Koldo Garcia Etxebarria Genetikaria

“Nik ez dut karrera bat egin nahi. Nik zientzia ona egin nahi dut”

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

nik-ez-dut-karrera-bat-egin-nahi-nik-zientzia-ona-
Arg. Koldo Garcia Etxebarria

Koldo Garcia Etxebarria Koldotxu gisa da ezaguna, eta, txikigarri horrek iradokitzen duen moduan, gertukoa eta apala da, lagunkoia oso. Zeharo urruti dago, beraz, ikertzaile hotz eta urrunaren estereotipotik, eta garbi uzten du, hitzez zein ekinez, ez datorrela bat ikerketa-sistemak saritzen dituen zenbait balio eta jokabiderekin.

Hasieratik izan da zintzoa bere pentsakerarekin. Adibidez, biologia ikastea erabaki zuenean, gutxik ulertu zuten zergatik. Ingeniaritzaren bat egin behar zuela uste zuten, baina Garciak grina sentitzen zuen biologiarekiko: “Oso erakargarriak egiten zitzizkidan mikroorganismoak, birusak eta bakterioak”, zehaztu du.

Alabaina, ikusi zuen mikrobiologian ez zela oso ona; aldiz, bai genetikan, eta, laster, gustua hartu zion: “Kasualitateak eraman ninduen genetikako sailean informatikan aritzera:ohartu nintzen laborategirako ez nuela balio, baina azterketa konputazionalerako bai”. Horrela hasi zen genetika konputazionalean.

Neurri batean, aitzindari izan zen arlo horretan, garai hartan ez baitzegoen orokortua biologia egitea ordenagailuen bidez. “Dena zegoen egiteko, eta hori oso kitzikagarria zen, baina, aldi berean, zaila zen, ez baitzegoen nori galdetu”. Hala ere, aurrera egin zuen, eta, dioenez, bere tesia aitzindaria izen, hiru zentzutan: “Batetik, biologia konputazionala erabiltzen (arlo horretan lehen tesia nirea izan zen), eta, bestetik,hizkuntzan, euskaraz egin bainuen. Eta gainera erretrobirus endogenoei buruzkoa izan zen; hortaz, nire hasierako zaletasunari ere eutsi nion".

Hortik aurrera, bide sigi-sagatsua egin du. Izan ere, argi uzten du ez dela lehiakorra eta ez zaizkiola interesatzen ikerketa-munduan eskatzen diren gauzetako asko. “Eta horrek zer ekartzen du? Inoiz ez daukazula beka on bat lortzeko aukera, eta, badirudiela noraezean zabiltzala. Baina ez da hori. Niri gustatzen zait esatea nire karrera eklektikoa dela. Azken finean, urte hauetan aztertu ditut etxabereak, gizakiak eta bakterioak. Denetarik, alegia. Eta genetika-arloan ere denetarik egin ditut: genoma ikertu dut, populazioen genetika, filogenetika. Hortaz, azkenean, zer lortu dut? Ikuspegi orokor bat izatea”.

Garbi dio: “Nik ez dut karrera bat egin nahi. Nik zientzia ona egin nahi dut, ikasi nahi dut, ulertu nahi dut. Eta ikuspegi orokor horrek, gainera, beste arlo askorekin elkarlanean aritzea errazten dit”. 

Edonola, dibulgatzeko tresna

Ikerketa-munduko lehiaketan punturik ematen ez duen beste jarduera batean ere aritzen da: dibulgazioa. Horretan ere aitzindari izan da, berea baita Edonola bloga, genetikari buruzko lehena euskaraz. Haren hitzetan, zientzia ona egitearen barruan sartzen da jendeari kontatzea zer egiten duzun. “Ez finantziazio publikoa duelako eta kontu ematera behartuta zaudelako, baizik eta denek jaso ditzaten zientziaren onurak. Giza eskubide bat da zientziaren aurrerapenetan parte hartzea, eta zientzialarion ardura da hori erraztea”.

Garciaren iritziz, beste gai askotan bezala, jendea zientzietan ahaldundu beharko litzateke, erabakiak hartu ahal izateko. “Orain, COVID-19arekin, ikusten ari gara zer garrantzitsua den denok garbi izatea kontzeptu batzuk, ulertzeko zer erabaki hartu behar diren eta zergatik hartu behar diren. Baina ez baduzu aurretik lana egiten jendea ahalduntzeko eta jendearen konfiantza irabazteko, gero ezin diozu ezer eskatu. Beste maila batean, adibidez, nik osasungintzan egiten dut lana, eta jendearen parte-hartzea behar dut. Horretarako ere, jakin behar dute zertan gabiltzan eta zertarako”.

Onartzen du bere pentsaeragatik eta gauzak egiteko eragatik ez duela lortu egonkortasuna eta postu on bat ikerketa-sisteman, baina guztiz asebetetzen du euskal komunitateak ematen dion aitortza eta babesa: “Oso maitatua sentitzen naiz”, dio, zintzotasunez. 

“Nire ustez, ikerketa-sistemak bahituta dauka zientzia. Baina pozik nago egiten dudanarekin; beti saiatu naiz zientzia ona egiten: zintzo, garden, apal eta zorrotz. Badakit horrela jokatuta bikoitza egin behar dudala erdia lortzeko, baina behintzat badakit zientzia ona egiten dudala”. 

 
Koldo Garcia Etxebarria

Koldo Garcia Etxebarria (Basauri, 1982) Biodonostia OIIko ikertzailea da. Biologian lizentziatua eta genetikan doktorea, biologia konputazionala darabil ikerkuntza burutzeko. Ikertzaileaz gain dibulgatzailea ere bada.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila