Bideo-joko didaktiko berriak

Solabarrieta Arrizabalaga, Danel

Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Geografian aditu/aritu eta Armix Ilargian galduta argitaratu ditu Elhuyar Fundazioak. Geografian aditu/aritu CD-ROMak Brain Training motako modako jokoen bideari jarraitzen dio. Armix Ilargian galduta , berriz, hiru dimentsiotan garatzen den plataforma-jokoa da.
Bideo-joko didaktiko berriak
2008/11/01 | Solabarrieta Arrizabalaga, Danel | Elhuyar Edizioak
(Argazkia: -)

Jokoek ikasteko prozesuan duten garrantzia aspalditik ezagutzen da, baina bideo-jokoen kasuan nabaria da hezkuntzarako dituzten aukerak aprobetxatu gabe daudela oraindik. 1972an kaleratu zuten Pong , lehen bideo-joko modernoa, eta hari buruz Newtonen oinarrizko fisika ulertzeko balio zuela esan zuen Carl Saganek. Ordutik hona, bideo-jokoek hezkuntzarako dituzten aukerak geroz eta gehiago aprobetxatu dira, eta horren lekuko dira Elhuyarrek 7-10 urteko gaztetxoentzat kaleratu dituen bi CD-ROMak.

Geografian aditu/aritu

CD-ROM honek gizartean modan dauden Brain Training motako jokoen jokatzeko moduari jarraitzen dio. Hainbat jokotan aritu behar du jokalariak, eta lortutako puntuak grafikoen bitartez adierazten dira, jokalariak bere bilakaera ikusteko aukera izan dezan. Horretaz gain, beste baliabide batzuk ere eskaintzen ditu, mapa mutuak, adibidez.

Jokoetan, mapa fisiko eta politikoek hartzen dute protagonismoa: munduko mapak, bost kontinenteetako mapak, Espainiako mapak, Frantziako mapak eta Euskal Herriko mapak.

Horietako bakoitzarekin, zailtasun-maila aukeratu eta gero, lau jokotan jokatu ahal da, toponimoak kokatuz, puzzle moduan jokatuz edota leku-izenak euskaraz idatziz, Euskaltzaindiaren aholkuei jarraituta. Beraz, geografiaren inguruko hainbat joko ludikoren eskaintza egiten du Elhuyar Fundazioak, edutainment motako software gero eta ezagunagoa eskainita.

Armix Ilargian galduta

Ordenagailurako joko hau 3D-ko plataforma-joko deritzenen artean sailka daiteke. Protagonista nagusiak, Armixek, Ilargiko hainbat eszenatoki zeharkatu beharko ditu, eta oztopoak gainditu. Oztopo horietako batzuk hizkuntzari, matematikari eta inguruaren ezaguerari buruzko galderak izango dira, eta ondo erantzun beharko da aurrera egiteko. Adibidez, animalia baten argazkia aurkezturik, ornoduna edo ornogabea den asmatu beharko da.

Oso opari egokia izan daiteke, beraz, CD-ROM hau, Armixen serieko bigarrena. Bai joko honek eta baita Geografian aditu/aritu -k ere bakoitzak bere web orria dute (demoa eta bideoa), eta horietan proba daitezke:

www.elhuyar.org/armix2

www.elhuyar.org/geografia

Solabarrieta Arrizabalaga, Danel
2
247
2008
11
037
Elhuyarren berriak
Elhuyarren berriak
61
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila