Zientzia.net, berritua itxuraz eta edukiz

Carton Virto, Eider

Elhuyar Zientzia

Elhuyarrek duela hiru urte sortu zuen Zientzia.net web gunea, zientziaren dibulgazioak eta euskarak ere beren txokoa izan zezaten Interneten. Web guneak arrakasta handia izan du: une honetan mila bat lagunek bisitatzen dute egunero. Horiek denek, eta animatzen bazara zuk ere bai, aldaketak topatuko dituzue apirilaren 15etik aurrera.

Lehenengo aldaketa begi-bistakoa izango da. Web gunea erabat itxuraldatua aurkituko duzue. Izan ere, diseinua aldatu eta atalak berrantolatu egin ditugu. Diseinu berriarekin, ageriago jarri nahi izan ditugu hainbat atal, hala nola, dosierrak, agenda edo aldizkari honen beraren on line bertsioa, horiek bilatzen batere lanik izan ez dezazuen.

Baina berritzea ez da berrantolatzera mugatu. Apirilaren 15etik aurrera atal berriak ere eskainiko ditugu. Zehazki hiru. Lehenengoarekin, zerura begiratzea atsegin dutenen jakin-mina ase nahi izan dugu; horretarako orain arte aldizkarian soilik argitaratzen diren astronomiako efemerideak Internet-en ere jarriko ditugu. Hileko zerua deitu diogu atalari eta, han, modu atsegin eta errazean, hilez hil eta egunez egun behatzea merezi duten fenomeno astronomikoen berri emango dugu Aranzadi Zientzi Elkartearekin batera.

Gauez zerura begira jarri ordez liburu baten aurrean lokartu nahiago dutenekin ere gogoratu gara, eta, apiriletik aurrera, irakurtzea merezi duten zientzia-dibulgazioko liburuen berri ere emango dugu. Dibulgazio-liburuak atalean liburu bat gomendatuko dugu hilero, baina ez dugu lan hori bakarrik egin nahi. Iritzi bakarra ez baizik, bi, hiru edo lau eman nahi ditugu, eta, horregatik, zurea zein den plazaratzeko txokoa sortu dugu dibulgazio-liburuen atalean. Liburu kuttunen bat gomendatu nahi baduzu ere, esan iezaguzu.

Gaiak, bilaketa-sistemaren osagarria

1989ra arteko Elhuyar Zientzia eta Teknika aldizkari guztiak kontsulta ditzakezu Zientzia.net-en.

Hirugarren atal berria guztietan garrantzitsuena da beharbada, beste denak hartzen baititu barruan. Gaiak du izena, eta, han, Zientzia.net-ek dituen eduki guztiak aurkituko dituzu, gaiaren eta azpigaiaren arabera sailkatuak. Bakoitzetik zenbat dauden ikusiko duzu, eta, nahi izanez gero, barruan nabigatu. Hau da, Osasuna gaiaren gainean saguari sakatuz gero, gai horri dagozkion artikulu, dosier, argazki eta abarrak begiratu batez ikusi ahal izango dituzu. Eta berdin beste gai guztiekin.

Gaiak

atala bilaketa-sistemaren osagarri gisa eskaini nahi izan dugu, baina bilaketa-sistemak orain arte bezala jarraituko du funtzionatzen. Bilaketa arrunta egin dezakezu, hitza eskatuta, alegia; edo, nahi izanez gero, hainbat eremu mugatu (gaia, azpigaia, egilea, formatua eta urtea) eta bilaketa zehatzagoa egin.

Zientzia eta teknologiaren hiztegia

Zientzia-dibulgazioko edukiak eskaintzeaz gain, hizkuntza zientifikoari ere egin diogu txoko bat Zientzia.net-en, eta Zientzia-hiztegiak izeneko atalean Zientzia eta teknologiaren hiztegia txertatu dugu, hori ere osatua eta berritua.

Gaiak atalean, Zientzia.net-ek dituen eduki guztiak aurkituko dituzu gaiaren eta azpigaiaren arabera sailkatuak.

Hiztegi horretan, zientzia eta teknologiarekin zerikusia duten 14.500 kontzepturen definizioak aurkituko dituzu, eta bakoitzari ingelesez, gaztelaniaz eta frantsesez dagozkion ordainak.

Horiek dira berrikuntza nabarmenenak, baina guk esatea baino hobea izango da web gunean sartu eta zuk zeuk egiaztatzea. Horrela, Zientzia.net-en zer aldatu den ikusteaz gain, sariren bat irabazteko aukera ere izango duzu. Galdera gutxi batzuk ongi erantzun, besterik ez duzu egin behar, eta, zortea aldeko baduzu, agian zuk irabaziko duzu Euskadiko Nekazalturismo eta Landetxeen Elkarteak egin digun oparia: asteburu bat landetxe batean igarotzeko aukera.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila