Basque Research-ek sare bat osatu du berri-agentzia modura lan egiten duten nazioarteko hainbat web gunerekin, besteak beste, Alphagalileo, Eurekalert!, CORDIS Wire, innovations-report eta Madri+d atariekin. Hitzarmen edo lankidetza horien bidez, euskal ikerketa-albisteak Europako nahiz AEBetako atari horietan argitaratzen dira.
Gehienetan ingelesezko bertsioa argitaratzen da, baina badira gaztelaniazkoa ere sartzen dutenak. Izan ere, Basque Research-en euskal ikerketaren albiste eta ekitaldiak hiru hizkuntzatan landu eta argitaratzen ditugu; euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez. Ondoren, ingelesezko bertsioa nazioarteko web guneetara bidaltzen dugu.
Horrek lankidetza eta kontratu berrietarako aukerak sortzen ditu ikertzaileentzat, eta enpresekiko nahiz komunikabideekiko harremanak sendotzen ditu. Adibidez, Discovery Channel telebista-kateak, The Sun egunkariak eta New Scientist aldizkariak Basque Research-en argitaratu eta nazioarteko sarearen bidez zabaldutako albisteen gaineko informazioa eskatu digute.
Arrakasta horren erantzule diren atariak hobeto ezagutzeko, hona hemen hainbat datu:
Europako ikerketaren Interneteko berri-agentzia. British Association for the Advancement of Science erakundeak zuzentzen du, eta Europako hainbat herrialdetako ordezkariak ditu zuzendaritzan, horien artean Elhuyar Fundazioa, Espainiako ordezkari gisa.
American Association for the Advancement of Science (AAAS) erakundearen web gunea. Erakunde horrek Science aldizkari ospetsua argitaratzen du.
Europako Batasunaren ikerketa-ataria.
Europako ikerketaren berri ematen duen web gunea. Alemaniako enpresa garrantzitsuenek babesten dute.
Estatuko ikerketa berriak eta kultura zientifikoa bildu eta ezagutzera ematen dituen web gunea.
Nazioarteko sare hori ahalik eta ikertzaile gehienen eskura jartzea da Basque Research-en asmoa, euskal ikerketa geroz eta gehiago zabaldu dadin.