2008/12/01
248. zenbakia
eu es fr en cat gl
Aparecerá un contenido traducido automáticamente. ¿Deseas continuar?
Un contenu traduit automatiquement apparaîtra. Voulez-vous continuer?
An automatically translated content item will be displayed. Do you want to continue?
Apareixerà un contingut traduït automàticament. Vols continuar?
Aparecerá un contido traducido automaticamente. ¿Desexas continuar?
Bioteknologia eztabaidagai
Bioteknologiaren aurrerapen osasungarria eta jasangarria, horixe da Leire Escajedo San Epifanio zuzenbidean doktoreak idatzi duen liburua. Nazioarteko Bioetika Elkarteak (SIBI) ikerkuntza-saria eman zion 2006an liburu honengatik, eta, orain, Elhuyar Fundazioaren eskutik, euskaraz argitaratu du. Jatorrizko liburua gaztelaniaz idatzita dago, eta ingelesera ere itzulita dago.
Bioteknologia eztabaidagai
2008/12/01 | Lopez Viña, Rakel | Marketin Saila/Elhuyar Fundazioa
(Argazkia: E. Carton)
Bioteknologia modernoak aurrerapen handiak eragin ditzake nekazaritzan, elikagaigintzan, industriaren zenbait arlotan... Baina teknologia horrek, halaber, zenbait gatazka sortu ditu, eta gizartean pil-pilean dagoen eztabaida bat ere bada, bereziki osasun- eta ingurumen-gaiei dagokienez.
Escajedok hamar urte daramatza Zuzenbidea eta Giza Genoma katedran gai honi buruzko ikerketan, eta liburu honetan "nazioarteko, eskualde mailako eta nazio mailako hainbat erakundek bioteknologia nola arautu duten aztertu dut, haren garapena osasungarria eta jasangarria izan dadin".
Erakundeek modu askotara heldu diote bioteknologiari, eta arauak jartzeko orduan ere gatazkak sortzen direla aitortzen du Escajedok: "Alde batetik, Munduko Merkataritza Antolakundea (MMA) dugu eta, bestetik, Nazio Batuen Elkartea (NBE). NBEk ingurumenaren eta herrialde txiroen gaiak hartzen ditu kontuan, baina MMAk dio ez dela produktu hauen auzia eta merkataritzari bere bidea egiten utzi behar zaiola".
Irakurleak hainbat gai aurkituko ditu liburu honetan, modu labur eta zehatzean azalduta: aurrerapen bioteknologikoen gaur egungo egoera, genetikoki eraldatutako organismoek sortzen dituzten auzi etiko-sozial eta juridikoen profila, bioteknologiaren egungo segurtasun-esparru erregulatzaileak, bioteknologiaren eta merkataritza askearen arteko gatazka... "Gai bakoitza planteatu dudanean, sarrera gisa labur esplikatu dut non zegoen koska, informazio eta zehaztasun asko behar baitira ikusteko arazoak non sortzen diren".
Leire Escajedo
Leire Escajedo (Bilbo, 1973) Zuzenbidean lizentziaduna eta doktorea da, eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle laguna Konstituzio Zuzenbidearen sailean. BBVA Fundazioaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, EHUren eta Deustuko Unibertsitatearen Zuzenbide eta Giza Genoma Katedrako ikertzailea da, eta EHUko Bioetikari eta Elikagaien Segurtasun eta Kalitateari buruzko masterretako irakaslea.
Proiektu honek Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreordetzaren eta Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren laguntza jaso du.
Lopez Viña, Rakel
2
248
2008
12
038
Elhuyarren berriak; Bioteknologia; Bibliografia
Elhuyarren berriak
61
Proiektu honen laguntzaile izan nahi baduzu,
harpidetu. Urtean 28 € baino ez.