50 urte euskaratik mundura zabalik

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

“Orduan amestu ere ez genuen egiten zer bilakatuko zen Elhuyar 50 urtean”. Elhuyarren sortzaile izan zirenen hitzak dira. Ez zegoen, beraz, ez profeziarik, ez bide-orririk, ez helburu garbirik. Behar eta gabezia asko zeuden, eta haiei erantzutea izan zen haien lehentasuna eta iparrorratza. “Hazia erein baino ez genuen egin”, diote apal. Hazi hura zuhaitz emankor bilakatu da, eta euskal gizarteari eskaintzen dizkio fruituak eta gerizpea, muineko ideiari eutsiz: ezagutuz aldatzea.

50-urte-euskaratik-mundura-zabalik
50 urte hauetan, asko zabaldu dira Elhuyarren lantaldea eta jarduerak, baina hasierako asmoari eutsi dio: euskal gizartearen beharrei irtenbideak ematea, euskaratik mundura. Arg. Elhuyar

Iñaki Azkune Mendia, Felix Azpiroz Arrillaga, Juanjo Gabiña Carrera, Jesus Mari Goñi Zabala, Andoni Sagarna Izagirre, Mikel Zalbide Elustondo, Xabier Larrea, Luis Mari Bandres Unanue eta Kepa Zalbide Elustondo. Horiek izan ziren Elhuyarren lehen hazia erein zutenak, artean taldeak izenik ere ez zuenean. Behar nabarmen batek batu zituen: zientzia eta teknologiako karrerak ikasten ari ziren, eta ezin zuten euskaraz ikasi, ezta euskaraz adierazi ere ikasten ari zirena.

Arg. Elhuyar

1972. urtea zen. Francoren diktadurari pitzadurak azaltzen ari zitzaizkion, eta haiek zabaltzeko ahalegintzen ari zen euskal gizartearen zati handi bat. Euskararen aldeko mugimenduak indarra hartu zuen hainbat arlotan: hezkuntza, politika, kultura… Lehen ikastolak sortu zituzten, Euskaltzaindiak euskara batuaren alde egin zuen, eta, Donostian, lehen aipatutako ikasle haiek larunbat-arratsaldeetan elkartzen hasi ziren, zituzten beharrei irtenbidea emateko.

Ibilian egin zuten bidea. Arazo nagusietako bat terminologiaren gabezia zen: nola esan elektroi , adibidez? Erabakia asanblean hartzen zen, baita etxeko lanak banatu ere. Sistema bat zuten inork bilerara hutsik ez egiteko: falta zenari agintzen zizkioten etxerako lan gehien.

Aldizkaria, lehen mugarria

Laster, 1974an, euskarazko hiztegi teknikoa garatzeko, zabaltzeko eta normalizatzeko funtsezko tresna bat sortu zuten: Elhuyar aldizkaria. Fausto Fermin eta Joan Jose Elhuyar anaien omenez jarri zioten izen hori, wolfram elementu kimikoa isolatzea lortu baitzuten. Elhuyarreko kideen iritziz, izen egokia zen, euskaldunek zientzia eta teknologiaren arloan egindako ekarpen nagusietakoa izan baitzen. Aldizkariak ez ezik, taldeak, gero elkarteak eta, azkenik, fundazioak ere, izen horixe dute harrezkero.

Taldekide guztiek idazten zuten aldizkarian, eta lankidetzak ere eskatzen zituzten. Hala, taldea handitzen joan zen. 25. zenbakira iritsi zirenerako, beren helburua bete zutela egiaztatu zuten. Halaxe adierazi zuten 25. zenbaki haren editorialean: “Egin diren hogeitabost ale horiek gauza bat baieztatzen dute gutxienez: zientzia-gaiez euskaraz idaztea posible da”.

Gaur egun agerikoa bada ere, orduan asko ziren halakorik zitekeenik ukatzen zutenak. Eta hori baino gehiago ere egin zuten, aldizkaria erreferentea izan baitzen arlo zientifiko-teknikoko hiztegia sortzeko eta sendotzeko.

Hala, 1976. eta 1978. urteen artean, zientzia eta teknikarako hitzen lehen bilduma sortu zuten. Lehen fitxak egurrezko kaxetan gordetzen zituzten. Garai hartan eman zuen Elhuyarrek lehen pausoa profesionalizaziorantz ere, Maria Luisa Aizpuru Azpiazu kontratatuta. Pixkanaka, taldea handitzen joan zen, eta, 1984rako, Elhuyarrek, militante-sareaz gain, zazpi langile zituen: administrari bat, bi mekanografo eta lau langile aldizkarirako.

Tarte hartan, aldizkariak bere xedea berritu zuen. Euskara teknikoa garatzeak protagonismoa galdu zuen, eduki zientifiko eta teknikoa zabaltzearen mesedetan. 1981ean argitaratu zuen editorialaren arabera, “jendeak ez ditu euskarazko aldizkariak erosiko euskaraz idatzirik daudelako, bertan esaten dena interesgarria delako baizik”. Horrekin batera, aldizkariaren alderdi formala ere berritu zuten.

Aldizkari berritu hark, ordea, ez zuen ase Elhuyarrekoen nahia eta gogoa, eta hala aitortu zuen gerora Elhuyarreko lehendakari izan zen Iñaki Irazabalbeitia Fernandezek. Haren esanean, ez zen zientzia-aldizkari “estandar” bat; besteak beste, liburu-itxura zuelako, eta era askotako edukiak nahasten zituelako, hasi hezkuntzara bideratutako testuetatik eta goi-mailako artikulu zientifikoetara.

Horrenbestez, bitan banatzea erabaki zuten: dibulgazioa batetik, eta ikerketa bestetik (azken hori gero desagertu egin zen). 1985eko abenduan argitaratu zen gaur egungo aldizkariaren arbaso zuzenaren zero alea: Elhuyar Zientzia eta Teknika .

Adar gazteak enbor beretik

Aldizkariak dibulgazioaren bidea hartzen zuen bitartean, hezkuntzara begira, unibertsitaterako eta lanbide-heziketarako liburuak argitaratzen hasi zen Elhuyar, hasiera-hasierako kezketako bat huraxe baitzen: ikasketa zientifiko-teknikoak euskaraz egin ahal izatea.

Eta garai berrietara egokitzeko, eta, are, garai berriei aurre hartzeko, informatizazioaren alde egin zuen Elhuyarrek. Sasoi hartako langileek ondo gogoan dute noiz erosi zen lehen ordenagailua: 1984an. Urte hartan, Eusko Jaurlaritzak onura publikoko aitormena egin zion Elhuyarri. Eta 1986an, lehen Macintosha eskuratu zuen Elhuyarrek, eta hitzarmena sinatu zuen Elkar argitaletxearekin, testuliburuak euskaraz argitaratzeko.

1985eko abenduan argitaratu zen egungo Elhuyar aldizkariaren arbaso zuzenaren zero alea. Arg. Elhuyar

Hain zuzen, elkarlanean aritzeko joera da Elhuyarren beste bereizgarrietako bat, bai erakundeekin, bai enpresekin, bai gizarte-mugimenduekin. Adibidez, Eider Carton Virto aldizkariko zuzendari ohiak gogorarazi duenez, Elhuyar aldizkariak sorreratik izan du kolaboratzaileen sare zabal bat, eta harreman zuzena eta iraunkorra du ikertzaileekin. Bide beretik jo dute zientzia gizarteratzeko Elhuyarrek sortu dituen beste hedabideek, hala nola Norteko Ferrokarrilla irratsaioak (1996an sortua) eta Teknopolis telebista-saioak (1999an jaioa).

Adar hori sendo hazi da, eta lehenik Zientzia.net eta orain Zientzia.eus izena duen atarian biltzen ditu fruituak, gazteen zientzia- eta teknologia-hezkuntzako konpetentziak eta gaitasunak garatzeko ekimenak eskaintzen dituen STEAM-hezkuntza kimuarekin batera (Zientzia Azoka, Bizilabe…).

Elkarlana oinarri

Elkarlana, baina, ez da soilik zientzia gizarteratzea xede duten proiektuen oinarria; Elhuyar osoarena da. Horren adibide argia da lan-mundua euskalduntzeko eta alfabetatzeko sortutako adarra. 1985ean abiatu zen Elhuyar bide horretatik. Irakasleek eskolak euskaraz emateko egiten zuten trebakuntzaren parekoa lan-mundura eraman zitekeela pentsatuta, lehen ikastaroak eskaini zituen Elhuyarrek Donostiako Aurrezki Kutxa Munizipalean eta Donostiako Udaletxean. Hurrengo urteetan ikastaro ugari eman zituen Elhuyarrek, eta MOPI eta LAKET izeneko proiektuak landu ziren.

Irazabalbeitiaren esanean, ekinbide horren ondorio nagusia izan zen erakundeetako eta enpresetako arduradunek ulertzea euskarak berariazko trataera behar zuela lan-munduan. Aitzindarien artean daude Elay eta CAF, esaterako, eta enpresetan euskararen erabilera areagotzeko hitzarmen bat sinatu zuen Elhuyarrek Eusko Jaurlaritzarekin (1991-1996). Horrek metodologia propioaren eta esperientzia sakonaren jabe izatea ekarri zion Elhuyarri, eta, geroztik, euskarazko zerbitzuak lan-munduan lantzea da Elhuyarren jarduera-esparru nagusietako bat.

Metodologia hori, gainera, moldagarria dela eta beste testuinguru batzuetarako ere egokia dela frogatu dute Elhuyarreko kideek. Hala, gizartearen joerak eta beharrak aintzat hartuta, berdintasuna, partaidetza eta eraldaketa soziala bultzatzeko prozesuak bideratzen ditu, erakunde publikoetan nahiz entitate pribatuetan. Hastapenetan bezala, desberdinen arteko elkarlana, sormena eta gizartearen beharrak aurreikustea gako izan dira kimu hori jaiotzeko.

Elhuyar hiztegia (ere ba)da

Metodologia propioaren eta esperientzia sakonaren jabe izanik, lan-munduan euskarazko zerbitzuak lantzea da Elhuyarren jarduera-esparru nagusietako bat. Arg. Elhuyar

Nolanahi ere, zerbaitek eraman badu Elhuyarren izena eskoletara, lantegietara, etxeetara eta mundu zabalera, hori hiztegia izan da. Eta, hiztegitik abiatuta, Zientzia eta Teknologiako Hiztegi Entziklopedikoa, hiztegi terminologikoak, corpus berezituak, eta itzulpen- eta zuzenketa-zerbitzuak.

1976an kaxetan gordetzen zituzten fitxa terminologiko haien hazitik, euskararen eta gaztelaniaren arteko lehen hiztegi elebiduna argitaratu zuen Elhuyarrek 1996an. Zalantzarik gabe, funtsezko ekarpena izan zen euskal erabiltzailearen beharrak asetzeko, eta euskararen normalizazioa bultzatzeko. CD-ROMa ere kaleratu zen, eta beste hiru argitalpen izan ditu paperean (2000n, 2006an eta 2013an). Interneten, berriz, kontsultagai dago 1999tik, eta etengabe eguneratzen da.

Handik aurrera sortu dira beste hiztegiak: elebidunak (frantsesa, ingelesa), hiztegi entziklopedikoa, ikasleena…

Aipatzekoa da lehen hiztegi elebiduna sortzeko garaian euskarazko hiztegigintza arlo berri samarra zela. Orduko hiztegigileetako asko euskara-irakaskuntzan ari ziren; beste zenbait hizkuntzarekin lotura zuzena ez zuten arloetatik zetozen (ingeniaritza, informatika, pedagogia…), baina euskara normalizatzeko bidean lan egiteko gogoak batzen zituen denak. Horrenbestez, bi noranzkoko harreman-sarea eratu zen: batetik, kanpoko adituengana jo zuen Elhuyarrek, eta, bestetik, Elhuyarrera jo zuten hiztegigintzaren eta entziklopedien arloko beste eragile batzuek. Zientzia eta Teknologia Hiztegian, adibidez, 200 aditurekin lan egitera iritsi zen Elhuyar.

Bestalde, hiztegi elebiduna egin zenean, papera zen euskarri nagusia. Denborak aurrera egin ahala, ordea, hizkuntza-teknologiak baliatzen hasi ziren hiztegigintzaren oinarri teknologikoa hobetzeko. Hala, ElhDB datu-base lexikala egin zen Elhuyarren; alegia, hizkuntza-hiztegi guztiak biltzen dituen datu-basea. Horretarako, EHUko IXA taldera jo zuten, laguntza bila. Era berean, IXArentzat baliagarriak izan dira Elhuyarrek hiztegigintza-arloan bereganatutako jakintza eta sortutako produktuak.

Teknologiaren iraultza

Hizkuntzaren eta teknologiaren uztarketa horretatik, adar sendo eta emankorra sortu du Elhuyarrek. XXI. mendearen hasieran, Elhuyarreko eta IXA Taldeko kideek argi ikusi zuten euskaraz lan egiteko tresnak garatu behar zituztela, euskarak ez zezan galdu informazioaren gizarteko trena, eta beste hizkuntza handiagoen parean egon zedin.

2016an, itzulpengintza automatiko neuronalaren ikerlerroa abiatu zuen Elhuyarrek. Haren emaitza zuzena da Elia, doako itzultzaile automatiko eleaniztuna. Arg. Elhuyar

Asmo horiek gauzatzeko, Eusko Jaurlaritzaren Industria Sailera jo zuten babes ekonomiko bila. Ez zen erraza izan, baina lortu zuten hizkuntzaren prozesamendua ildo estrategikotzat hartzea Etortek izeneko deialdian.

Industria-arloan bidea urratzeko, berriz, partzuergo sendo bat behar zuten, eta, horretarako, ezinbestekoa izan zen zentro teknologikoen ekarpena. Hala osatu zuten Hizking partzuergoa Elhuyarrek, EHUko IXA Taldeak eta Aholabek, eta Vicomtech eta Tekniker zentro teknologikoek. Eta, aurrerago, ikerketen emaitzak produktu bihurtzeko eta merkaturatzeko, Eleka enpresa sortu zuten Elhuyarrek eta IXAk.

Bide horretan, fruitu ugari eman ditu adarrak; batzuk ikerketa-mailakoak, eta besteak merkatura iritsi direnak. Besteak beste, hauek: Xuxen zuzentzaile ortografiko eta gramatikala (1994koa da lehen bertsioa); ItzulTerm, itzulpen-memoriei etekina ateratzeko doako webzerbitzua; AnHitz, euskaraz hitz egiten duen zientzia-aditu birtuala; testuak audio bihurtzeko aukera; Matxin itzultzaile automatikoa; testu-bilatzaile adimenduna…

2016an, beste jauzi bat eman zuen Elhuyarrek, itzulpengintza automatiko neuronalaren ikerlerro estrategiko berria abiatuta. Haren emaitza zuzena da Elia, doako itzultzaile automatiko eleaniztuna. Adimen artifizialaren eta sare neuronalen ahalmenaren beste erakusgarri bat Aditu da, transkripzioak eta azpitituluak sortzeko hizketa-ezagutzailea.

Eta aurten bertan, Elhuyarrek 50 urte egiten dituen urtean, Orai marka sortu du, enpresa eta erakundeei goi-mailako ikerketa eta soluzio teknologiko adimendunak eskaintzeko, NLP (Lengoaiaren Prozesamendu Naturala) teknologietan oinarrituta.

Elhuyarren beste adarrek ere jarraitzen dute hazten eta fruituak ematen, hazia jarri zuten ameslari praktiko haien xede berberarekin: euskal gizartea garatzeko lan egitea, euskaratik, mundura zabalik.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila