Urte berriarekin bat, atal berri bati hasiera emango diogu Elhuyar aldizkarian. "Iraultza txikien lekukoak" izena jarri diogu, eta, hilez hil, lagun, ezagun eta ezezagun ditugun zientzialariak izango dira protagonistak. Zientzialariak, edo, hobeto esanda, zientzialari horien ustekabekoak eta itxaropenak. Hain zuzen ere, lekukotza emateko eskatuko diegu, eta kontatzeko lanean hasi zirenetik zerk txunditu dituen gehien, eta baita ere zer aurkikuntzaren lekuko izan nahiko luketen lan egiteari utzi aurretik.
Zientziak pausoka egiten baitu aurrera, aurrekoen jakintzaren gainean metatuz hurrengoena, gutxitan tokatuko zaio inori bere jakintza-arloa irauliko duen ezeren lekuko izatea bizitza profesionalean zehar. Halakorik ez da behar, ordea, mundu berriak irekitzeko zientziari eta teknologiari.
Era horretakoa da iraultza txikien lehen lekukoaren asmakizun kuttuna: tunel-efektuko mikroskopioa. Izan ere, hark ireki zituen nanoteknologiaren ateak, 1980ko hamarkadan, gure lekukoa doktore-tesia egiten hasi zen garaian. Gaur, CIC nanoGUNE ikerketa-zentroko zuzendaria da Txema Pitarke fisikaria, eta Elhuyarreko lehendakaria.
Haren atzetik etorriko dira zientziaren adarretan eta adaxketan ikertuz, munduari, unibertsoari eta guri geuri buruz dugun jakintza osatzeko lanean ari diren lekuko gehiago, jakintza hori teknologia bihurtzen dutenak ahaztu gabe. Guk osatu dugu dagoeneko lekukoen zerrenda bat, baina seguru zuk ere, irakurle, jakin nahiko duzula zerk asaldatu duen gehien bere ibilbidean zehar halako ikertzaile, edo zertan duen jarria itxaropena halakoak. Gonbidatuta zaude, beraz, iraultza txikien lekukoak proposatzera.
Galderak bi eta berak izango dira guztientzat; erantzunek, seguru, giza jakin-minaren mosaiko aberatsa eraikiko dute, guretzat, hilez hil.