Azken belaunaldiko bideo-jokoek duten arrakasta ikusita , argi dago gaur egungo haurrak ordenagailuaren munduan murgilduta bizi direla, eta tresna hori oso ohikoa dela haien eguneroko bizitzan. Guraso askok, baina, oraindik errezeloz begiratzen diete jokoei, erabilera txarra edo adinera egokitzen ez diren edukiak izan ditzaketelakoan.
Bestalde, askok galdetzen dute zergatik ez den aprobetxatzen bideo-jokoek hezkuntzarako duten potentziala. Zergatik ez ditugu uztartzen bideo-jokoen izaera jolasgarria eta hezkuntzako edukiak? Hori helburu hartuta, Lehen Hezkuntzako ziklo bakoitzerako CD-ROM bat egitea erabaki du Elhuyar Fundazioak, eta lehen ziklorako, hau da, 5-8 urteko haurrentzat, lehen CD-ROMa kaleratu berri du.
PC ordenagailuetarako joko honetan, erleei eztia lapurtu dien maltzur misteriotsua aurkitu beharko du Armix armiarmak. Horretarako, baso magikoan sartu eta maltzurkeriakideak harrapatuko ditu, eta azpikeria horren atzean nor dagoen argitu.
Jokoaren erabilerari dagokionez, plataforma-joko deritzen jokoen artean sailka daiteke. Protagonistak eszenatoki batetik bestera joan behar du, agertzen zaizkion oztopoak gaindituta. Oztopo horietaz gain, hizkuntzari, matematikari eta inguruaren ezaguerari buruzko galderak agertuko zaizkio, eta ondo erantzun beharko ditu, jokoan aurrera egiteko.
Grafikoki, jokoa hiru dimentsioko ingurunean garatzen da --eta, beraz, oso ikusgarria da-- da, baina bi dimentsioko ingurunean jolasten da (aurrera, atzera, eskuinera eta ezkerrera mugituz), sistema hori egokiagoa baita 5-8 urteko haurrentzat.
Adin horretako haurrentzat oso opari egokia izan daiteke, beraz, produktu berritzaile hau, eta probatzeko aukera ere ematen du Elhuyar Fundazioak bere web orrian (demoa eta bideoa daude). www.elhuyar.org/armix