Ostaizka Aizpurua Arrieta Zoologoa

"Horrelako erakunde batek gai izan beharko luke irtenbide egokia eskaintzeko"

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

horrelako-erakunde-batek-gai-izan-beharko-luke-irt
Arg. Iñigo Ibañez/Elhuyar

Emakumezko ikertzaileek beren ibilbide profesionala garatzeko topatzen dituzten zailtasun eta oztopoen adibidetzat jo daiteke Ostaizka Aizpurua Arrietari gertatutakoa. Hala ere, lasai kontatzen du, uste osoa baitu egin duen eskaera guztiz zentzuzkoa dela eta erantzuna jasotzeko eskubidea duela.

Orain dela gutxi arte, dena “normal” joan da. EHUn tesia egin ondoren, doktoratu ondoko ikertzaile gisa geratzeko aukera izan zuen, “tesian zehar erantzun gabe gelditu ziren galderei erantzuna bilatzeko asmoarekin”. Eta oraindik ere horretan dabil.

Kontratua urtebetekoa denez, zer egin zezakeen begiratzen hasi zen. Argi zuen ikertzen jarraitu nahi zuela. “Europako doktoratu ondoko ikertzaile izateko Europan ematen diren bekak bi urterako dira, eta atzerrian izan behar dute. Eusko Jaurlaritzak, baina, baditu beste batzuk, eta horiekin bi urte ematen dituzu kanpoan, eta hirugarrena egiteko itzuli egiten zara. Hala, hori aukeratu nuen. Hain justu, Kopenhageko Historia Naturaleko Museora joatea erabaki nuen, hango ikerketa-zentroa aurreratuenetakoa baita Europa osoan. Gainera, orain arte ibili naizen esparrua pixka bat zabaltzeko aukera emango lidake”.

Zehaztu duenez, saguzar hatz-luzearekin jarraituko luke, baina orain arte alderdi ekologikoak eta sentsorialak ikertu ditu, eta han mikrobiomika eta elikatze-fisiologia aztertuko lituzke. Horretarako, zentroko zuzendariaren oniritzia ere jaso du. Beraz, alde horretatik ez zegoen inolako arazorik.

Europako beka bat eskatzeaz gain, Eusko Jaurlaritzarena ere eskatu zuen. Horretarako aurkeztu behar diren dokumentuak entregatu zituen, tartean, Kopenhageko zuzendariaren datuak, ikerketa-proiektua eta curriculuma. “Hori ebaluatu ostean, adituek elkarrizketa bat egiten dizute, proiektuaren inguruan dituzten zalantzak argitzeko. Eta Eusko Jaurlaritzak egun eta ordu bat jartzen dizkizu elkarrizketarako”.

Irtenbiderik ez

Elkarrizketa hori garrantzitsua dela azaldu du Aizpuruak; izan ere, emandako hitzordura ez agertzeak beka galtzea ekarriko luke. Horren jakitun, eta haurdun dagoenez eta erditzea elkarrizketa jarri behar zioten garai bertsuan izango zela iragarri ziotenez, Eusko Jaurlaritzara idatzi zuen, jakiteko zer egin zezakeen biak egun berean egokituz gero. “Sentitzen zutela, baina ezin zutela ezer egin esan zidaten. Alegia, ez banintzen elkarrizketara agindutako egunean eta orduan agertzen, beka-deialditik kanpo geratuko nintzela”. Hori izan zen Aizpuruak jasotako erantzuna. “Baliteke elkarrizketa-eguna eman eta astebetera jaiotzea haurra, baina momentu horretan konturatu nintzen hor zerbait zegoela, eta zerbait larria”.

Aizpuruaren ustez, Eusko Jaurlaritza ez da gai izan salbuespen-egoera batean zuzen erantzuteko. “Horrelako erakunde batek gai izan beharko luke, ez bakarrik ondo erantzuteko, baizik eta irtenbide egokia eskaintzeko. Eta ez da ez baterako ez besterako gauza izan”.

Horren aurrean, prentsara gutun bat bidali zuen, bere egoeraren berri ematen. Han azaldu zuen administrazioak zientzian emakumeek duten egoera hobetu behar dela predikatzen duela, baina egunerokoan horrelako oztopoak izaten dituztela. Eta kexu da horregatik: " Anuk txikia egun gutxi barru jaioko da, eta, tristea bada ere, bere amaren hiru urteko lanpostua, eta, agian, baita karrera zientifikoa ere, hura amaren tripatik noiz irtengo den menpe dago".

Ostaizka Aizpurua Arrieta

Ostaizka Aizpurua Arrieta (Zarautz, 1986). EHUn Biologian lizentziatu ondoren, saguzar hatz-luzearen arrantza-portaeraren inguruan sakontzen hasi zen. Bristoleko eta Kopenhageko unibertsitateetan egonaldiak eginda, iaz defendatu zuen saguzar horri buruzko doktore-tesia EHUn, Inazio Garinen eta Joxerra Aihartzaren gidaritzapean. Aurten, “Arrantzale bihurtu zen ehiztari hegalariaren istorioa” lanarekin, CAF-Elhuyar saria irabazi du, egilearen doktore-tesian oinarritutako dibulgazio-artikuluaren kategorian. Tesia bukatu zuenetik, ikertzaile-lanetan dabil, EHUn.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila