Hizkiak eta zenbakiak lantzeko CD-ROMa

Lopez Viña, Rakel

Marketin saila

Elhuyar Fundazioa

Gehienontzat ezagunak diren jokoak ekarri ditu Elhuyar Fundazioak HITZMIX CD-ROMera. Hizkiekin eta zifrekin aritzeko bost joko daude aukeran: Letren saltsa, Zifren saltsa, Hitz-pasa, Bortz eta Hitz gurutzatuak. Adin guztietako jokalarientzako diseinatuta dago, eta partaideak bakarrik edo lagunekin aritu daitezke.

Letren saltsa jokoan, jokalariak, dituen hizkiekin, ahalik eta hitzik luzeena osatzen saiatu behar du. Zifren saltsa jokoan, berriz, emaitza emango zaio jokalariari, eta hark matematikako eragiketak egin beharko ditu sei zenbakirekin emaitza hori edo horri ahalik eta gehien hurbiltzen zaiona lortzeko.

Hitz-pasa jokoan, alfabetoko lehenengo hizkitik hasi eta, banan-banan, hizki bakoitzari dagokion definizio bat emango zaio jokalariari, zer hitzena den asma dezan. Bortz jokoan, bost letrako hitz ezkutua aurkitzea da helburua; hitzak idazten joan ahala, proposatutako hitz horren zein hizki asmatu diren adieraziko da, eta saiakera gutxiena eginda ezkutuko hitza asmatzen duena izango da txapelduna. Azkenik, Hitz gurutzatuak ditugu: jokalariak dituen hizkiekin eta mahaian daudenekin ahalik eta hitz gehien osatzea da helburua.

CD-ROM honekin aspertzeko paradarik ez dute izango, ez gaztetxoek eta ez hain gaztetxo ez direnek. Hizkiak eta zenbakiak lantzeko ezin hobea da, eta bakarrik edota lagunekin jolasteko apropos-aproposa.

Patologia orokorra kontsulta-liburua kalean

HITZMIX CD-ROMaz gain, Edurne Ugarte medikuak idatzi duen Patologia Orokorra kontsulta-liburua argitaratu berri du Elhuyar Fundazioak. Lan honek Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeak ematen duen Agote saria jaso zuen 2001ean.

Patologiaren atal orokorra, arnas aparatua eta zirkulazio-aparatua lantzen ditu egileak liburu honetan, eta edozein mailatako ikasleek, irakasleek zein medikuek erabiltzeko moduko kontsulta-liburua da. Liburu honetan azaltzen diren ezagupenekin, sindromearen diagnostikoak egiten hasteko gai izan beharko lukete ikasleek. Modu ulergarrian, baina zehaztasun zientifikoa alde batera utzi gabe, patologiaren eta klinikaren mundura hurbilduko gaituzten gaiak lantzen dira.

Edurne Ugarte Nu ezek Endokrinologia eta Nutrizioa arloko espezialitatea egin zuen Gurutzetako Ospitalean eta 1997tik Leioako osasun-zentroan ari da lanean mediku gisa. Gainera, Euskal Herriko Unibertsitateko Medikuntza Fakultateko irakasle laguna da 1996. urtetik.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.