Ikasturtean zehar egindako lanaren ordaina jaso dute VI. ZerNola Olinpiadan parte hartu duten gazteek. Olinpiadan, zientzia- eta teknologia-gaiak lantzen dituzte. Arrasateko Polo Garaia berrikuntzagunean izan zen festan, hip hopak, break dantzak eta graffitiek girotu zuten 150 gazterentzat prestatutako sari-banaketako ekitaldia. Horrez gain, aurretik Gomiztegi artzain-eskolan ere izan ziren.
Gasteizko Jesus Obreroko 2.E ikasgelako ikasleek eskuratu dute lehen saria, eta, hortaz, Zuatzako uhartean bi eguneko egonaldi bat egiteko Arabako Foru Aldundiaren txartela. Bermeoko Eleizalde ikastolako ikasleentzat izan da bigarren saria, eta, Bizkaiko Foru Aldundiari esker, bi eguneko egonaldia egingo dute Plentziako aterpetxean. Azkenik, Axular Lizeoko 2.D gelakoek irabazi dute hirugarren saria; haiek egun bateko txangoa egingo dute Sobronera (Araba), eta, han, kanoan eta abentura-parkean ibiliko dira, Sobron Abentura taldearen eskutik. Gazteak eraman eta ekartzeaz Aizpurua Autobusak enpresa arduratuko da.
Aipatu nahi dugu, bestalde, VI. Zernola Olinpiadak FECYTen (Zientzia eta Teknologiaren Espainiako Fundazioaren) babesa jaso duela.
Gazteek olinpiadan erakutsitako irudimena eta zientzia- eta teknologia-alorretako ezagutza www.zernola.net web gunean daude ikusgai.