazioen interpretazio okerra egiten dutelako.

Kasu hauetarako prismak erabiltzea proposatu izan da. Prisma hauen helburua imajina desplazatzea da, begien berezko akatsa konpentsatzeko. Prisma hauen bidez, beraz, ikusmena zuzenduta geratuko litzateke eta horrela ikusmen-akatsak posturan sor ditzakeen eragin kaltegarriei itzuri.

Ikusi dugunez, zutik mantentzeak abilezia fina eskatzen du. Zientziak abilezia horren mekanismoak zeintzuk diren aztertu beharra dauka eta bide horretan dabil posturologia.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila