Maialen Garmendia Maylin Ingurumen zientzien ikertzailea

“Banuen esparrua zabaltzeko gogoa”

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

banuen-esparrua-zabaltzeko-gogoa
Arg. Maialen Garmendia /BC3

Maialen Garmendia klima-aldaketari buruzko BC3 zentroko ikertzaileetako bat da. Bere lana oso gustukoa izateaz gain, aitortu du, BC3n hastera bultzatu zuen beste arrazoi nagusia Euskal Herrira itzultzea izan zela.

Izan ere, tesia AZTI-Tecnalian egin ondoren, Pasaian, Bartzelonako Unibertsitate Autonomora joan zen. Han urtebete egin ondoren, baina, Euskal Herrira bueltatzea erabaki zuen: “Une hartan gogoeta egin nuen zeri eman lehentasuna, bizitza pertsonalari edo lanari, eta lanak baino pisu handiagoa izan zuen hona etortzeko gogoak”. Horrenbestez, BC3ra curriculuma bidali zuen, eta, azkenean, biak lortu zituen: Euskal Herrian bizitzea, eta ikertzaile-lanarekin jarraitzea.

Garmendiak uste du ikertzaile-lanean ohikoa dela bizitza pertsonala eta lana balantzan jartzea: “Nire lana asko gustatzen zait, baina baldintza gogorrak ditu, ez duzu ordutegirik, ez dakizu etorkizunean egiten ari zarenarekin jarraitzerik izango ote duzun... Eta hor ikusi behar duzu zer jartzen duzun aurretik: lana ala bizitza pertsonala”.

Edonola ere, pertsonalki ez ezik, profesionalki ere aukera ona izan zen Euskal Herrira etortzea, BC3n egiten duen lanak ikerketa-esparrua zabaltzeko aukera eman baitio. “Ordura arte, gai bakarrarekin aritu nintzen. Tesiaren helburua zen aztertzea eutrofizazioaren adierazleak, itsas adarretan eta itsasoan. Eta Bartzelonara joan nintzenean, gauza bera egin nuen, baina Mediterraneoan. Oso interesgarria zen, batean eta bestean adierazleak berberak erabiltzen baitira, baina ingurunea zeharo desberdina denez, emaitzak ere desberdinak dira. Egia da, hala ere, gai bakarrari lotuta nengoela, eta banuen zabaltzeko gogoa”. BC3n lortu du hori.

Garmendiak azaldu duenez, BC3n ekosistemek giza jardueraren ondorioz jasaten dituzten aldaketen eragina aztertzen dute, gizarte-ikuspegitik eta ikuspegi ekonomikotik. Eta, horrekin batera, ekosistemak ondo kudeatzeak ekar ditzaketen onura sozialak eta ekonomikoak ere kalkulatzen dituzte. “Hau da, ekosistemek ematen dizkiguten zerbitzuak ere aintzat hartzen ditugu BC3n. Hori guztiz berria zen niretzat. Hasieran arraroa egin zitzaidan arren, orain oso gustura nabil, eta, gainera, uste dut ikuspegi hau eraginkorragoa dela gizarteari eta erabakiak hartzen dituztenei mezua helarazteko”.

Izan ere, ekosistemek jasaten dituzten kalteetara mugatuz gero, iruditzen zaio zaila dela jendearengana iristea. “Adibidez, agerian jartzen bada zer ondorio dituen, esaterako, kostako poluzioak arrantzan edo hondartzen erabileran, bai herritarrak bai agintariak gehiago arduratzen dira, biodibertsitate-galera bakarrik aipatuta baino”.

Orain Europako proiektu batean dabil lanean, Perseus izenekoan. “Esan bezala, helburua da zientzialarien eta erabakitzaileen tartea gainditzea. Horretarako, Mediterraneoan eta Itsaso Beltzean erabakiak hartzeko tresnak prestatzen ari gara, beti ere, itsasoko arazoei aurre egiteko. BC3n bizpahiru ikertzaile gaude honetan, baina proiektuan Europako erakunde eta ikerketa-talde askok parte hartzen dute, eta haiekin harreman handia dugu”.

Garmendiaren iritziz, bere lanaren alde txarrenak lehia eta egonezina dira. Hala ere, asko gogobetetzen du, “batez ere, beti hazten zoazelako; beti ari zara ikasten”.

Maialen Garmendia Maylin
(Errenteria, 1984). Ingurumen Zientzietan lizentziatu zen Euskal Herriko Unibertsitatean. AZTI-Tecnalian doktore-tesia bat egin ondoren, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan aritu zen ikertzen, Europako proiektu batean. Orain, BC3-Klima Aldaketa Aztergai zentroan dabil, Europako beste proiektu batean. Beti ere, itsas eta kostaldeko ekosistemen inguruan aritu da ikertzen.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila