Izar Agirresarobe Pineda Filosofoa

“Gehien erakarri ninduena izan zen gauzak zalantzan jartzen direla”

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

gehien-erakarri-ninduena-izan-zen-gauzak-zalantzan
Arg. Izar Agirresarobe Pineda

Izar Agirresarobe Pineda filosofoa da, eta laster doktoretza egiten hasiko da, zientzian ere interes handia duen gai bat ikertzeko: plazeboa. Bi mundu horiek, filosofikoa eta zientifikoa, beregan nola gurutzatzen diren galdetuta, tarte txiki bat hartu du pentsatzeko, erantzun aurretik: "Filosofian, gauzen naturaren gainean hausnartzen da, eta kontzeptuak aztertzen ditugu. Eta ikusten dugu kontzeptuen inguruan sortzen diren arazo batzuk praktikan eragiten dutela. Zientzian, berriz, posible da kontzeptuen inguruan dauden eztabaida horietatik ideiak sortzea gero praktikara eramateko". Horrenbestez, elkar lotuta daude Filosofia eta Zientzia Agirresaroberentzat.

Lotura hori, baina, gerora iritsi da. Izan ere, unibersitatera sartzeko hautaketa-proba egin aurretik, Psikologia ikasteko asmoa zuen. Horretarako nota nahikorik ez zuen lortu, ordea, eta Filosofia egiten hasi zen. Eta hara non, lehen mailan bertan, ohartu zen hura zela bere bokazioa: "Gehien erakarri ninduena izan zen gauzak zalantzan jartzen direla. Ordura arteko ikasketetan, bazirudien gauzak irakasten zizkiguten bezalakoak zirela, eta ez zitzaion arretarik jartzen eztabaidari eta galderak egiteari. Eta niri asko gustatzen zait ezagutzea zenbat modu dauden gauza bat ikusteko eta ikertzeko".

Zientziarekiko interesa, berriz, hirugarren mailan piztu zitzion, Zientziaren Filosofia ikasgaian. Aitortu duenez, aurretik zientziari buruz zuen ikuspegia beste bat zen: "Matematikarekin, Fisikarekin... lotzen nuen, eta zerbait zurruna zela iruditzen zitzaidan". Gerora, ikusi zuen ez dela horrela, eta Matematikaren filosofia ere badagoela, adibidez.

Elhuyarrera praktikak egitera joan zenean aurkitu zuen plazeboa. "Agustin Arrieta Urtizberea irakasleak Sendabide ala iruzurbide. Medikuntza alternatiboa proban liburua gomendatu zidan, eta Elhuyarren harekin lanean ari nintzela deskubritu nuen plazeboa". Hainbesteko jakin-mina sortu zion, ezen gradu-amaierako lanerako ere gai hori aukeratu baitzuen.

Jarraian, unibertsitatean sartu aurreko asmoari heldu eta Psikologia egitea erabaki zuen. Nahiz eta hasieran ez zitzaion iruditu baliagarria izango zitzaionik plazeboa eta plazebo-efektua ikertzeko, denborarekin ohartu da gai batzuk ikasi izana, neuropsikologia edo osasunaren psikologia, adibidez, ondo datorkiola orain. Hain zuzen, berriro itzuli da Filosofiara eta plazebora.

Plazeboa eta plazebo-efektua, sakonean

Doktoretza egiteko bidean hasi berria da, plazeboa ikertzeko proiektu batean, IAS-Research taldearen barruan. "Plazeboa eta plazebo-efektuaren arteko harremana ikertzea interesatzen zait; izan ere, intuitiboki, badirudi plazeboak beti sortzen duela plazebo-efektua, baina egile batzuek zalantzan jartzen dute hori. Horrez gain, plazebo hitza ezabatzea proposatzen dute zenbait egilek, eta horrek zer ondorio ekarriko lituzkeen aztertu nahiko nuke. Eta, bestalde, plazeboaren erabilerak zer oinarri metodologiko duen, baita etikan plazeboaren erabilera arautzeko zer arau dauden ere". 

Hainbat alderdi aztertu nahi ditu, beraz, baina funtsezko galdera hau izango litzateke, Agirresaroberen hitzetan: "Plazeboa barrutik sortzen den zerbait den, edo kanpotik datorren. Edo zer harreman dagoen barrukoaren eta kanpokoaren artean, plazebo-efektua sortzeko".

Hori ikertzeko, IAS-Research taldearen laguntza ez ezik, Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntza bat ere jaso du doktoretza egin ahal izateko. Hortaz, ez du ezkutatzen pozik eta ilusioz gainezka dagoela. Ongi hornituta eta indartsu abiatu du bidea.

 
Izar Agirresarobe Pineda

Donostian jaioa, 1993an. Filosofiako gradua, Psikologiako gradua, eta Filosofia, Zientzia eta Balioak masterra egin ditu EHU-n. Filosofiako praktikak egin ditu Elhuyarren, eta Psikologiako praktikak Ekin Emakumeak elkartean (Arrasaten). Egun, IAS-research ikerketa taldean doktoretza egiten ari da.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzla. Ezeztatuz gero, ezingo duzu webgune honetan nabigatu. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.