Bioteknologiaren aurrerapen osasungarria eta jasangarria, horixe da Leire Escajedo San Epifanio zuzenbidean doktoreak idatzi duen liburua. Nazioarteko Bioetika Elkarteak (SIBI) ikerkuntza-saria eman zion 2006an liburu honengatik, eta, orain, Elhuyar Fundazioaren eskutik, euskaraz argitaratu du. Jatorrizko liburua gaztelaniaz idatzita dago, eta ingelesera ere itzulita dago.
Bioteknologia modernoak aurrerapen handiak eragin ditzake nekazaritzan, elikagaigintzan, industriaren zenbait arlotan... Baina teknologia horrek, halaber, zenbait gatazka sortu ditu, eta gizartean pil-pilean dagoen eztabaida bat ere bada, bereziki osasun- eta ingurumen-gaiei dagokienez.
Escajedok hamar urte daramatza Zuzenbidea eta Giza Genoma katedran gai honi buruzko ikerketan, eta liburu honetan "nazioarteko, eskualde mailako eta nazio mailako hainbat erakundek bioteknologia nola arautu duten aztertu dut, haren garapena osasungarria eta jasangarria izan dadin".
Erakundeek modu askotara heldu diote bioteknologiari, eta arauak jartzeko orduan ere gatazkak sortzen direla aitortzen du Escajedok: "Alde batetik, Munduko Merkataritza Antolakundea (MMA) dugu eta, bestetik, Nazio Batuen Elkartea (NBE). NBEk ingurumenaren eta herrialde txiroen gaiak hartzen ditu kontuan, baina MMAk dio ez dela produktu hauen auzia eta merkataritzari bere bidea egiten utzi behar zaiola".
Irakurleak hainbat gai aurkituko ditu liburu honetan, modu labur eta zehatzean azalduta: aurrerapen bioteknologikoen gaur egungo egoera, genetikoki eraldatutako organismoek sortzen dituzten auzi etiko-sozial eta juridikoen profila, bioteknologiaren egungo segurtasun-esparru erregulatzaileak, bioteknologiaren eta merkataritza askearen arteko gatazka... "Gai bakoitza planteatu dudanean, sarrera gisa labur esplikatu dut non zegoen koska, informazio eta zehaztasun asko behar baitira ikusteko arazoak non sortzen diren".