63 milioi pertsona bizi dira munduko uharte-estatu txikietan. Baina haien txikitasunak aditzera eman lezakeen baino garrantzi handiagoa dute. Itsas baliabideak ustiatzeko 50 eremu esklusibo handienen % 30 haien esku daude, eta biodibertsitate globalari egiten dioten ekarpena ere ez da txikia: uharte horietako asko biodibertsitatearen puntu beroak dira, animalia eta landareen erreserba aberatsenetako batzuk, eta, uharteak izaki, espezie endemiko askoren bizileku. Turismoarentzat ere oso leku erakargarriak dira; Karibeko uharteek bakarrik 21 milioi bisitari jasotzen dituzte urtean.
Hala azaltzen du Nazio Batuen Erakundeak 2014a Garapen Bidean Dauden Uharte Estatu Txikien Urtea izendatuz zabaldutako mezuan. Datorren ekainaren 5ean ospatuko den Ingurumenaren Mundu Eguna ere haiei eskaini die, eta, zehazki, uharte-estatu txiki horietako askoren mehatxu handietako bati: klima-aldaketaren ondoriozko itsas mailaren igoerari. Izan ere, uharte-estatu horietako hainbatek oso garaiera txikia dute --batzuek metro bat edo bi metro besterik ez--, eta itsas mailaren igoerak uharteak osorik desagertzea ekar lezake. Hori gertatu gabe ere, dagoeneko ari dira jasaten klima-aldaketaren ondorioak, esaterako, itsasoko ur gaziak kutsatu egin dituelako ur gezaren erreserbak eta nekazaritza-lurrak.
Klima-aldaketaren lehen lerroan dauden uharte txiki horietako batzuk ekarri ditugu zenbaki honetara. Itsas mailaren igoeraren ondorioz itotzeko arriskuan dauden uharte esanguratsuak dira, eta mundu osoko kostaldeetan gerta litekeenaren muturreko abisua. Munduko populazioaren % 40 kostatik 150 km-ra arteko eremuan bizi dela kontuan izanda, mehatxua ez da hutsala. Eta, hala ere, uharte txikiak klima-aldaketaren aurrean ez bezala, klima-aldaketa bera ez dago jada komunikabideon lehen lerroan, eta esango nuke apaldu egin dela harekiko interesa gizartean ere, aseta bageunde bezala. Antartikako glaziarren urtze geldiezinaz duela 15 egun Science aldizkarian argitaratutako bi ikerketek garbi erakusten dute, ordea, klima-aldaketa ez dagoela gure zain.