Basque Research-en aurpegi berria

Andonegi Beristain, Garazi

Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Basque Research web guneak Euskal Herriko ikerketa, garapen eta berrikuntzaren erakusleiho izatea du helburu, eta, hain zuzen ere, I+G+B hirukotetik berrikuntza hitzak ekarri gaitu hona oraingoan. Baina ez gatoz euskal berrikuntzaz hitz egitera, Basque Research-en egin ditugun berrikuntzez aritzera baizik.
Basque Research-en aurpegi berria
2007/05/01 | Andonegi Beristain, Garazi | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Basque Research-en itxura berriaren bertsioa.

Basque Research-ek bost urte beteko ditu 2007ko ekainaren 10ean , eta, zenbaki horrek duen mugarri-izaera ikusita, urtemuga biribil bat baino zerbait gehiago izatea nahi genuen. Horregatik, pentsatu genuen aukera polita zela aspalditik web guneak behar zituen eguneraketei eta bestelako aldaketa batzuei heltzeko.

Itxuraldaketa

Berritze-prozesua iaz abiatu genuen, baina ekainaren 1ean ezagutaraziko dugu --ezusterik ez badago--. Egun horretan, Basque Research-ek itxura berria izango du.

Itxuraldatze hori eragin duten beharrak hiru izan dira nagusiki: Basque Research-en azala eta edukiak eguneratzea, batetik; irisgarritasunaren beharrei erantzutea, bestetik; eta erabiltzaileei parte hartzeko aukera eskaintzea, azkenik.

Horretarako, atal berriak sortu eta beste hainbat kendu ditugu, baita elementu grafikoak indartu, menuen antolamendua aldatu, albisteetara iruzkinak bidaltzeko bidea eman, eta edukiak informazio osagarriz hornitzeko aukera eskaini ere. Azkenik, AA irisgarritasun-maila lortzeko programazio-aldaketak egin ditugu.

Atal berriak

Basque Research-ek izango dituen atal berrien artean, elkarrizketen atala nabarmendu daiteke. Atal horretan, Elhuyar Zientzia eta Teknika aldizkariko elkarrizketak argitaratuko ditugu hilero hiru hizkuntzatan, argazki eta guzti. Hori ere berrikuntza bat izango da web gunean, alde grafikoa indartzearena, alegia. Izan ere, elkarrizketa ez ezik, berriak ere argazkiekin bistaratuko dira hemendik aurrera --orain arte, argazki bakarra ikusteko aukera zegoen--.

Horrezaz gain, iruzkinak bidaltzeko aukera ere zabaldu dugu. Erabiltzaileek berrien gaineko iruzkinak egiteko aukera izango dute, eta iruzkin horiek berrien testuarekin batera irakurri ahal izango dira. Pantaila nagusian ere ikusgai egongo da azken iruzkinak jaso dituzten berrien zerrenda.

Atal berri horiez gain, beste hainbat gauza ere aldatu dira, Elhuyarren sareko estrategiarekin bat eginez. Hain zuzen ere, Elhuyarrek Interneten dituen indarrak modu koordinatuan antolatzeko eta erakusteko prozesu bat abiatu du --horixe da sareko estrategia--, eta prozesu horren baitan hartutako erabakiak Basque Research web gunean erakutsiko dira lehenengoz. Ekainaren 1ean, beraz, Basque Research-en aurpegi berria ezagutuko duzue. Ea gustatzen zaizuen!

Andonegi Beristain, Garazi
2
231
2007
5
039
Elhuyarren berriak
Elhuyarren berriak
61
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila