Eguzki-sistemaren horma-irudi eguneratua

Solabarrieta Arrizabalaga, Danel

Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

2006. urteko abuztuaren bukaeran, planeten eta planeta nanoen kategoriak ezarri zituen Astronomoen Nazioarteko Batasunak (IAU). Erabaki horiek kontuan hartuta, eguzki-sistemaren horma-irudi berria prestatu du Elhuyar Fundazioak.
Eguzki-sistemaren horma-irudi eguneratua
2007/01/01 | Solabarrieta Arrizabalaga, Danel | Elhuyar Edizioak
Neurriak: 98 x 30 cm; prezioa: 6 e .

Pluton planeta ote zen edo ez eztabaidari bukaera emateko, planeten eta planeta nanoen ezaugarriak zein diren erabaki zuen Astronomoen Nazioarteko Batasunak 2006ko abuztuaren bukaeran. Orain, zortzi planeta ditu gure eguzki-sistemak (Merkurio, Artizarra, Lurra, Marte, Jupiter, Saturno, Urano eta Neptuno), eta lau planeta nano (Zeres, Pluton, Karon eta Eris).

Sailkapen berri horretaz asko hitz egin da gizartean, eta batez ere hezkuntzaren munduan. Bide horretan, Elhuyar Fundazioak Astronomoen Nazioarteko Batasunak hartutako erabakiak kontuan hartzen dituen eguzki-sistemaren horma-irudi berritua kaleratu du.

Horma-irudian, planeta eta planeta nano guztiak daude irudikatuta. Eta, irudiaren ondoan, bakoitzaren hainbat datu ematen ditu: satelite-kopurua, diametroa, masa, dentsitatea, errotazioa, Eguzkitik hara dagoen distantzia, argiak Eguzkitik hara iristeko behar duen denbora, eremu magnetikorik duen ala ez eta eraztunik duen ala ez.

Eguneratua eta erreala

Aurreko guztiarekin batera, gorputz bakoitza planeta edo planeta nanoa den eta zein tokitan dagoen irudikatzen du. Planeta nanoen kasuan, gainera, Kuiperren gerrikoa eta asteroide-gerrikoa ere irudikatu dira, eguzki-sistemaren eremu horietan

baitaude gorputz horiek. Eremu horietan, baina, beste milaka objektu ere badaude, eta, horiek irudikatuta, guztiak eguzki-sistemaren parte direla nabarmendu nahi izan da horma- irudian, eguzki-sistemaren ikuspegi ahalik eta osatuena eta errealena emateko.

Helburu berari jarraiki, eskala adierazteari ere garrantzi berezia ematen dio horma-irudiak. Horregatik, horma- irudiaren behealdean bigarren eguzki-sistema bat irudikatu da. Bigarren irudikapen horretan, Eguzkirako distantziaren arabera daude kokatuta planetak eta planeta nanoak, eta elkarrekiko duten tamaina erlatiboa ere erakusten da. Horri eskerrak, begiratu batean ikusten da nolakoa den eguzki-sistema, eta, adibidez, segituan jabetzen da bat zein urrun dauden Urano eta Neptuno Eguzkitik.

Ezaugarri teknikoei dagokienez, horma-irudia 98 x 30 cm da, eta etxean edo ikasgelan jartzeko pentsatu eta diseinatu da.

Norteko Ferrokarrilla Interneten eta saria Teknopolis -i
Elhuyar Fundazioak ekoizten duen Norteko Ferrokarrilla irratsaioa www.zientzia.net web gunean ere entzun daiteke orain. Zientzia eta teknologiaren inguruko irratsaio hori 1996. urtean hasi ziren emititzen Euskadi Irratian. Orain, asteazken eta igande gauetan entzun daiteke, eta Guillermo Roa eta Nagore Rementeria aritzen dira esatari-lanetan.
(Argazkia: -)
Hala ere, irratian entzun ezin duenak aukera dauka orain Interneten. 2006-2007ko denboraldian orain arte egindako elkarrizketa guztiak on line jarri dituzte mp3 formatuan, gaika sailkatuta, eta aurrerantzean emitituko direnak ere hala jarriko dituzte.
Bestalde, igandeetan Euskal Telebistako bi kateetan ematen den Teknopolis telebista- saioak, 2006ko Bizkaian Ekin saria jaso du. Bizkaian Ekin sariak Bizkaiko Foru Aldundiko Berrikuntza eta Promozio Departamentuaren ekimena dira. Sarion bidez, Bizkaiko enpresen ingurunea eta Bizkaian enpresak sortzea bultzatzen duten erakunde edo/eta pertsonen lana aintzatesten da, eta Teknopolis saioak Komunikazio alorreko saria jaso du.
Solabarrieta Arrizabalaga, Danel
2
227
2007
1
039
Elhuyarren berriak
Elhuyarren berriak
60
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila