Itxarobideak

Zenbaki honetan, minbiziari eskutik helduta gatoz. Ezin ukatu maite ditugunei minbizia diagnostikatzen dietenean bihotza uzkurtzen zaigunik ­—alferrik litzateke ezkutatzea—, baina zientzialarien ikuspegia asko aldatzen ari da urteotan, eta horren lekuko izan nahi du aldizkariak. Arkaitz Carracedo ikertzaileak argi esan digu: minbizia ez da kanpotik datorkigun gaixotasun bat. Minbizia bizitzaren parte bat da, bereizezina eta gurekin betiko egongo dena. Mutazioak dira bizitzaren dibertsitatea bere edertasun osoan sortzearen erantzule, eta mutazioak dira minbizia garatzearen errudun. Txanpon beraren bi aldeak; bata gozoa, bestea mikatza. Baina mikaztasun horri koska egiten ari zaio zientzia. Arkaitz Carracedok erakutsi digu nola, itxaropenez betea.

Eta itxaropenari helduta ere, oxitozina dugu hizpide. Maitasunaren hormona deitua, itxaropenaren hormona bihurtzen ari da. Garunean dituen funtzioak argitzeko lan handia egin da azken hamar urteotan, eta sexuan eta ugalketan ez ezik, portaera sozialean ere zeresan handia duela argitu dute ikerketek. Hala, terapian balio lezake, portaera sozialean zailtasunak dituztenak tratatzeko. Eman nahi zaion erabilera bat bereziki interesgarria iruditu zaigu: autismoa dutenei laguntzea.

Azkenik, irudiz beterik, askorentzat misio espazialetan kuttunena dena ere ekarri dugu. 20 urtez, Saturnoko tximistak, ekaitz erraldoiak eta korronte exotikoak ikusi ditu. Ilargi berriak aurkitu, eta Saturnoko eraztunei buruzko hamaika bitxikeria kontatu dizkigu. Cassini zunda dugu aurten protagonista, eta egin duen ibilbide oparoaren ondoren, amaitu zaio erregaia. Irailaren 15ean desagertuko da. Baina bere burua handitzat duenaren antzera, ez du edonola egingo bere buruaz beste. Saturnoren zeruan murgilduko da, Saturnoren barrualdearen xehetasun guztiak kontatzen dizkigun bitartean. Kiskaltzean isilduko da.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila