Zazpi urte igaro dira, bestalde, Piarres Xarritonek Xabier Kintanaren 2000 Eskola Hiztegia Iparraldeko egoerari egokitu eta Elkar-ek argitaratu zuenetik. Orduz geroztik, euskararen egoera aldatu eta areagotu egin da hainbat arlotan, euskaraz gero eta gai gehiago lantzen dira, eta, ondorioz, erabiltzaileen eskakizunak ere areagotuz joan dira.
Eskakizun horien artean, euskara-frantsesa hiztegi elebidun osatuago eta gaurkotuago baten beharra ikusi zen. Xede berria Elkar-ek eta Elhuyar-ek hitzartu eta finkatu zuten eta horren emaitza da oraingoan hizpide dugun Dictionnaire ELHUYAR Hiztegia.
36.000 sarrera biltzen ditu aipatu hiztegiak, bi ataletan banatuak: euskara-frantsesa eta frantsesa-euskara. Ohiko hitzekin batera, Iparraldeko ala Hegoaldeko izan, hitz teknikoak eta berriki idazle-kazetariek eguneroko lanean erabili dituztenak ere biltzen dira. 6.000 hitz elkartu, esapide eta lokuzio ere jasotzen ditu hiztegiak. Eta eranskinen sailean, Espainiako eta Frantziako probintzien izenak, munduko estatuen izenak, Euskal Herriko udalen izenak eta gramatika-eranskina.
Hitz-sorta honek, halere, Ipar Euskal Herriko euskaltzale askoren bereziki itzultzaileen, irakasleen, idazleen edota euskara lan-tresna duten beste hainbaten hizkuntz beharrak hein batean baino ez ditu agian beteko. Euskara gero eta hedatuago den honetan, euskara eta frantsesa landuko dituen hiztegi elebidun osatuagoen beharra nabaria da. Ildo horretan, proiektu handiagoak obratuko bide dira, zenbait urteren buruko, jakinik, betiere, talde-lan zabala eta sakona eskatuko dutela.