Udaberri honetan argitaratu da Espainiako gizartearen zientziari eta teknologiari buruzko ikuspegiaren 2022ko inkesta. Bi urtez behin argitaratzen du FECYT zientzia eta teknologiaren fundazioak, 2002tik, eta erabilgarria da euskal gizartearen ikuspegia gutxi gorabehera ezagutzeko, joerak antzekoak izango direlakoan erkidego guztietan (datuak ez daude bereizita), baita Iparraldean ere (ez dugu hango daturik).
Erantzunen eboluzioari erreparatuz gero, azken 20 urteotan, haziz joan da zientzia eta teknologiarekiko interesa, eta informatuta egotearen ustea. Informazio-iturri nagusia Internet da 2012tik, eta pixkanaka jaitsi egin da paperezko euskarrien lekua. Zientzialariei buruzko iritzia oso ona izan da beti, baina gero eta gutxiagok uste dute gazteentzat lanbide erakargarria dela, ospea duela eta ondo ordainduta dagoela.
Bestalde, denborarekin, gora egin du zientzia eta teknologiaren onurak arriskuak baino handiagoak direla uste dutenen ehunekoak. Era berean, ugaritu egin dira uste dutenak ezagutza zientifikoa dela arauen eta legeen oinarririk onena; baita herritarrek zientzia eta teknologiari buruzko erabakietan parte-hartze zuzena izan behar dutela iritzi diotenak ere, haiei zuzenean eragiten dietenean.
Hori horrela izanda, agerikoa da kultura zientifikoa funtsezkoa dela gizarte burujabea, arduratsua eta demokratikoa izateko. Eta, hain zuzen, horretan laguntzea da Elhuyar aldizkariaren xedea.
Asmo horrekin sortu ziren, beste egitasmo batzuen artean, CAF-Elhuyar sariak ere. Zenbaki honetan argitaratu ditugu dibulgazio-artikuluen eta norberaren tesian oinarritutako lanen kategorietako lan sarituak. Gaiek ez dute zerikusirik elkarren artean, baina bien egileak dira gazteak, eta biek lortzen dute ezagutzarekiko grina kutsatzea eta ezagutza zientifikoa zabaltzea. Bejondeiela!
Elhuyarrek garatutako teknologia