Ainhoa Magrach González Ekologoa

“Txikitan National Geographicen ikusitakoa aurrez aurre ezagutzeko aukera izan dut”

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

txikitan-national-geographic-en-ikusitakoa-aurrez-
Ainhoa Magrach González Arg. EHU

Ainhoa Magrach Gonzálezek National Geographic aldizkariari zor dio naturarekiko maitasuna eta esploratzeko grina. Haren esanean, familian ez zegoen ikertzailerik, baina txikitatik liluraz ikusten zituen aldizkarian azaltzen ziren istorioak eta argazkiak, eta, handitan halakoak bizitzeko gogoa piztu zioten.

Ez da harritzekoa, beraz, Biologia aukeratu izana unibertsitateko ikasketak hasteko garaian. Hala ere, lehen urtea nahiko “etsigarria” iruditu zitzaion, ematen zituzten ikasgaiak ez baitzizaizkon gehiegi gustatzen: Matematika, Fisika… “Ikasgaiak ez ezik, irakasteko erak ere ez ninduen erakartzen. Bazirudien buruz ikastea zela helburua; niri, ordea, ikertzea gustatzen zitzaidan, erantzunak nire kabuz bilatzea eta aurkitzea”, azaldu du Magrechek.

Zorionez, laugarren mailan gustuko zuen bidea aurkitu zuen. Beka bati esker, Ekologia sailean hasi zen lanean. “Orduan bai, asmatu nuela sentitu nuen”, dio. Eta hala dirudi, geroztik horretan baitabil buru-belarri: Biologian lizentziatu zen, Ekologian doktoratu, eta Ekologiako gaiak ikertzen dihardu, klima-aldaketa ikertzeko BC3 zentroan.

Tesian, basoak zatitzearen eragina ikertu zuen: “Nekazaritza, eraikuntza, industria eta halako jardueretarako basoa zatitzeak zer ondorio dituen ikertzeko, ia urtebete eman nuen Chiloé uhartean (Txile), hegaztien, ugaztunen eta landareen laginak biltzen”, gogoratu du.

Handik ateratako ondorioak beste baso batzuetara estrapolatu daitezkeela azaldu du, eta hori frogatzeko aukera izan zuen, doktoretza-ondorengoko ikerketan Australian, Borneon eta Brasilen izan baitzen: “Antzeko ereduak ikusi genituen leku haietan ere”.

Adibidez, Brasilen lianak ikertu zituen: “Baso batean aldaketak eragindakoan, areagotu egiten da liana-kopurua, eta horrek ondorioak ditu zuhaitzetan: zer espeziek irauten duten, zein hiltzen diren, zer eragin duen hazkuntzan… Eta horrek guztiak basoan bizi diren gainerako espezieetan ere nola eragiten duen ikertu genuen”.

Txanponaren bi aldeak

Magrechek aitortu duenez, hori dena ikertzeko aukera izatea “amets baten antzekoa" izan da. “Egin kontu: txikitan National Geographic-en ikusitako basoa aurrez aurre ezagutzeko aukera izan dut. Baina, aldi berean, hondamendiaren lekuko izatea ere egokitu zait eta hori benetan latza da”. Behintzat, ikerketa-lanaren eta komunikazioaren bidez, ahal duen neurrian, bere aletxoa jarri duelakoan dago.

Suitzan ere izan da, ETH unibertsitatean. “Hango landa-lana Indian egiten nuen. Gure helburua zen, kafea landatzen den lekuetan, ekoizten jarrai zezatela, baina basoak galdu gabe. Zerbitzu ekosistemikoak ziren ardatza: basoan bizi diren intsektuak (zehazki erle erraldoi bat) funtsezkoak dira kafearen polinizazioan. Onura hori neurtzen aritu ginen, eta, ekoizleei emaitzak aurkeztu genizkienean, nahiko harrera ona izan genuen. Azken finean, haiek inork baino hobeto dakite zer lan egiten duen erle horrek, baina, zenbakitan ikusi zutenean, ohartu ziren benetan komeni zitzaiela basoa zaintzea”.

Suitzan pare bat urte egin ondoren, polinizatzaileekin ikertzen jarraitu zuen, Doñanan. Garai hartan haurdun zegoen, eta pixka bat lasaiago ibiltzea erabaki zuen. Izan ere, Magrechen arabera, ez da erraza amatasuna eta ikerketa-lana bateratzea. “Nahitaez, ama izatean zure ibilbide zientifikoa moteldu egiten da, eta ez dago nahikoa neurririk beste lankideekiko sortzen den desabantaila orekatzeko”.

Edonola ere, ez du egonean egoteko asmorik. Hain zuzen, Leonardo beka bat jaso du komunitate batean espezie bat galtzeak eragiten duen ondorioa ikertzeko: “Esperimentu natural bat izango da, bai baitago kolibri bat, Mexiko eta Alaska artean migratzen duena. Hortaz, ekosistema jakinetan sartu eta atera egiten da, eta aldagai horrek ekosisteman eragiten duen aldaketa ikertuko dut”. Horretarako, kolibriari jarraituko dio, Mexikotik hasi eta Alaskaraino, National Geographic-en ikusten zituen erreportajeen antzera.

Ainhoa Magrach González

Berangon jaioa, 1982an. Biologian lizentziatu ondoren EHUn, Ekologian doktoratu zen Santiago de Compostelako Unibertsitatean. IMEDEA Azterketa Aurreratuen Mediterraneoko Institutuan izan zen ikertzen, eta, jarraian, doktoretza ondorengo ikertzaile aritu da James Cook Unibertsitatean (Australia), ETHn (Suitza) eta Doñanan (Espainia). Gaur egun BC3n dago, Leioan, baina laster Erdialdeko eta Ipar Amerikara joatekoa da, Leonardo beka bati esker.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila