Abel González: "Gobernuek ez dute azaldu energia nuklearra erabiltzeko behar adinako ardura dutenik"

Orobengoa, Olatz

Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Lasa Iglesias, Aitziber

STEAM Hezkuntza arloko arduraduna

Erradiazioetatik Babesteko Espainiako Elkartearen (SEPR) IX. Kongresua zela eta, Bilboko Euskalduna Jauregian izan zen Abel González, eta harekin hitz egiteko aukera izan genuen.
Haren ustez, mundua era egokian hornitzeko energia nuklearra da orain arte dagoen aukerarik onena; baina horretarako erantzukizun handia behar da, eta gaur egungo gobernuek ez dute arduratsu jokatu orain arte.
Abel González, argentinarra jaiotzez, Vienan (Austria) bizi da. EANAko (Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentzia) presidentea da. Energia atomikoaren bakezko erabilera bultzatzeko eta instalazio nuklearren segurtasuna zaintzeko nazioarteko erakundea da EANA, eta Nazio Batuen Erakundeari atxikia dago. Besteak beste, laguntza teknikoa eskaintzen die gutxien garatutako estatuei, eta erradiazio ionizatzaileetatik babesteko neurriak ezartzen ditu. (Argazkia: A. Lasa Iglesias).

Azkenotan energia nuklearra berriro dago pil-pilean, eta eztabaida handiak sortzen dira gai horren inguruan; besteak beste, jakina da zentral nuklearretako hondakin erradioaktiboen biziraupena oso luzea dela, eta, beraz, arrisku potentziala direla, eta urte askotarako gainera.

Zentral nuklearretako hondakinen biziraupena ez da ikatza erretzen duten zentraletako hondakinena baino luzeagoa. Izan ere, ikatza erre ondoren geratzen diren errautsetan bizi iraupen oso luzeko hondakin erradioaktiboak daude. Besteak beste, ikatzaren osagaietako bat radioa da, oso material erradioaktiboa. Hala ere, jakina da ikatza erretzen duten zentralak nuklearrak baino erradioaktiboagoak direla. Nuklearren arazoa istripuak dira. Bestalde, ikatza erretzean askatzen diren gasek euri azidoa sorrarazten dute, besteak beste, eta horrek ere ondorio latzak eragiten dizkio naturari.

Orduan, zentral nuklearrak beharrezkoak direla uste duzu?

Ni ez naiz energia nuklearraren defendatzaile sutsua. Jendea erradiazioetatik babestea da nire lana. Baina hipokrisia ez dut gustuko, eta honen guztiaren inguruan hipokrisia handia dagoela uste dut. Alde batetik, politikarien aldetik, eta, bestetik, jendearen aldetik.

Zentral nuklear asko dago ibai edo itsasadarren inguruetan, hozte-potentzia handia behar dute eta. Hori dela eta, inguruko urak berotu egiten dituzte.

Nire ustez, gure buruari egin behar dizkiogun galderak hiru dira. Lehenengoa: Energia nahi dugu, bai ala ez?. Energiarik gabe bizi daiteke; izan ere, ni txikia nintzela, keroseno-argiontzia erabiltzen genuen ikasteko eta, hotzetik babesteko, berriz, mantak. Orain, ordea, oso pozik nago nire seme-alabek argi onarekin ikasten dutela ikustean. Grazia egiten didate ingurumenaren alde ‘borrokatu’ baina, etxera heldutakoan, bero-bero eta ondo argiztatuta daudenek. Hori da hipokrisiaren lehen puntua.

Lehen galderari ‘bai’ erantzuten badiogu, hona hemen bigarren galdera: Guztiontzat nahi dugu energia hori, ala bakar batzuentzat baino ez? Guk dugun energia-maila bera nahi dugu txinatarrentzat, adibidez, bai ala ez? Eta erantzun dezagun argi eta garbi. Nire ustez, guri berdin digu Lurreko populazioaren % 80 hotzak akabatzen egotea; alabaina, guk bero-bero egoten jarraitu nahi dugu.

Eta, hirugarrena: Populazioaren hazkundea kontrolatzeko asmorik badugu? Jakin behar dugu munduko populazioa nola haziko den eta hazkunde horri mugak jarriko dizkiogun ala ez. Izan ere, horrek eragin zuzena du ekoiztu behar den energian.

Eta oinarrizko hiru galdera horien erantzuna...

Galdera horiei erantzuteak behar dugun energia-kantitatea kalkulatzeko bidea ematen digu. Eta orduan dator benetako galdera: Nola sortuko dugu energia hori? Energia ‘garbiak’ soilik erabili nahi baditugu, azter ditzagun dauden aukerak. Energia eolikoa, adibidez. Ziur nago Argentinako Patagonian baino haize bortitzagorik ez dagoela inon. Bada, Patagoniako puntu guztietan aerogeneradoreak jarri arren, ez litzateke Argentina osoa hornitzeko beste energia ekoiztuko.

Eguzki-energia erabiliko dugu? Lurrazal osoa eguzki-plakaz beteta ere, ez ginateke iritsiko gaur egun kontsumitzen dugun besteko energia-kantitatea ekoiztera. Jarriko ditugu ur-presak? Parana ibaiaren ur-emaria, adibidez, 10.000 m 3 /s-koa da; ur-presa jarriko balitz, Argentina erdia baino gehiago geldituko litzateke urpean. Hango herrietako biztanleek, ziur asko, ez lukete pozik hartuko berria, baina horrelako arazoei bertakoek baino ez diete garrantzia ematen. Beraz, energia ‘garbiek’, horiek bakarrik, ez digute arazoa konpontzen.

Eta, orduan, zer egin behar dugu? Natur baliabideak erretzen jarraitu behar dugu? Nire ustez arazo etiko larria dago horretan. Petrolioa erabilita, gauza baliagarriak egin ahalko lituzkete gure seme-alabek; baliabide denak erretzen baditugu, ordea, agortu egingo ditugu, eta hori itzulezina da. Milaka urte behar izan ditu naturak baliabide horiek sortzeko eta guk ehun urtean agortuko ditugu. Eta, are gehiago, ingurumenari kalte handia ari gatzaizkio egiten. Austriako basoak zeharkatu eta begi-bistakoa da euri azidoaren eragina; Lurra berotzen ari gara: orain dela gutxi Antartikako izotz-zati handi bat askatu da.

Orduan, zein da irtenbidea?

Nik ez dakit zein den irtenbide zuzena, baina nik neure erantzunak ditut honen guztiaren aurrean. Lehenik, gizateriak energia behar duela uste dut; bigarrenik, arrazoizkoa den energia-kantitatea behar da (eta ez Norvegian erabiltzen dutena, larregi baita); hirugarrenik, energia mundu osoan behar da, bestela jadanik hasiak diren istilu sozialak areagotu egingo baitira; eta, azkenik, ugalketaren inguruan, gizateriak zentzuz jokatuko duela uste dut: hau da, ez da hartuko Alemaniaren bidea (hango jaiotza-tasa ikusita, 50 urte barru ez baita geratuko alemanik) ezta Indiarena ere.

Gure buruari egin behar dizkiogun galderak hiru dira: Energia nahi dugu, bai ala ez? Guztiontzat nahi dugu energia hori, ala bakar batzuentzat baino ez? Eta, azkenik, populazioaren hazkundea kontrolatzeko asmorik badugu?

Beraz, irtenbidea zein den badakidala uste dut. Oraingoz, eta mirarizko sistema berriren bat agertzen ez den bitartean, arrazoizko energia hori energia nuklearraren bidez ekoitz daitekeela uste dut. Baina, horretarako, mundua babesteko nazioarteko araudia ezinbestekoa dela uste dut. Energia nuklearrak, beste gauza askok bezala, arazo asko sortzen du, eta batez ere, energia nuklearraren arazo larriena da instituzioen erantzukizun oso handia eskatzen duela. Ezin da lardaskeriatan ibili energia nuklearrarekin.

Ez dago segurtasun eta babeserako nazioarteko araudirik?

Ez. Bizitza osoa eman dut horren alde lanean. Makina bat artikulu idatzi ditut eta konbentzioak sustatu ditut, nazioarteko estandarrak lortu ditut eta estandar horien aplikazio-sistemak ere bai, baina onartu den konbentzioa ez da nik nahi nuena; izan ere, gobernuek euren abokatuei horrelakoak arintzeko agindua ematen diete, eta ‘egin behar da’ bezalako formulak subjuntibo bilakatu dira. Nazioarteko araudien kasuan ere antzeko zerbait gertatzen da. Abertzaleek, berriz, herrialde bakoitzak nahi duen sistema ezar dezakeela diote, eta horrela beti.

Nik ikuskapenetan oinarritutako araudia nahi nuen, baina badirudi ‘ikuskapen’ hitza debekatuta dagoela.

Eta horrek guztiak energia nuklearrarekin aurrera jarraitzeko benetako zalantza pizten dit.

Irudiari begiratu besterik ez dago munduko zein tokitan kontsumitzen dugun energia gehien ikusteko.

Energia nuklearraren kasuan, istripu batek oso ondorio larriak izan ditzake. Beraz, ulertzekoa da jendearen beldurra, ez duzu uste?

Noski baietz! Baina gauza bat utzi behar diogu garbi jendeari: bizitzea bera da arriskutsuena. Izan ere, hiltzeko probabilitatea bat da, ez da zero. Beraz, gezurra esaten diogu jendeari baldin eta arriskurik gabeko ekoizpena egingo dugula esaten badiogu.

Eta nola lasai daiteke jendea?

Bizitzaren aurrean dugun jarrera aldatu behar dugula uste dut. Mendebaldeko herrietan jarrera antropozentrikoa dugu, nolabait gure burua ‘jainkotzat’ hartzen dugu, arrisku guztien gainetik gaudela uste dugu. Ekialdean, aldiz, gizakiaren akatsak onartzen dira. Ikuspuntu hori bagenu, gauzak ahalik eta ondoen egiten saiatuko ginateke, arriskua ahalik eta txikiena egin nahian, baina, betiere, arriskua ez dela zero izango onartuta.

Abel González EANAko presidentea.
A. Lasa Iglesias

Dena dela, erantzukizun handiena politikarien esku dago. Hipokrita hutsak dira. Ni bizi naizen herrian, Austrian, adibidez, zentral nuklearrak itxi bai, baina zenbait bainuetxetara joateko propaganda handia egiten du gobernuak berak. Eta bainuetxe horietan denean dago erradiazioa: airean, bainuetarako urean, edateko urean ere radio-kantitatea ikaragarria da... Beraz, horrelako bainuetxe batean, astebetean hartutako erradioaktibitate-dosia zentral nuklear baten tximinian hartuko genukeena baino handiagoa izango litzateke. Eta zein da politikarien jarrera horren aurrean? Bada, politikari batek honela esan zidan behin: “Jendeak bainuetxeetako erradiazioa du gustuko, eta gustuko ez duena zentral nuklearretako erradiazioa da; eta politikarion lana da jendeari gustuko duena ematea, hauteskundeak irabazi nahi baditugu, batik bat”.

Orduan ulertu nuen: ‘demokrazia’ hitzaren definizio berria zen hura, eta aberrazio hutsa iruditzen zait, nazkagarria deritzot. Eta Europan, nire ustez, gidaritza politikoa bertan behera utzi da. Kalte handia egiten ari dira, eta guri baino gehiago, hurrengo belaunaldietakoei datorkie kaltea.

Gure ondorengoak esango dute: “Zer egin zuten, bada, gure arbasoek? Ehun urtean erreserba guztiak agortu zituzten!”.

Hondakin erradioaktiboekin loturiko arazoak gertatzen direnean...

Hondakin erradioaktiboekin loturiko arazoak gertatzen direnean, gure buruari egin behar diogun galdera hauxe da: “Zergatik gertatu da?”. Ez da nahikoa adabakiak jartzea, errotik konpondu behar dira arazoak. Estatuak ez dira arduratsuak izan, horietako askok ez ditu kontrolatu bere iturri erradioaktiboak. Eta benetan ikaratzen nauena da arduratsuen izan behar zutenak izan direla, askotan, ardura gutxien izan duten estatuak.

Zentral nuklearrean istripu bat izanez gero, ondorioak izugarriak dira.

Baina behin sasi artera sartu garela, nola irtengo gara? Oso zaila da. Buenos Aires-en egin zen biltzarraren ondorio nagusia hurrengoa izan zen: lehentasuna heziketa da, eta gero gerokoak. Baina irtenbidea ez da hori. Irtenbidea nazioarteko araudia da, hori guztia kontrolatuko duen nazioarteko araudia, hain zuzen ere. Horrek konponduko du gaur egun energia nuklearrak duen sakoneko arazoa, baita jendeak energia nuklearraren aurrean duen eszeptizismoa ere. Izan ere, nire ustez, jendeak berezko adimena du. Ez du ulertzen arazoaren muina zein den, baina zerbait txarto dagoela atzematen du. Eta arrazoi osoz. Sakon-sakonean txarto dagoen zerbait dago, nazioarteko araudi baten aurrean estatuen bene-benetako konpromisoa falta da, hain zuzen ere.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila