Elhuyar Fundazioak urte asko daramatza zientzia hitzaldien bidez ere dibulgatzen. Dibulgazio-lan hori bi zirkuituren bidez egiten dugu nagusiki: Gipuzkoan, Kutxa Fundazioaren Gizarte Ekintzaren eskutik, kultura-etxeetan; Nafarroan, berriz, Hezkuntza Departamenduaren babesarekin, ikastetxeetan egiten dugu zabalkunde-lana, DBHko eta DBHOko ikasle eta irakasleen artean.
Bi zirkuitu horietatik kanpora ere antolatu eta ematen ditugu hitzaldiak, eta, hain justu, eskaintza hori gizarte osora hobeto zabaltzeko asmoa abiatu dugu 2006an. Horretarako, lehen pausoa hitzaldien berri www.elhuyar.org web gunean txertatzea izan da, interesa duenari horiek programatzeko aukera emateko.
Guztira 21 hitzaldik osatzen dute web gunearen bidez hedatu nahi dugun eskaintza. Gaiak ere askotarikoak dira: osasuna eta elikadura, kirola, bizia eta kimika, garapen jasangarria, klima-aldaketa, energia, geologia... Ordubete inguruko iraupena izateko daude prestatuta.
Hitzaldi horiekin zientziaren dibulgazioan egiten dugun lana osatu eta zabaltzea da gure helburua, eta, horregatik, Elhuyar Fundazioaren web gunean sartu eta hitzaldi bakoitzaren berri zehatzagoa jasotzera gonbidatzen zaitugu. Eta, informazio gehiago nahi izanez gero, e.carton@elhuyar.com helbidean jar zaitezke gurekin harremanetan.