Askotan, bereizketa zurruna egiten da zientziaren eta artearen artean. Jose Luis Larrañaga Odriozolak, ordea, frogatzen du lotura estua dagoela bi arlo horien artean. Horren erakusgarri da Donostiako Maria Kristina Zubian egindako zaharberritze-lana.
Hain zuzen, Arte Ederretako fakultateko irakasle da Larrañaga, Kultura Ondareen Kontserbazio eta Zaharberritzeari buruzko graduan, eta duela pare bat urte sortu zubiaren apaingarrien zaharberritzean parte hartzeko aukera sortu zitzaion.
Gogora ekarri duenez, zubi hori hormigoi armatuzkoa da, 1905ean inauguratu zen, eta, garai hartan, ez zen ohikoa hormigoia erabiltzea. Horregatik dio Larrañagak "aitzindari" izan zela. "Bere garaiko hormigoia, baina, ez zen oso egokia, eta zubiaren itxura ez zen oso gustukoa. Orduan, 1908an, margotzea erabaki zuten; batez ere zubiaren ertzetan dauden lau dorreak ".
Geroztik, esku-hartze asko izan ditu zubiak. 1985ekoa nabarmendu du Larrañagak: "Zubia bota egin zuten, eta berregin egin zuten, ahal zen egokien. Baina dorreak mantendu egin ziren, eta horiek jatorrizkoak dira. Esan bezala, 1908an zuriz margotu zituzten dorreak eta zenbait zati urre-kolorez, baina, eskuhartze bakoitzean, urrekaragoa bihurtzen zen, eta zuriak aldatu egiten zen. Gure garaira iritsi zen zati urrekara askorekin, eta, zuria izan beharrean, okre. Gure esku-hartzean, saiatu ginen lortzen, ez 1905eko itxura, baizik eta 1908koa".
Hori bai, zaharberritzaileak jakitun dira, denborarekin, erabilitako margoak zahartu egingo zirela, ingurumeneko faktoreen eraginez. Horregatik, Larrañaga saiatu zen jakiten erabili beharreko margoek zer bilakaera izango zuten etorkizunean. "Eskuratu genituen etxe komertzialen margoak, eta esperimentalki zahartu genituen, ikusteko zenbat irauten zuten eta nola zahartzen ziren". Ez da nahikoa, hala ere, iraunkorrak izatearekin, estetikoak ere izan behar dute, "funtzio estetiko bat ere badutelako". Horretan datza bere doktore-tesia: laginak hartu, bilakaera aztertu, eta ikusi zein izan daitekeen egokiena biharko egunean.
"Egia da etorkizunean egongo direla margo hobeak, egonkorragoak, iraunkorragoak, baina gaur margo ezberdinak aztertzeak lagunduko digu erabakitzen zein izango den hoberena biharko egunerako", zehaztu du Larrañagak. Era berean, azpimarratu du arlo askotako adituek parte hartzen dutela ondarearen zaharberritzean: "Arte Ederretakoez gain, ingeniariak, arkitektoak, historialariak, kimikariak... aritzen gara, eta denon arteko elkarlanak emaitza biribiltzen du".
Mugak ere aipatu ditu: dirua eta denbora. "Bizitzako beste esparruetan bezala, horiek baldintzatzen digute lana, askotan ez baitugu izaten ikerketa guzti hori egiteko dirua edo denbora". Horretarako aukera eman dio unibertsitateak. Eta irmo babestu du unibertsitatearen funtzioa: "Unibertsitateak oso garrantzitsuak dira gizartearentzat. Jakituria sortu eta zabaldu behar dute, eta uste dut enpresak ere unibertsitatearekin harremanetan jarri behar direla, lankidetza horrek oso emaitza onak ematen baititu, eta ez zaharberritzean bakarrik, denean".
Unibertsitatean, ikertzaile ez ezik, irakasle ere badabil Larrañaga, eta lan hori ere oso aberasgarria zaio: "Asko ikasten dut ikasleengandik, eta ez da topiko bat. Egia esanda, unibertsitateko irakasle izatea oso aukera ona da, ikasten jarraitzeko ere".
Elhuyarrek garatutako teknologia