1957.eko Urriak 4, kateak hautsi ziren eguna

Irazabalbeitia, Inaki

kimikaria eta zientzia-dibulgatzailea

Elhuyar Fundazioa

Sputnik 1ak kateak hautsi zituela esatea gehiegitxo izan daiteke akaso, baina gizateriaren historian aro berri baten hasiera markatu zuenik ezin uka.
Sputnika jaurtia izaneko biharamunean A. A. Blagonravov irakasleak, satelitearen deitaileak azaldu zituen Washington-en.

Sputnik 1ak kateak hautsi zituela esatea gehiegitxo izan daiteke akaso, baina gizateriaren historian aro berri baten hasiera markatu zuenik ezin uka. Imajinazioaren kateak aspalditik hautsirik zeuden idazle eta irakurleen artean eta egun hartan Sobiet Batasunak espazioan jarritako lehenengo giza tresnak espazioko menturaren hildora bideratu zituen eszeptikoenak ere.

Sputnik 1a ez zen gauza handia, 84 kg pisatzen zituen ozta-ozta, baina bere eragina handia izan da benetan. Inor gutxik pentsa zezakeen duela hogeitamar urteko urriaren lau hartan (eta berritasunaren lehenengo sorpresa gainditu ondoren) urte gutxiren buruan satelite bat orbitan jartzeak ez zuela inortxo ere harrituko. Egun gizakiak espazioan jarritako zundek gure planeta-sistemaren muga gainditzear daude urruneko izarretarako bidaia luzean. Tarte honetan, gure botek ilargiaren milaka urtetako pakea urratu dute; guk bidalitako zunda automatikoak gertuen ditugun planetetan (Artizar eta Martitzen) pausatu dira; kanpo-planeta erraldoien bila bidalitako zundek gure sistemaren egitura eta egoerari buruz ikuspuntu berria eman digute; eta, agian garrantzitsuago dena, gure eguneroko bizia aurrera eraman ahal izateko ezinbesteko bihurtu da sateliteek emandako eta sateliteen bidez transmititutako informazioa.

Egun arrunt zaigu espazioaren mundua; egunerokoa alegia. Baina 1957.ean guztiz bestelakoa zen. Sputnikaren jaurtitzeak eragin handia izan zuen mundu osoan eta EEBBtan bereziki. Zein izan zen egun haietan bizi izan zen giroa?

Sputnikaren jaurtipenaren aurrean egondako erreakzioak, bi taldetan banatu ziren, mundua politikoki garai hartan bi bloketan zatitua zegoen legez. Mendebaldekoen lehenengo erreakzioa sorpresa izan zen. Guzitek lehenengo satelitea espazioan EEBBak jartzea espero zuten. Bigarren erreakzioa, kritika izan zen (EEBBei egindakoa alegia, jaurtigailu egoki bat prestatzeko momentuan beharrezko ziren esfortzuak egin ez zituztelako).

Laika, zakur kosmonauta Sputnik 2an.

EEBBtako gizartearentzat kolpe handia izan zen. Bigarren Mundu-Gerra irabazi ondoren eta energia atomikoaren oinarriak jarri ondoren, espaziorako lasterketan atzean geldituak ziren. Amerikarren harrokeria oso erasana gelditu zen. Ezaguna zen, eta iragarria ere bai, sobietarrak satelite bat orbitan jartzekoak zirela, baina amerikarrek ez zieten iragarpenei kasorik egin; sobietar propagandatzat hartu bait zituzten. Amerikarren ustetan espazioan jarriko zen lehenengo giza tresna, Cañaberal lurmuturretik jaurtia izango zen.

Harropuzkeria izan zen iparramerikar batzuen erantzuna. Satelitea edozeinek jaurti zezakeen burdin puska zela esan zuen Itsas Operaziotarako buru zen Bennet almiranteak esaterako. Baina Patrick Donovan britainiar kazetariak orduantxe idatzitako hitzek laburbiltzen bide dute hobekien amerikar populazioaren eritzia: Herri totalitarista batek, ikerketa-proiektu nagusi batean esfortzua eginez, herri demokratiko aberats bat gaindi dezakeenaren ideia ezinezkotzat jotzen da.

Hala eta guztiz ere, Sputnikaren jaurtiketak iparramerikarrak, prestigio arrazoiengatik hasiera batean, espaziorako lehiaketan murgildu zituen nahiz eta haiek lehiaketa zegoenik onartu nahi izan ez.

Bestalde, Sputnikaren jaurtitzeak sortu zuen trauma areagotu egin zen urte bereko azaroaren 3an sobietarrek bigarren Sputnika orbitan jarri zutenean. Hau, bestea baino hamabost aldiz astunagoa zen eta Laika zakurra zeraman barruan. Amerikarren harrokeria are gehiago mindu zen. Sobietarrek bi satelite orbitan jarriak zituzten eta iparramerikarrak lurrera loturik zirauten artean zenbait arazo mekaniko gainditu ezinik. Amerikarrek 1958.eko urtarrilaren 31 arte itxaron egin behar izan zuten beren Explorer Ia espazioan jarri arte. Garai hartan bizi zen giroaren adierazgarri Edward Teller fisikariak Ilargian zer aurkitzea espero zuen galdetu ziotenean esandakoa izan daiteke: Errusiarrak .

Amerikarren lehenengo saioak porrot egin zuen 1957-eko abenduaren 6ean. Vanguard TV3 sateliteak bulkada galdu zuen.

Beste blokean eta espero zitekeenez, espaziorako bidean izandako arrakasta honek propagandarako ateak zabaldu zituen. Esandako honen lekuko Tass agentziak berria iragartzerakoan idatzitakoa da: Badirudi egungo belaunaldi hau, gizarte sozialista berriko populuaren lan libre eta konszienteak gizakiaren ametsik ausartena errealitate bihurtu duenaren lekuko izango dela.

Espazioaren menturak itzuli-mitzuli asko egin du ordutik hona, nahiz eta 1957.eko urriaren laua hortxe kale-kantoian egon. Sputnikaren jaurtitzeak sortu zituen ohiartzunak oraindik erabat bukatu gabe daudelarik, horizonte berriei begira dabil duela hogeitamar urte jaio zen mentura interesgarri eta erakargarri hori.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila