1998ko Fields Sariak

Duoandikoetxea Zuazo, Javier

EHUko matematika irakaslea

Matematikarien Nazioarteko Kongresua Berlinen ospatu zen joan den abuztuan. Mundu osoko matematikarien topaleku izaten den Kongresuaren sarrera-ekitaldia abuztuaren 18an izan zen eta, ohi denez, bertan eman ziren aditzera Fields sarien irabazleak.

Richard Borcherds

Sari hauek oso garrantzitsuak dira Matematikaren munduan eta Nobel sarien ordezkotzak ere hartzen dira nolabait (ikus 1997ko abenduko Elhuyar. Zientzia eta Teknika, 126. zenbakia, 7. or.). Aurten hurrengo matematikariei egokitu zaie: Richard Borcherds, Maxim Kontsevitx, Tim Govers eta Curtis McMullen-i. Lehen biak ingelesak dira eta Cambridgeko Unibertsitateko irakasleak hirugarrena, errusiarra da jaiotzaz, Bonn-en doktoratua eta gaur egun Frantziako IHES (Institut des Hautes Etudes Scientifiques) delakoan eta Estatu Batuetako Rutgers Unibertsitatean ari dena; laugarrena, estatubatuarra, Harvard-en da irakasle orain.

Maxim Kontsevitx

Richard Borcherdsen lana Algebra eta Geometriaren alorretakoa da eta ospetsu egin duen emaitza moonshine izenaz bataiatu zuten aieruaren frogapena izan da. Berba hori, ingelesez, ideia bat zoroa eta zentzubakoa dela adierazteko erabiltzen da eta Taldeen teoria eta funtzio eliptikoak, itxura batean elkarrengandik urrun dauden egiturak lotzen dituen emaitza delako jarri omen zioten.

Egin zuen lanean, Fisika Teorikotik datozen metodoak ere erabili zituen; korden teoriatik datozenak, hain zuzen.

Fisika Teorikoa da Maxim Kontsevitxen lan-arloa, Richard Feynmann eta Edward Wittenen ekarpenen ildotik. Duela zortzi urte Fields saria eskuratu zuen azken honen aieru bat frogatuz, grabitazio kuantikoaren eredu biren baliokidetasuna erakutsi zuen. Halaber, Topologiaren atala den Korapiloen teoria ere landu du. Topologian ohi den bezala, propietate aldaezinak aurkitu behar dira, egitura desberdinak zeintzuk diren zehazteko. Korapiloen sailkatze bidean, oraindik bukatu gabeko lanean, Kontsevitxek aurkitu du gaur egun ezagutzen den aldaezinik emankorrena.

Tim Govers

Tim Goversek Analisi Matematikoan egin du bere lana, Analisi Funtzionalean zehatzago esan. Mende honen hasieran bideratutako alor hau ezinbesteko bilakatu da, oinarrizko kontzeptuak Matematikako edozein ikaslek ezagutzen dituelarik. Hala ere, oinarrizko egitura horietan badugu oraindik zer ulerturik eta Goversek Banach-en espazioen egitura geometrikoa hobeto ulertzeko bidea egin du, simetria gutxi duten espazioak egon daitezkeela erakutsiz, hain zuzen ere.

Konbinatoriako metodoak erabiltzen ditu bere lanetan eta azkenaldian metodo hauek erabiliz Szemerediren teorema deitzen denaren frogapen berria eskaini du. Teorema ezaguna izanik, beste frogapen bat ematea bigarren mailako gauza dela pentsa daiteke, baina ez da horrela, kasu honetan gertatzen den bezala, emaitza oparoak eskain ditzakeen bide berria irekitzen bada.

Curtis McMulleni emandako sariak, duela lau urte Yoccoz-i eman zitzaionak bezala, sistema dinamikoen teoriaren garrantzia azpimarratzen du. Azken hogei urteotan edo, kaos hitzak dibulgazioko aldizkari zientifikoetan leku nabarmena hartu du. Horren atzean sistema dinamikoen inguruko lana eta ezagutza ezkutatzen dira eta indarberritu den alorra izan arren, erroak mende hasierako matematikariengan aurki daitezke. McMullenen lana ekuazioen ebazpen hurbilduari eta Mandelbroten multzoa ulertzeari buruzkoa da.

Zilarrezko plaka

Andrew wiles

Azken hamarkadan Matematikan lortu den emaitzarik sonatuenaren falta somatuko zuen irakurleak, 1995ean Fermaten azken teorema frogatuta utzi zuen Andrew Wiles ingelesa ez baita aurreko zerrendan agertzen. Sarituak nortzuk diren erabaki behar duen batzordeak zalantza gutxi izango zuen horrelako emaitzaren egilea hautatzeko, baina Fields saria berrogei urtetik beherakoei baino ematen ez zaienez, Wiles, 1953an jaioa izanik, ez zen hautagaietakoa.

Hala ere, Matematikaren Nazioarteko Elkarteak ezin zezakeen ahaztu gertakaria eta ekitaldi berean, Wiles-i Elkartearen zilarrezko plaka eman zion saritzat. Gero, Kongresuko hitzaldi nagusietako bat eskaini zuen.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.