Abbadiako balio geologikoak

Abbadia jaunaren biografi ikerketak astronomo, filologo eta beste hainbat disziplinatako zientzilariengan erakarpen handia sortzen badu, ezin da gutxietsi bere gaztelua eraikitzeko aukeratu zuen inguruak biologo eta geologoengan sortzen duena. Horregatik ikerketa hau ezin zen amaitutzat eman inguru honek eskaintzen dizkigun aberastasunak aztertu gabe.

Geologia

P. Gascouat

Hendaiako hondartzara lehenengo aldiz hurbiltzen diren turistek, laster erreparatzen diote hondartza bukaeran eta urez inguraturik dauden bi harkaitzei. Dena den, euskaraz Dunbarriak izenaz ezagunak diren bi harkaitz hauek, higadura-agenteek agerian utzi duten garrantzi geologiko handiko ingurune zabal baten adierazlerik ikusgarrienak besterik ez dira. Hendaiatik hasi eta ia Donibane-Lohizuneraino horrelakoa da itsasoa, eta beste zenbait higadura-agentek agerian utzi dute gure eskualdeko historia geologikoa ulertzeko oso baliotsua den itsas labarra, zeinetan agian harrigarriena harriek (liburu bateko orriak izango balira bezala) azaltzen duten estratu-egitura baita. Estratu hauek interes berezia dute zenbait toki konkretutan; material gogor/ /material bigun alternantzia ezaugarritzat duen “Flysch” delako harri-egitura agertzen baita.

Iberiar eta Eurasiako plaken arteko itsasoaren hipotesia. Talka gertatu zen neurrian, arro hau desagertu egin zen.
(Oharra: Argazkia ongi ikusteko jo ezazu PDF-ra).

Fenomeno hauen arrazoia bilatzeko, denboran zehar atzera jo behar dugu, eta duela 100 milioi urtetik 65 milioi urte bitarterarte luzatu zen Goi Kretazikora itzuli. Garai hartan, gaur egungo Pirinioetako mendilerroa Iberiar penintsula Eurasiako plakatik banantzen zuen arro ozeanikoa zen. Gaur egun gertatzen den modura, garai hartako ibaiek higaturiko materialak itsas plataforman eta ezpondan metatzen ziren. Sedimentuak, gero eta abiadura txikiagoz garraiatzen direnez, partikula astunenak (kararri eta harearriak) lehenengo metatzen dira, arinenak (margak eta buztinak) azkenekoak izanik.

Txandakako sedimentazio honek ematen dio Flyschari geruzatako itxura hori. Ur azpian sortutako abiadura handiko korronteei, uhertasun-korronteei hain zuzen, zor zaie itsas kanoietan barrena oso distantzia handitara gertatutako sedimentu-garraioak. Abbadian nahikoa ugaria da fenomeno honi loturik agertzen diren olistolito izeneko harri handi eta biribilen presentzia.

Dunbarriak.
P. Gascouat

Uhertasun-korronte baten ondoren, sedimentuek lortzen duten barruko egituraketa honi Bouma sekuentzia deitzen zaio; geologo hau izan baitzen egitura hauek ikertzeaz arduratu zen lehena. Dena den, Abbadiako labarretan ibili direnak berehala ohartzen dira hauek ez dutela bere hedadura osoan Flysch egitura erakusten, zenbait tokitan bretxa izeneko harri detritikoez osaturik baitaude. Bretxa hauen kokapena aztertuz, beren jatorria arro ozeanikoaren iparreko ertza dela ondorioztatu da, ertz honetan higaturiko haitzek garraio motza jasan zutela frogaturik.

Uhertasun-korronteen ondoren, sedimentuak txandakatuz metatzen dira itsas hondoan, Flysch izeneko egituraketa sortuz.
M. Estonba

Fenomeno guzti hauei, geologian hondoratze izeneko itsas hondoa erortzea gehitu behar zaie, sedimentu-metaketa handi hauek nola gerta daitezkeen ulertu nahi bada. Sedimentu hauekin batera garai hartako animalia askoren gorpuak bertara erortzen ziren, hauen zati gogorrak, anelido eta maskor gabeko moluskuen mugimenduen arrastoekin batera, hurrengo sedimentu-geruzak estalitakoan, fosildurik gelditzen zirelarik.

Uhertasun-korronteen lekuko fidagarriak dira, Abbadian ugari diren olistolitoak.
M. Estonba

Fosil hauek oso baliotsuak dira, bai aipatutako teoria frogatzeko, bai orduan planetan zegoen bizi-mota ezagutzeko eta bai datazio kronologikoak egiteko. Abbadia aberatsa da fosil hauetan, eta ez da zaila itsas beherako ibilaldietan Ammonite (molusku zefalopodoak), Globatruncula (datazioak egiteko erabiltzen den foraminifero mikroskopikoa), edo beste zenbait animaliaren fosilak aurkitzea.

Abbadia eta beste hainbat tokitan bretxa izenez ezagun diren harriak ikertuta, Pirinioak altxatu baino lehen, bertan zegoen arro ozeanikoaren iparreko ertzetik iritsitako materialek garraio txikia jasan zutela frogatu da.
M. Estonba

Abbadiako labarraren goialdean harriek duten arrosa-koloreari dagokionez (bigarren aroko bukaera eta hirugarren aroko hasierako sedimentuak, hain zuzen ere), sedimentuen oxidazio-maila handia dagoela argitu behar da.

Baina harri hauek zergatik daude hain oxidatuak? Galdera honi geologoek bilatu dioten erantzuna honakoa da: garai hartan, bai plaka tektonikoen banaketa eta bai Lurraren ardatz-inklinazioaren aldaketak zirela eta, eskualde honetako klima oraingo tropiko aldeko klimaren antzekoa zen.

Flysch baten erakuntza. Uhertasun-korronteak plataforma kontinentaletik datozen sedimentuak hondoan uzten ditu. a). Haien gainera goitik datorren lohi fina erortzen da b). Ondorioa txandakako geruzak dira.

Duela 65 milioi urtetik 2 milio urterarte luzatu zen hirugarren aroan sartzean, Kretazikoan ekialdean hasitako Pirinioen altxamendua mendebalera iritsi zen, eta alde hau ere, itsas mailatik gora gelditu zen. Pirinioen igoeraren arrazoia, Iberiar plakaren higiduran bilatu behar dugu. Plaken tektonikako teoria kontutan hartuz, Aro triasikoan Iberiar penintsula, oraingo Bretainiatik Eurasiako plakari eta hegoaldetik Afrikako plakari lotuta zegoen.

Jurasikoan, Afrikako plaka ekialderantz mugituz, hegoekialderantz eraman zuen Iberiar plaka, gaur egungo Bretainiatik aldendurik. Prozesu honek, Goi Kretazikorarte iraun zuen, orduan kontrako fenomenoa gertatu zelarik. Momentu horretan Afrikako plakak Eurasiakoaren aurka bultzatu zuen Iberiarra, bultzada horren ondorioz Pirinioen altxamendua suertatuz. Ondorioz, itsaso zena Pirinio mendilerro bihurtu zen, ordurarte urazpian egondako harriak higadura-agenteen menpe utzirik.

Failen erruz, konpartimentuak erori egiten dira. Erorketa hauetan marruskadura handia da, eta eskualde tektonizatuak agertzen dira, hauek higadura-agenteentzat erasogarri direlarik.
M. Estonba

Altxamendu hau dela eta, sedimentu-geruzak hautsi egin ziren, failak agertuz. Faila hauek erraz ezagutzen dira; hauek agertzen direneko lekuek ezaugarri berezi batzuk azaltzen baitituzte:

  • Alde batetik estratuen lerrokadura hautsita agertzen da, sarritan leku hauetan kaltzita-(marruskaduraren tenperatura-igoeraren ondorioz sortzen den kaltzio karbonato kristaldua)-estratu meheak azaltzen direlarik.
  • Bestetik, faila horien erruz konpartimentuak erori baldin badira, estratu-egituraketa desegina eta kaltzita-kantitate handiak azaltzen dituzten eskualde tektonizatuak agertzen dira. Eskualde hauek, marruskaduraren eraginez, harriak jasan dituen aldaketak direla eta, higadura-agenteentzat erasogarriago bihurtzen dira, Dunbarriak bezalako harkaitzak agertuz.
Abbadia joria da fosiletan. Hona hemen Bigarren Aroko Cancelophycus baten fosila.
J. Bost

Pirinioak altxatu ondoren, eskualde honetan fenomeno geologikoek l80 graduko bira eman zuten, eta sedimentazio-leku izatetik, leku higagarri izatera pasa zen eta sortu berri ziren mendi hauek higadura-agenteen eragina jasotzen hasi ziren.

Glaziazioen eraginez, itsas mailak jasaten duen aldaketa-adierazle fidagarriak dira Abbadia arrean dauden ERRETAK izeneko zuhaitzak.
M. Estonba

Faktore hauen artean aipagarrienetarikoa, glaziazioek kosta-lerroan sortutako aldaketa da. Glaziazio-garaietan ur-kantitate izugarriak izoztuta gelditu ziren glaziaretan. Horren ondorioz, itsasoaren mailak atzera egin zuen. Glaziazio-arteko garaietan ordea, izotza urtu egin zen, itsasoaren maila igo egin zelarik. Glaziazio-garaietan gure kosta 13 kilometro aurrerago zegoela kalkulatu da; ur-maila orain baino 100-120 metro inguru beherago baitzegoen.

Argazkian ikus daitekeenez, itsasoaren higadura-ahalmena labarraren oinarrian kontzentratzen da.
J. Bost

Itsas mailaren aldaketa hauen lekuko fidagarria, Abbadia aurrean hainbeste naufragio eragin dituzten erretak izeneko uhaitzak dira; hauek glaziazio-garaietan gertatutako kosta-higaduraren adierazle baitira.

Glaziazioek, betidanik asko erakarri dituzte zientzilariak, eta horregatik hipotesi ugari sortu da fenomenoa argitu nahian. Gaur egun faktore desberdinen ondorio direla onartu da. Hauexek lirateke aipagarrienak:

  • Gainerako planeten eragin naturalak.
  • Eguzki aktibitatearen aldaketak.
  • Lur-orbitaren aldaketak.
  • Lurra eta Eguzkiaren arteko distantziaren aldaketak.
  • Ekinozioen doitasuna.
  • Lur-ardatzaren inklinazio-aldaketak.
  • Eliptikaren eszentrikotasunean aldaketak.
  • Sumendien aktibitatea.
  • Plaka tektonikoen mugimendua dela eta, kontinenteen poloekiko posizio aldaketak.

Hurrengo eskema glaziazioen fenomenoa ulertzeko lagungarria izan daiteke:

Parametro astronomikoen
aldaketa
Ø
Jasotako eguzki-energia
eta behe-atmosferako
tenperaturaren aldaketa
Ø
klima-aldaketak
Ø
glaziazioak edo glaziazio-bitartekoak
1. Lamelibrankioek harrian egindako zuloak. (Argazkia: J. Bost). Marearteko zenbait lamelibrankio zulatzailek sortutako higadurak, eragin handia izan dezake urradura-plataforma eratzen.

Azken 2 milioi urtean bost glaziazio eta glaziazio-bitarte gertatu dira. Zaharrenetik hasita, glaziazioei eman zaizkien izenak honako hauek dira: Donau, Günz, Mindel, Riss eta Würm.

Gaur egun Würm glaziazioaren ondorengo aldian gaude. Eta oraingo itsas maila altuagoa izan arren, higadura-agenteek segitzen dute kosta-lerroari erasotzen. Ondoriorik bortitzenak sortzen dituztenak, olatuak dira.

2. Lamelibrankioa hildakoan zuloetan hondar eta harri txikiak sortzen dira, zuloak handiagotuz. (Argazkia: J. Bost). Marearteko zenbait lamelibrankio zulatzailek sortutako higadurak, eragin handia izan dezake urradura-plataforma eratzen.

Hauen eraginez labarretako oinarrian zulo handiak irekitzen dira. Honi labarren goialdean euriak kararrian sortzen duen higadura kimikoa gehituz, labarrak zergatik erortzen diren ulertzen da. Gainera, labarren erorketaren ondorioz, honen oinarrian gelditzen diren harri-pusketak fenomeno hau areagotu egiten dute; olatuek harri hauek harkaitzaren aurka botatzen baitituzte.

Atzerapen honen lekuko gisa urradura-plataforma izenez ezaguna den arraldea agertzen da labarraren oinarrian, normalean itsas beheraldietan soilik agerian gelditzen delarik.

3. Zuloak tamainaz hazten direnean, beste hainbat bizidunen bizitza segurtatzeko baldintzak eskintzen dituzte. (Argazkia: J. Bost). Marearteko zenbait lamelibrankio zulatzailek sortutako higadurak, eragin handia izan dezake urradura-plataforma eratzen.

Abbadiako azterketa geologiko txiki hau amaitzeko, urradura-plataforma honetan bizi den zenbait bizidunek sortutako higadura-mota berezia aipatu nahi dugu. Hau da, zenbaitlamelibrankio zulatzailek (Lithodoma sp.) kararrizko estratu hauetan irekitako zuloak hutsik gelditutakoan, olatuek ekarritako hondar eta harri txikiek handiagotu egiten dituzte, harri handiagoei sartzeko bide emanez. Prozesu guzti honen ondorioz, zulo handiak agertzen dira, inguru hauek marearteko beste hainbat bizidunek bizitzeko behar dituzten baldintzak eskaintzen dituztelarik.

4. Azkenean efektua nabaria da plataforma osoan. (Argazkia: J. Bost). Marearteko zenbait lamelibrankio zulatzailek sortutako higadurak, eragin handia izan dezake urradura-plataforma eratzen.

Artikulua irakurri ondoren Abbadiara hurbiltzera animatzen zaretenoi, inguruaren edertasunaz gozatu eta gero labar hauen geologia aberatsari denbora pixka bat eskaintzea gomendatzen dizuegu; harri hauek argi erakusten baitiote gizakiari bere denbora-eskalatik kanpo gelditzen den mekanismo erraldoi baten azken “torlojoa” besterik ez dela. Agian, gure neurrigabeko anbizioa lurrean eragiten ari den aldaketa gogorrak, hemendik milioika urtetara zenbait zentimetrotako harri-estratu bihurtuko direla pentsatzea gure harrokeria apaltzeko lagungarri izateaz gain, naturarekiko dugun jarreraz hausnartzera bultzatuko gaitu.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila