Orain dela 65 milioi urte dinosauruak suntsitu zireneko arotik hona, biodibertsitatea beste inoiz baino larriago dabil. Arazoaren gune beroa oihan tropikaletan dago kokatuta: berez, 10 milioi espezie-edo bizi dira Lurrean, eta horietatiko % 50-90 oihan tropikaletan. Alabaina, berauetan urtean 17 milioi hektarea garbaltzen dira eta erritmo horrekin, zientzilarien ustez, espezie guztien % 20 suntsituta gerta daiteke hurrengo 30 urteotan.
Izurria gizakiak kaltegarritzat duen edozein bizidun izan daiteke. Izurrien kontrol biologikoa nekazaritza modernoarekin garatu da, horretarako biologiaren aurrerakadak ere garrantzi handia eduki duelarik. Esaten denez, kontrol biologikoaren lehen arrakasta Kalifornian gertatu zen 1888an, Rodolia cardinalis izeneko marigorringoak frutarbolen etsaia den Icerya purchasi kokzidoa murriztu zuenean. Harez gero mundu osoan burutu dira kontrol biologikorako proiektuak: 250 izurri baino gehiago kontrolatu dira 60 estatutan. Gainera, etsai naturalen inportazio bidezko kontrola arrakastatsu suertatu omen da % 54an. Izurri-sortarazle diren 5000 espezie intsektu baino gehiago erregistratu direla eta horietariko % 95a kontrolatu gabe dagoela aintzat hartuz, alor horretako adituek kontrol biologikoak etorkizun oparoa izango duela diote. Beraien esanetan, metodo “garbia” da, ez baitu ekosisteman efektu kaltegarririk sortzen, intsektizidek ez bezala. Hala ere, gauzak ez dira hain xinple, hurrengo lerroetan ikusiko denez.
Axolotea, luzeraz 30 cm-raino ailega daitekeen anfibio mexikar baten izen arrunta da ( Ambystoma mexicanum ). Axolotea anfibio urodeloa da, hau da, larba-aldian bezala isats luzea du bizitza osoan zehar, arrabio eta uhandreen antzera (gogoratu, apoa eta igela anfibio anuru direla). Haragi gozokoa ei da axolotea, jadanik azteka zaharrek mokau delikatutzat zutelarik. Mendebaldeko zientzilariek Hernán Cortésen (1485-1547) konkistaz gero ezagutu badute ere, axolotearen bizi-zikloa lanbro usu batek inguratu du eta animaliaren benetako estatusa misterios eta ulertezin mantendu da luzaroan. Alabaina, teoria ebolutiboaren ikuspegirik ausartenaren abiapuntu bilakatu da gaur egun.
Txitxiburduntzi eta sorginorratzen larbak eta helduak ingurune desberdinetan bizi dira, batzuk uretan eta besteak airean, horrela janari-iturri desberdinak ustiatuz, eta, beraz, hautespen-presio diferenteak jasaten dituztelarik. Animalia hauen bizi-zikloan zehar intsektu gehienen artean oso hedatuta dagoen estrategia biologikoa ikus daiteke: larba-aldiaren betebehar nagusia elikadura da, hau da, hazkundea azken batean, eta helduarena ugalketa eta sakabanaketa.
Intsektu hegadun guztiek aldaketa morfologiko sorta bat (= metamorfosia) jasaten dute heldutasunera iritsi aurretik. Txitxiburduntzi eta sorginorratzen kasuan hazkunde hori gradualki gertatzen da: metamorfosi ez-osoa dute, hau da, beren bizi-zikloan zehar arrautza, larba eta heldua agertzen dira, baina puparik ez. Heldua hegalari trebea delarik ere, odonatuen bizitzaren gehiena larba modura igarotzen da, eta berau uretan (erreka, laku, zingira edo urmaeletan).
Txitxiburduntzi eta sorginorratzak garrantzi handiko elementuak dira ur gezetako ekosistemetan. Izan ere, bizitza osoan zehar harrapakariak direnez, zeregin erregulatzaile galanta dute biotopo horietako ornogabeen populazioa gobernatzen, eta aldi berean harrapakin izanik, katea trofikoen goi-mailetako animalien elikagai ere badira. Hortaz, txitxiburduntzi eta sorginorratzak ekosistemaren osasunaren indikatzaile onak dira, beroriek egotea ur gezetako faunaren aberastasun-indizea delarik.
Bare-marraskiloak animalia baketsuak dira orokorki, eta pertsona profanoen ustetan aspergarri samarrak; bizimodu narraza daramatenak. Hala ere, besterik iruditu arren, arazo biologiko ugari planteatzen eta ebazten lagundu digute gainerako moluskuen antzera. Oraingo honetan, zorioneko pare horren kidetasunak eta disimilitudeak azaltzen saiatuko gara, ikuspegi ebolutibotik abiatuta: marraskiloa bare nola bihurtu den ikusiko dugu.